XII. mendeko Gergetiaingo Petrus harginak egindako lanari tiraka, Itzagaondoko bailarako errealitatean murgildu da Helena Bengoetxea zinemagilea. Nafarroako beste landa eremu asko bezala, despopulazio arriskuan dago Itzagaondoa. 2025ean 153 biztanle zituen, eta bailara osatzen duten herrien erdiak baino gehiago hutsik daude. Alabaina, bada eskualde hori bizirik mantentzeko borrokan ari den jendea, eta Bengoetxeak erresistentzia ariketa horiek jaso ditu Petrus dokumentalean. «Proiektuarekin hasi baino lehen, guztiz ezezaguna egiten zitzaidan eremua. Uste dut askotan aurreiritzi batzuekin begiratzen diegula herriei, eta ez dugula kontuan hartzen zer afera dituzten», esan du Iruñean egindako aurkezpenean.
Dokumentala Haruru ekoiztetxearekin sortu du, eta Iruñeko Golem Yamaguchi zineman dago ikusgai. Bengoetxeak Ruben Marcillarekin sortu zuen ekoiztetxea, eta hari esker ezagutu du Petrus. Dokumentalean jasotzen duen bezala, harginak zenbait elizatan utzi zuen bere sinadura. Besteak beste, Gergetiaingo San Martin elizan. Garai hartan, aparteko gauza bat zen, ez baitzen egiletza agertzen. Hortik abiatuta, Simeon Hidalgo Petrus museoaren bultzatzailearen, Joseba Lekuona hargin eta artistaren eta Elsa Plano Itzagaondoko alkatearen lekukotzak jaso ditu.
Helena Bengoetxearen ‘Petrus’ dokumentaleko irudi bat. ‘PETRUS’
Bengoetxeak nabarmendu du despopulazio arriskuan dauden eremuetan Hidalgoren gisako pertsonen egitasmoa «oso garrantzitsua» dela herriak bizirik mantentzeko. Museoa sortzen ez ezik, elizak biziberritzen aritu da. Dokumentalaren bitartez museoa ikusteko aukera dago. Bertan, Lekuonak egindako Petrusen kapitelen kopiak daude. Pandemiaren ostean hasi zen lan horiek egiten. «Museoa denbora luzez itxita egon ostean, Joseba kopiak egiten hasi zen museoa berraktibatzeko asmoz. Prozesu hori aprobetxatu nuen, Petrus nor zen kontatzeko eta artearen kontzeptuaz, Josebak harriarekin duen harremanaz eta paisaiaz mintzatzeko», kontatu du Bengoetxeak.
Hasieran bildutako informazioarekin film labur bat sortu zuen, baina asmoa dokumentala egitea izan da hasieratik. Film laburraren aurkezpenaren egunean, Itzagaondoko alkatea ezagutu zuen. Planoren lekukotzari esker, eskualdearen testuingurua gehiago ulertzeko aukera izan du. Bailararen «defendatzaile sutsua» da, eta bailarak bizitako zenbait gatazka eta afera mahaigaineratu ditu. Tartean, Itzagaondoko San Jus harrobiaren egoeraz mintzo da. Zubillaga enpresak San Jus harrobia ustiatu nahi zuen, eta horretako lur publiko eta pribatuak okupatu behar zituen. Itzagaondoko Udalak proiektuaren kontra egin zuen, eta desjabetzea inpugnatu. Azkenean, kiebrara jo zuen enpresak.
Artearen merkantilizazioaz
Lekuonaren lanaren bidez, artearen eta artisautzaren arteko mugez gogoetatzen dute dokumentalean. Horrez gain, zalantzan jartzen dute zer den artea edota kultura eta zer ez. Lekuonaren lanaren bidez islatzen da bereziki hori. Izan ere, Lekuonak pasioz bizi du hargintza, eta artisautzako eta arte garaikideko erakusketak egiten ditu, bai eta ontziak ere, luxuzko jatetxeetarako. «Luxuaz hitz egiten denean, brillantinan jartzen dugu arreta, baina luxuaren eta lanbide askoren atzean, lan artistikoetan kasurako, prekaritate handia dago», aitortu du Lekuonak.
Artearen merkantilizazioaz ere mintzo da Bengoetxea, eta haren barnean sortzen diren kontraesanez: «Alde batetik, arte erromanikoa daukagu, zeina hizki larriz esaten baita artea dela. Horren baitan, kontuan hartu behar dugu museoak ez duela ofizialki museo estatusik, eta boluntarioen lanarekin eta egoera nahiko prekarioan egindako kontu bat dela. Bestetik, luxuzko jatetxeak daude, non platerak 300 euro balio dituen eta bi urtez zain egon behar duzun mahaia lortzeko. Aldi berean, jatetxe horietako platerak egin dituen pertsona ez da luxu horretan bizi. Luxuak ere bere kontraesanak ditu».
«Uste dut askotan aurreiritzi batzuekin begiratzen diegula herriei, eta ez dugula kontuan hartzen zer afera dituzten»
HELENA BENGOETXEA Zinemagilea
Bailarako egunerokoa jaso nahi du Bengoetxearen lanak; gainera, soinu eta irudien bidez, xehetasunez josita dago dokumentala. Marcilla arduratu da zuzendaritza fotografikoaz. Marcillak hargintza ikasi zuen Lekuonarekin, eta, Bengoetxearen ustez, oso lagungarria izan da jakiteko zein plano hartu: «Badaki zertan ari den Joseba, eta konfiantza handia dauka harekin. Batzuetan ematen du hautsa usaintzen duzula».
Musikari dagokionez, Iñigo Perez Artieda aztertzen aritu da nola sortu musika XXI. mendetik baina Petrusen garaian zegoen afinaziora hurbilduta. Hortaz, kanta guztiak musika modernoaren afinaziotik kanpo eginda daude. Soinuaren postprodukzioari dagokionez, Daniela Fung Macchi soinu teknikariak diseinu bat egin du islatzeko nolako soinu giroa dagoen Lekuonaren lantegian, museoan, edo zer giro egon zitekeen Petrusen garaian. Bengoetxeak soinu teknikariaren lana goraipatu du: «Izugarrizko zortea izan da guretzat. Diseinu bat egin zuen txori konkretu batzuk grabatzeko, ez direlako igualak neguan edo udaberrian. Horrez gain, ordu eta erdi egon daiteke soilik ardiak grabatzen». Azkenik, Bengoetxeak nabarmendu du dokumental bat «elkarlanean» eta «modu kolektiboan» egindako lan bat dela, eta hori islatzen dela.
