Mendiz mendi eta eskuz esku

Mendiz mendi eta eskuz esku

Berako ostatu batean hartu dute aterpe ibilaldiko bigarren etaparen amaieran. Dutxa hartu eta gero, mahai baten bueltan eseri dira, ostatuko terrazan. Eguzkia lagun izan dute Irundik abiatu direnetik, eta izerditan amaitu dute eguneko bidea, Alma Sierrak keinuz azaldu duenez. Asorna gorren Nafarroako elkarteko kidea da, eta, talde bereko bertze hainbat lagunekin batera, Pirinioetan zeharreko ibilaldia egiten ari da, keinu hizkuntzaren alde: igandean abiatu ziren, Hondarribitik (Gipuzkoa), eta etzi ailegatuko dira Izabako helmugara. Salatu dute gorren hizkuntza eskubideak etengabe urratzen dituztela, eta, hitzez harago, ekiteko eskatu diote administrazioari.

Asornako kideek 157 kilometroko bidea eginen dute denera. Haiekin batera, Ayuda In elkartekoak ere parte hartzen ari dira. Azken talde horretako kide dira Txema Gracia eta Javier Navarro; azaroan hasi ziren mendi martxa antolatzen, eta furgonetaz ari dira bidea egiten, oinez doazenak laguntzeko. Javier Cabanas haien taldekidea, gainera, ibilaldiari buruzko film labur bat prestatzen ari da. Zortzi eguneko mendi martxaren memoria jaso nahi dute, keinu hizkuntzaren aldeko tresna bilakatzeko.

Asornakoen ibilaldiaren hasiera, Hondarribiko Higerreko itsasargian. Zesta-punta taldeko kideek arkua egin zieten. Irudian, saltoka, Sofia de Esteban. JON URBE / FOKU

Asornako kideak duela 50 urte hasi ziren keinu hizkuntza irakasten. «Ematen du deus ez dela aldatu; talde bat, eta bertze bat, eta bertze bat pasatzen dira gure elkartetik, eta denak berdin segitzen du», erran du Sofia de Estebanek. Asornako irakaslea da, eta salatu du haur gor anitzi ukatu egiten dietela keinu hizkuntza ezagutzeko eta ikasteko aukera. «Gure hizkuntza da; komunikatzeko balio digu, baina hori baino anitzez ere gehiago ere bada: kultura bat eta komunitate bat islatzen ditu».

Sierrak bere esperientziaren berri eman du De Estebanen hitzak berresteko; izan ere, 18 urterekin hasi zen keinu hizkuntza ikasten, eta orduan konturatu zen ordura arte «galdutakoaz»: «Gorra naiz jaiotzetik, eta amaren helburua beti izan zen ni ahoz komunikatu ahal izatea. Hamaika logopedia saio eta ahalegin handi bat behar izan nituen hori lortzeko. Hitz egiteko ahala badut, baina ez erraten didaten guztia ulertzekoa. Hitz eta eduki anitz galtzen nituela ohartzen nintzen. Elkartearekin bat egin eta gero, keinu hizkuntzak mundu oso bat eman dit; orain nahi dudana erran dezaket, eta erraten didaten guztia ulertu. Hau da nire hizkuntza».

Gaur, Hiriberrira

Asornako kideak maiatzaren 31n abiatu ziren Hondarribiko Higerreko itsasargitik; Asornako presidente Javier Sarasak, Hondarribiko Udaleko Kultura zinegotzi Guadalupe Queirugak, Josema Casimiro mendizaleak eta Hormabiko zesta punta taldeko kideek agurtu zituzten. «Ekitaldi polita eta hunkigarria izan zen», nabarmendu dute Asornako kideek. Hondarribitik Irunera (Gipuzkoa) abiatu ziren maiatzaren 31n, eta ekainaren 1ean, berriz, Irundik Berara. Gaur Auritz eta Hiriberri arteko bidea eginen dute; bihar Hiriberritik Otsagabira ailegatuko dira, eta, igandean, azkenik, Otsagabitik Izabara. Helmugan besta eginen dute.

Asornako kide Alma Sierra eta Ruben Alfaro, bidean, hizketan. JAVIER CABANAS

De Esteban eta Sierra bezala, Asornako kide Carlos Larrea eta Ruben Alfaro ere gorrak dira. Haien bidelagun Jesus Mari Esparza, berriz, ez. «Egunero ari da bideoei begiratzen, hau eta bertzea keinu hizkuntzaz nola erraten den ikasteko. Harrituta utzi nau!», erran du Alfarok, Esparzaren ahaleginari buruz. Taldeak tarteka baino ez du izan interprete baten laguntza, eta, ondorioz, bidea egin bitartean, agerian gelditu da gorrek hamaika zailtasun dituztela beren egunerokoan. Desgaitasuna dutenen eskubideen konbentzioak, hain zuzen, jasota dauka  irisgarritasun unibertsalerako eskubidea, baina nekez betetzen da, eta ezin da ahaztu irisgarritasuna bermatzeko gainditu beharreko oztopoak ez direla bakarrik fisikoak.

