«Eredu bat izango dute musika eskoletan dauden neskatoek»

«Eredu bat izango dute musika eskoletan dauden neskatoek»

Farmazialaria eta nutrizionista da; arteak eta letrak oso gustuko ditu; txikitan, besteak beste, atletismoa, antzerkia eta eskulanak egin zituen… Dena den, Ainhoa Gonzalezek (Iruñea, 1997) txikitatik arnasa gorde du txistua jotzeko. Iruñerriko hainbat taldetan jotzen du txistua, eta apiriletik Iruñeko Udal Txistulari Bandako kidea da. Gonzalez talde horretara batzea ez da oharkabean pasatu; izan ere, 1942an sortu zenetik Iruñeko Udal Txistulari Bandan jotzen duen lehen emakumea da. Bandako txistularia izandako Mintxo Garaikoetxea jubilatu ostean, Aitor Uharte txistulariarekin batera batu da bandara Gonzalez, eta azpimarratu du «gogo handiz eta lanerako prest» iritsi direla.

Iruñeko Udal Txistulari Bandan jotzen duen lehen emakumea zara. Berezia da zuretzat?

Bai. Oso pozik nago, eta harro maila pertsonaletik harago emandako aurrerapausoaz; izan ere, uste dut bandaren, gizartearen, hiriaren eta txistua jotzen dugun emakume guztion aurrerapausoa dela. Ardura ere sentitzen dut. Hala ere, ilusioa egiten dit pentsatzeak hemendik aurrera emakume bat egongo dela udaleko bandan, eta eredu bat izango dutela musika eskoletan dauden neskatoek edo txistu ikasleek.

Bandara batzea proposatu zizutenean, bazenekien batzekotan bandan inoiz izandako lehen emakumea izango zinela?

Bai. Poza sentitu nuen garai hori iritsi zelako eta ni izango nintzelako lehen emakumea. 

1942an sortu zen banda. Zergatik uste duzu orain arte ez dela emakumerik egon?

Alde batetik, orain arte bandak lau postu bakarrik izan ditu, eta tokiak mugatuak izan dira. Bandaren osaketa tradizionala hau izan da: lehenengo txistua, bigarren txistua, silbotea eta atabala. Hemendik aurrera, bost izango gara. Beste aldetik, banda beti egon da lotuta txistulari tradizio handia duten familiekin, eta oso gertukoa zen jendea aukeratzen zuten. Izan ere, duela urte batzuk arte orain bandan daudenen gurasoak ibili ziren jotzen. Dena den, batu garen azken kideak ez gara txistulari tradizio handia duten familia horietakoak.

«Uste dut bandaren, gizartearen, hiriaren eta txistua jotzen dugun emakume guztion aurrerapausoa dela»

Apiriletik daramazu bandako kide izaten. Nolakoa izan da hasiera?

Oso ona. Oraingoz, igandero egiten ditugun dianetan jo dut txistua gehienbat, eta dianak asko gustatu zaizkit. 09:00etan jotzen ditugu Iruñeko hainbat auzotan, eta kaleak oso lasai egoten dira, zaratarik gabe. Halakoetan txistua jotzea kristoren gozamena da. Primeran entzuten da, jendea balkoira irteten da… Bestelako giro bat da.

Sanferminak hurbil dira. Sanferminetako emanaldiak izaten dira berezienetakoak?

Bai. Gogoz hartuko ditugu. Izan ere, sanferminetako lehendabiziko emanaldia txupinazoan jotzea da. Hor parte hartzen dugu Pamplonesak, Iruñeko Udal Txistulari Bandak eta Nafarroa eta Euskal Herri osotik etortzen diren beste hainbat txistularik. Nik 16 urte nituenetik daramat txupinazoan jotzen, baina aurten lehenengoz izango da betebeharra niretzat. Momentu oso polita da. Hala ere, txupinazoan ez ezik, goizean kalejiretan joko dugu, eta arratsaldean, Gazteluko plazan egiten diren dantzaldietan, besteak beste.

Musika zure zaletasunik handiena dela esan izan duzu. Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna?

Nik uste dut etxetik datorkidala. Etxean musika mota ugari entzun ditugu. Musika folklorikoari dagokionez, etxean jarri dizkigute, besteak beste, Oskorri, Pantxoa eta Peio, Ruper Ordorika eta Kepa Junkera. Horrez gain, aitak Latinoamerikako musika dezente jarri digu txikitatik, amak ere beste hainbat estilotako musika jarri du… Etxean musika klasikoaren bilduma handia ere badugu. 

Txistuaz gain, hainbat instrumentu jotzen dituzu. Dena den, bereziena zuretzat txistua da?

Bai. Pianoarekin ere moldatzen naiz eta oso gustuko dut, gazteagoa nintzenean trikiti eskolak ere jaso nituen… baina, zalantzarik gabe, niretzat egokiena txistua da. 

«Etxean jarri dizkigute, besteak beste, Oskorri, Pantxoa eta Peio, Ruper Ordorika eta Kepa Junkera»

Zu txistu ikaslea izan zara, baina baita txistu irakaslea ere.

Hori da. Bizpahiru urtez izan nintzen irakasle. Eskolak eman nituen Urrozko musika eskolan eta San Fermin ikastolan. Asko gustatzen zitzaidan, eta oso ongi pasatzen nuen. 

Dena den, txistularia izateaz gain farmazialaria eta nutrizionista ere bazara, eta arteak eta letrak ere gustuko dituzu. Hainbat alorrengatik duzu interesa.

Bai. Beti izan dut zientzietarako gaitasuna, baita letretarakoa ere. Letrak asko gustatzen zaizkit. Txikitan bereziki, asko gustatzen zitzaidan irakurtzea, eta primeran idazten nuen. Artearen historia ere gustuko dut, baita historia ere, orokorrean.

Zeintzuk dira Iruñeko Udal Txistulari Bandak dituen hurrengo emanaldiak?

Dianak egingo ditugu igandero ekainaren 30era arte, eta ekainaren 15ean dantzaldiekin hasiko gara. Ekitaldi horiez gain, aurten Iruñeko Udalak musikal bat prestatu du [Sanferminetako ipuina deitzen da, eta ostiralean estreinatu dute Iruñeko Gaiarre antzokian], eta bertan parte hartuko dugu Iruñeko Gaiteroekin, Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin, Iruñeko Peñen Federazioarekin, Pamplonesarekin eta Duguna dantza taldearekin batera. Musikal horretan, sei emanalditan parte hartuko dugu.