Ivan Benitezek salatu du administrazioa ez dela gai kale gorrian bizi direnak artatzeko

Ivan Benitezek salatu du administrazioa ez dela gai kale gorrian bizi direnak artatzeko

«Sar dadila ikastetxe guztietan». Horixe lortu nahi du Ivan Benitez kazetariak (Bilbo, 1972) La ciudad de los ángeles, Vivir en el subsuelo de la capital del bienestar bere azken liburuarekin (Aingeruen hiria. Ongizatearen hiriburuaren lur azpian bizitzea). Eunate etxeak kaleratu berri du, sistemak bazterrera kondenatutakoen egunerokoa argitan jartzeko asmoz. «Bertzea seinalatzeko eta etsai bilakatzeko gorroto mezuen garaiotan», Benitezek balioa eman nahi die enpatiari eta itxaropenari, eta haurrak eta nerabeak deitu bertze horiek ezagutzera. Hitza eman die kale gorrian bizi diren gazte migratzaileei, Iruñean bazter gelditu direnen azken hemezortzi urteotako kronika osatzeko.

Benitezek su txikian idatzitako kazetaritzaren alde egin du beti, eta halakoa da La ciudad de los ángeles haren azken lana ere: mimo handiz eta denborarekin ondutako kontakizun bat. Benitezek elkarrizketatuekin lantzen eta lortzen duen konfiantzazko giroa jo du kazetaritzarako tresna nagusitzat. Giro hori lortzeko, hain zuzen, Iruñeko Elkarri Laguntza elkarteko boluntarioen babesa izan du Benitezek, azken urteotan.

Elkarri Laguntza elkarteko Mari Jose Gastearena eta Amine gazte migratzailea, iazko maiatzean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Elkarri Laguntzako kideen eskutik, Benitezek Iruñe ikusezin eta ezezagun bat aurkitu du hiriaren barruan. «Gazteak eta familiak badira Iruñean kale gorrian. Ustez ongizatearen Europako hiriburuan bizi gara, eta administrazioa ez da gai lagunok behar bezala artatzeko; administrazioa ez da gai hirurehun gazteri eta dozena bat familiari aterpe emateko. Ez Iruñeko Udala, ezta Nafarroako Gobernua ere. Benetako krisi humanitario bat ari da gertatzen, eta esku hartzen ez badute, okerrera eginen du».

Krisiaren ondorioak

Hipotekek kalte egindakoen plataforma dago Elkarri Laguntza erakundearen oinarrian; errealitateak eraman ditu beren lan esparrua moldatzera, eta ahalegin guztiak behar handiena dagoen arlora zuzentzera: kale gorrian bizi diren gazteena. 2008ko krisiaren eztandak, halere, zulo sakona eragin zuen herrialdean, eta haren ondoko murrizketen eragina nabaria da, oraindik ere, gaur egungo politika publikoetan. Benitezek oroitu du Nafarroako eraikuntzaren arloko lanpostuen erdiak galdu zirela duela ia hogei urteko krisia lehertu zenean. «Espainian 600.000 etxegabetze izan ziren 2008tik 2019ra, eta hilean 30 lagunek egin zuten beren buruaz bertze krisiaren lehendabiziko urteetan», erantsi du.

Egun, lanpostu bat izateak ere ez du bermatzen herritarrek etxebizitza bat izateko duten eskubidea. «Edonor gera daiteke kale gorrian; sistemak edonor utz dezake bazter», azpimarratu du Benitezek.

Eraikin abandonatuak bilakatu dira kale gorrian bizi diren anitzen aterpe; Iruñeko Udalak, hain zuzen, Arantzadiko agustindarren komentu zaharrean bizi ziren 140 gazte migratzaileak handik kaleratu zituen apirilean. Etxebizitza bat edukitzeak ere ez du bermatzen gutxieneko baldintzak izatea: «Gela bakar batean bizi diren familia anitz badira; izugarria da».

Eunate argitaletxeko Maria Oset, Ivan Benitez kazetaria, Amine gazte migratzailea —kaletik ateratzea lortu du— eta Elkarri Laguntza elkarteko Mari Jose Gastearena, liburuaren aurkezpenean. NAFARROAKO HITZA

Kaletik gela batera joatea, baina, urrats handia da bazterrean bizi direnentzat. Lehen urratsa da, bazterraren bazterretik ateratzen hasteko, eta sistemaren gurpilean sartzeko. Benitezek ezagutu dituen gazte migratzaile anitzek lortu dute pauso hori ematea. Ez dute bakarrik egin: Elkarri Laguntza elkarteko eta bertze hainbat taldetako boluntarioak izan dituzte bidean lagun. Kale gorria atzean utzi duten gazte horietako batzuk Benitezen ondoan izan dira kazetariaren liburuaren aurkezpenean, eta nabarmendu dute lan egin eta aurrera egin bertzerik ez dutela nahi.

Denek ez dute lortu. Kale gorriak betirako harrapatu ditu Jacek, Chus, Mikel eta Angel. Benitezek haiei eskaini die bere azken liburua: «Karrikan hil ziren, inolako aterpetik gabe, nekeak eta hotzak jota. Abandonatuta. Inork ez zituen ikusi; inork ez zituen ikusi nahi izan. Eta lurrean ere ez da haien bizitza oroituko duen ezein plakaren arrastorik».

Benitezek ikusi zituen, eta omendu nahi izan ditu. Karrikan jarraitzen dutenak eta salerosketaren biktima diren emakumeak ere bai. Sistemak bazterrera kondenatu dituen guztiak.