15.900

 

Zenbatek duten entzumen desgaitasuna Nafarroan. Nafarroan 6 urte baino gehiagoko 15.900 lagunek dute entzumen desgaitasuna, Nafarroako Gobernuaren datuen arabera. Haietatik 5.700 inguruk desgaitasuna onartua dute, maila batean edo bertzean.

Interpreteak behar dira. Hori da gako nagusietako bat, Asornako kideek azpimarratu dutenez. Interprete gehiago izatea, baina, ez da nahikoa. Eskolan egin beharreko lana «hagitz garrantzitsua» dela gaineratu dute De Estebanek eta Sierrak. Batetik, esan dute keinu hizkuntzak eskola guztietan egon beharko lukeela, haur guztiek ikas dezaten. «Hala balitz, desgaitasuna duten haurrak natural murgilduko lirateke eskolako espazioan», erran du De Estebanek. Bertzalde, erantsi du «erreparoak» daudela haur gorrei keinu hizkuntza irakasteko: «Ahozkotasuna lehenesten da. Ez nago ahozkotasuna sustatzearen kontra, baina garbi dut modu berean bultzatu beharko litzatekeela keinu hizkuntza. Bi hizkuntza ikasteko aukera izatea gauza ona da, baina ahozkotasuna bultzatuta, keinu hizkuntza bazter uzten ari gara. Haurrari hizkuntza hori ikasteko aukera ukatzen ari zaio».

Inguruaren presioa

Hizkuntza ondasun bat dela, eta ez duela deus kentzen; alderantziz, tresnak ematen dizkiola gorrari. Horixe nabarmendu dute Asornako kideek keinu hizkuntzari buruz, eta horregatik, hain zuzen, «serio» har dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari. De Estebanek zehaztu du Asornak antolatzen dituen keinu hizkuntzako ikastaroek ez dutela diru laguntzarik jasotzen, eta, ondorioz, ikasi nahi duenak ordaindu egin behar du.

Asornako kideak Pirinioetan zeharreko ibilaldiko bigarren etapan, Berara bidean. UTZITAKOA

Eskolan, ahozkotasuna lehenestea ez da arazo bakarra: Asornako kideek azaldu dute sistemak, gainera, gorrentzako laguntza teknikoak sustatzen dituela batez ere, eta geletan interpreteak egoteko aukera kontuan hartzen duten «azkena» dela. «Gorron memoria, baina, bisuala da, eta haur bati keinu hizkuntza eta interprete bat izateko aukera ukatzen zaionean, haren hizkuntza eskubideak urratzen dira. Medikuek, familiak, giroak, denak egiten du presioa ahozkotasunaren alde. Gorrok hizkuntza propio bat dugu, ordea, eta erabiltzeko eskubidea».

Eskubide hori bertze alor anitzetan urratzen dela gaineratu dute Asornako kideek; bertzeak bertze, osasunaren esparruan. «Gure esku gelditzen da interprete bat lotzeko ardura. Osasunbideak gutun bat bidaltzen duenean, beti ageri da ordu eta egun horretan joaterik ez badugu telefonoz abisatu behar dugula. Zergatik ez dute jartzen irisgarritasuna bermatzeko baliabideren bat behar badugu eska dezakegula?», galdetu du De Estebanek. Ados dago Sierra. Medikuarengana senide batekin joan behar izaten duela azaldu du, baina hori ez dela aukerarik egokiena: «Zergatik azaldu behar dizkiot senide bati bakarrik medikuarekin hitz egin nahi ditudan kontuak?».

Medikuntzaren esparruan «ezjakintasun handia» erakutsi duten profesionalak aurkitu izan dituela salatu du Sierrak: «Gor-mutu erran izan didate; gorrak, baina, ez dira mutuak. Ahotsa badugu». Gisa horretako egoerek amorrua eragiten diote Sierrari; jendeak gorrei «penaz» begiratzeak ere bai. «Baina pena niri ematen dit ikusteak nire erruki direla gorra naizelako».

Etziko egitaraua, izaban

08:00. Autobusa Iruñetik Izabara.
10:30. Bisita gidatua Izabako hainbat txokotara; tartean, eliza eta museo etnografikoa.
11:00. Ipuin kontalaria eta keinu hizkuntza ikasteko tailerra
12:30. Ibilaldia egiten ari direnei ongietorria Idoiako baselizan.
13:30. Ekitaldi nagusia, frontoiaren ondoan.
14:00. Bazkaria, frontoian. Tinin magoa ariko da bukaeran.