Juan Cruz Allik defendatu du euskarak ofizial izan behar lukeela «Nafarroa osoan»

Juan Cruz Allik defendatu du euskarak ofizial izan behar lukeela «Nafarroa osoan»

Politikari zeneko malgutasun intelektuala erakutsi du gaur Juan Cruz Allik, 1991tik 1995era Nafarroako Gobernuko lehendakari izandakoak. Euskararen inguruan azaldutako irekitasunaren ondorioz hautsi zuen UPNrekin 1995ean, eta hiru hamarkada geroago, begi onez ikusten du zonifikazioarekin amaitzea. Foru Hobekuntzaren lantaldean proposatu du euskarak hizkuntza ofiziala izan behar lukeela «Nafarroa osoan». «Gizartean normala dena egin dezagun normal guk ere. [Euskararen] Legeak zonaldeez hitz egiten badu ere, euskararen gaurko errealitateak eremu horiek gainditu ditu».

Alliren ustez, baina, euskara eta gaztelera hizkuntza ofizialak dira, eta, bere ustez, «pertsona orok ditu bi hizkuntzak ezagutzeko, erabiltzeko eta ikasteko eskubidea, bai eta bi hizkuntzetan ikasketak jasotzekoa ere, eta ezin da inor baztertu horien erabileragatik».1982ko Foru Hobekuntzak jaso zuen zonifikazioaren ideia lehen aldiz eta 1986ko legeak garatu zuen. Alta, Alliren ustez, errealitate soziolinguistikoa aldatu egin da. «Dinamika sozialak gainditu du legea. Ez da horregatik harritu edo etsitu behar. Gizartea aurrera doala adierazten du». 

Nafarroako herria

Foru Hobekuntzari buruzko lantaldean parte hartu du, eta bertan defenditu du egungo autogobernua sendotu egin behar dela. «Gizarte demokratiko batean ahalik eta gehien autogobernatzea izan behar da helburua». Zuzenbideko aditu gisa Nafarroako lege nagusian «hutsune handi bat» dagoela deritzo: Nafarroako herria. «Foru Hobekuntzaren testu berriaren protagonistak Nafarroako herria izan behar du».

1982an Foru Hobekuntza alderdi abertzaleen bizkar negoziatu zen, eta azken emaitza ez zen erreferendum bidez berretsi. UPNren bigarren belaunaldiko politikari izandako batek, nolabait, herritarren parte hartze horren garrantzia azpimarratu izanak badu garrantzia. Alliren ustez, begien bistakoa da «Nafarroako gizartea ordutik hona nabarmen» aldatu dela, eta aldaketari begira ez dio atea itxi galdeketa orokorra egiteari. «Herritarrak protagonista izan daitezen bi bide daude: ordezkarien bitartez edo demokrazia parte hartzailearen bidez».   

Testuaren aldaketa sakon bat ere egin behar dela iradoki du. Bere irudiko, konstituzionalismoaren mundua zurruna bada ere, adituek barneratuta dute konstituzioak «gizartearen zerbitzura» egon behar direla eta ez alderantziz. «Ez dira jainkoaren agindu bat». 

Horretara premiatu ditu parlamentariak, legealdia ixteko hamar hilabete falta baitira. «Korrika asko egin beharko duzue. Ez bazarete azkar ibiltzen, hurrengo urterako geratuko da eta beste lantalde bat osatuko da. Uneotan oso garrantzitsua den auziari heldu gabe jarraituko dugu».

Lantaldea 2023ko azaroan sortu zen, eta ordutik 58 aditu iragan dira. Ondorengo hiru saioetan Miguel Sanz eta Uxue Barkos lehendakari ohiak iragango dira, eta Maria Txibitek emango dio itxiera lantaldeari. 

Laugarren Xedapena

Ez dio iskin egin azken hamarkadatan Nafarroako politika ardaztu duen gaietako bati: Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak bat egiteko aukera. Trantsizioan auzia pil-pilean zegoen, eta Espainiako Konstituzioak laugarren xedapen iragankorrean jasotzea onetsi zuen UCDk. Alliren arabera, «arazo politiko bat konpondu zuen, legeak bitartekoak baitira eta ez berezko helburuak». Alliren arabera, eduki hura Foru Hobekuntzak jaso zuen. «Parlamentuak erabaki bat hartzen badu eta nahikoa babes badu prozedura bat abiatu behar da, baina hura ez dago arautua», ohartarazi du.

Allik gogora ekarri du gauzak aldatu egin daitezkeela, eta xedapena aktibatzeko gehiengoak alda daitezkeela. «1793an Frantziako konstituziogileek esan ohi zuten bezala, belaunaldi bat ez dago behartuta jarraitzera aurrekoen bidetik». 

Geroa BAik eskumenei buruzko mozioa proposatu du

Foru Hobekuntzan aitortutako eskumen guztiak ez ditu bere gain hartu oraindik Nafarroako Gobernuak. Horri begira, Geroa Baik mozio bat aurkeztu du Nafarroako Gobernuari eskatzeko txosten bat egin dezala falta diren eskumenei buruz. Datorren asteko osoko bilkuran eztabaidatuko dira. Blanca Regulez koalizioko parlamentariaren esanetan, Nafarroako Gobernua eta Espainiakoa hainbat eskumen negoziatzen ari dira —Ikerketa eta Garapena, bekak, lan ikuskaritza eta gizarte segurantza—. Regulezen arabera, negoziazioak oso motel doaz. «Eskumen horiek hartzea ezinbestekoa da gure erabaki ahalmena sendotzeko».