Mahairik handiena hartu dute, eta gainean jarri dituzte koadernoak. «Beti gauza bera gertatzen zait: ez dut orain arte ikasitakoa berrikusteko denborarik izan!». Raquel Sanchezek askaria eskatu bitartean erran ditu hitzok. Mahai gainean jarri du boligrafoa, saioa hasteko prest. Madrildarra da, eta Iruñeko Amona kafetegiak antolatutako ikastaroen bidez egin du euskara ikasten hasteko urratsa, mahai baten bueltan askaldu bitartean. «Hutsetik hasi naiz», nabarmendu du. Hiru hilabetez egindako saioek, baina, eman dute fruiturik, eta hasi da euskarazko lehen hitzak erraten. «Iruñean bizi naiz, eta euskara entzuten dut inguruan. Oinarrizkoena ikasi nahi dut, gutxienez».
Amona etxeko kartan dagoen guztia da beganoek hartzeko modukoa; proiektuak bi kafetegi ditu Iruñean, bat Iturrama auzoan, eta bertzea Zabalgunean. Sanchez beganoa da, hain zuzen, Arturo Serra bere laguna bezala. Kafetegiko eskaintzak erakarri zituen biak Tafalla karrikako egoitzara, eta kafea hartu bitartean izan zuten euskaraz ikasteko saioen berri. Izena ematea erabaki zuten. Albaitariak dira biak; Serra ere Madrildik etorri da Iruñera, lanera, eta kontent da euskara ezagutzeko urratsa egin izanaz: «Ez nuen eguneroko ikastaro trinko horietako bat egin nahi, baina banuen hemengo hizkuntzaren ingurukoak jakiteko interesa; Amonako saioak nahi nuenaren neurrikoak dira».
Teresa Martelle eta Irene Ardanaz, Amona kafetegian. IÑIGO URIZ / FOKU
Sanchez eta Serra Nilo txakurrarekin agertu dira Tafalla karrikako Amonan. Oihana Garcia zain dute. Kafetegiko langilea da, eta euskararen erabilera sustatzeko saioen arduraduna. Askaria mahai gainean jarri du, eta Nilo bestela bezala hurbildu da, bizkotxo edo tostada puskaren bat lurrera eroriz gero, airean harrapatzeko prest. Teresa Martell eta Irene Ardanaz mahai beraren bueltan eseri dira, haiek osatzen baitute taldea.
«Ongi pasatzea»
«Mailaren arabera, hiru talde osatu ditugu. Helburua da askaria ematearekin batera euskaraz hitz egiten hasteko baliabideak eskaintzea; kafe bat euskaraz nola eskatu edo ogia nola erosi irakasten diegu, euskara erabiltzen has daitezen. Hizkuntza ezagutzeko interesa piztu nahi dugu, eta herritarrak erabiltzera animatu», azaldu du Garciak. Garbi erran du Amonak antolatu duena ez dela eskola bat: «Hemen ez dago arbelik; dena egiten dugu ahoz, erabilera sustatzeko. Ongi pasatzea da kontua».
Parte hartzaileek berretsi dute «gustura» aritzen direla, euskara «zaila» izan arren. Serra eta Sanchez hutsetik hasi dira Amonan, baina Martell eta Ardanaz aurretik ere aritu izan dira euskara ikasten. «Iruñeko Eskolapioen ikastetxean hautazkoa genuen euskara, eta hainbat urtez aritu nintzen, txikitan. Uler dezaket, baina hitz egitea anitz kostatzen zait», kontatu du Ardanazek.
Martellen esperientzia bertzelakoa izan da. Bartzelonan jaioa da, baina Gironatik etorri da Iruñera, erretiroa hartu eta gero. Iazko apirilean ailegatu zen, eta berehala hasi zen euskara ikasten. «Abuztu osoa eman nuen euskaltegian». Orain, Amonako saioak baliatzen ditu trebatzen jarraitzeko, eta kafetegitik kanpo ere egiten ditu euskaraz aritzeko urratsak: «Laban euskaraz eskatzen dut kafea», kontatu du, pozik. Liburuak, musika eta telebista ere erabiltzen ohi ditu «belarria trebatzeko».
Amona kafetegian fruten izenak ikasteko erabiltzen dituzten fitxak. IÑIGO URIZ / FOKU
Ez da bakarra. Serrak eta Sanchezek Izaroren abestiak baliatu izan dituzte euskararen unibertsoan murgiltzeko: «Anitz gustatzen zaigu; ahots ederra du», erran du Sanchezek. Ardanazek, berriz, mutil lagunaren babesa du. Iruindarra da Ardanaz, eta Jaurrietakoa du mutil laguna. «Euskalduna da; harremana hasi genuenean garbi ikusi nuen nire euskara freskatu beharko nuela!». Ardanazek «ahaztua» izan du euskara eskola garaitik orain arte. «Zuzenbide ikasketak egin nituen, eta lanerako ez dut inoiz euskara behar izan». Orain, iruindarra etorkizunera begira jarri da, eta garbi du seme-alabak edukiz gero euskaraz ikasiko dutela. «Nik ere jakin beharko dut, etxean laguntzeko».
Fruten izenak
Amonako ordubeteko azken saioan erosketen inguruan aritu dira Sanchez, Serra, Martell eta Ardanaz Garciarekin. Fruten izenak ikasi dituzte, eta zenbakien ingurukoak freskatu dituzte, gainera. «Zenbat da?», galdetu du Serrak, platanoak, gereziak eta azukrea erosi eta gero. Garciak 10,5 euro kobratu dizkio, eta gaizki eman gainerakoak. Serra, baina, berehala ohartu da, zenbakiak ongi ikasi dituen seinale.
Serrak, Sanchezek, Martellek eta Ardanazek osatutako laukotearena eguneko lehen saioa izan da; haiena bukatuta, euskaraz ikasten hasi berri diren bertze herritar batzuek osatutako taldeak hartu du kafetegiko mahairik handiena. Ez da azkena izanen, haien ondotik euskara erabiltzeko elkartzen direnen hirugarren taldearen txanda izanen baita. «Liburuez, filmez eta abarrez hitz egiten dugu. Euskaraz aritzea da kontua», berretsi du Garciak. Trebatzea, askaldu bitartean.
