AHTaren kontrako mendi martxa bat antolatu dute Altsasun iganderako

Stop AHT Zundaketak herri mugimenduak salatu du Espainiako Gobernua ez dela garden jokatzen ari abiadura handiko trenaren (AHT) konexioarekin lotuta. Nafarroatik datorren trenbidea euskal Y-arekin nondik lotuko duten erabakitzeko txostena prestatzen ari da Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioa, eta horretarako zundaketak egiten hasi dira. Azpiegitura horren kontrako plataformak jakinarazi duenez, Beasaingo eta Idiazabalgo (Gipuzkoa) zundaketak egin dituzte dagoeneko, baina Nafarroako Sakanan ere egiteko asmoa dutela ohartarazi dute. Plataformak baietsi duenez, jakin ahal izan dute Altsasun egin nahi dituztela hiru zundaketa, eta, beraz, susmoa dute Aralar eta Aizkorri mendilerroen arteko korridorearen aldeko hautua egingo dutela.

Taldeak erakunde publikoen jokaera kritikatu du: batetik, Espainiako Gobernuarena, herritarrei ez dielako informazio argirik eman, eta, bestetik, Altsasuko Udalarena, zundaketak egiteko baimena eman duelako.

Informazio falta hori bete nahian, mendi martxa bat antolatu dute iganderako. Altsasuko Foruen plazatik abiatuko dira, 10:00etan. Ibilbidean zehar «inguruaren balioa eta AHTak eragingo lituzkeen kalteak» azalduko dituzte. Horrekin batera, esplikatuko dute «zundaketak egiteko baimena non eskatu duten». Azkenik 13:00etan Altsasuko udaletxera joango dira, eta han kalejira bat egingo dute «zundaketen eta AHTaren aurka eta lurraren alde».