Erriberri agertoki bihurtuko dute

Erriberri agertoki bihurtuko dute

Prest dute. Maria Goirizelaiak eta Ane Pikazak etapa berri bat hasi dute Erriberriko Antzerki Jaialdiko zuzendari gisa —abenduan bertze lau urterako berritu zuten Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuarekin duten akordioa—, eta jendaurrean aurkeztu dute lehen emaitza, Iruñeko Baluarten: uztailaren 17tik abuztuaren 2ra, Erriberrin, Tafallan, Beiren, Pitillasen eta San Martin Unxen eginen duten jaialdiaren 27. aldia. 27 konpainiak parte hartuko dute, eta, denera, 31 funtzio eskainiko dituzte. Antzerkia, musika, dantza eta zirkua uztartu dituzte zuzendariek, eta Erriberri eta inguruko herriak eszenatoki bilakatu.

Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak nabarmendu du Erriberrikoa jaialdi «sendoa» dela, eta «eredu», gainera, gisako jardueren esparruan. Kultura Departamentuko Kultur Ekintzen Zerbitzuko buru Lorenzo Garcia Etxegoienek gaineratu du Nafarroako hamar talde ariko direla jaialdian: zortzik programazio nagusian parte hartuko dute, eta bertze bik, berriz, egoitzen atalean. Antzerkiaren arloan, zehazki, Boga-Boga, La Cuerda, Disiden.Cia, La Banda Teatro Circo, Las Nenas eta Edurne Pena ariko dira.

Maria Goirizelaia eta Ane Pikaza, Erriberriko jaialdiaren aurkezpenean. IÑIGO ALZUGARAI-NAFARROAKO GOBERNUA

Goirizelaiak eta Pikazak berretsi dute herrialdeko taldeen lana sustatu nahi dutela, eta horrekin batera ikuspegi feminista eta inklusioaren aldekoa bultzatu. Azpimarratu dute, gainera, «tokikoari lotutako jaialdi bat» dela Erriberrikoa, eta tokiko horretatik abiatuta auzi unibertsalen inguruko gogoeta piztuarazi nahi dutela.

Lau atal nagusi

Aurtengo jaialdirako prestatutako egitaraua azaltzeko, zuzendariek dramaturgia hitzaren inguruko jolas bat proposatu dute, eta zehaztu aurtengo Erriberriko Antzerki Jaialdiak lau mugimendutako dramaturgia bat hartu duela oinarri. «Antzezlan bati eusten dion egitura ikusezina da dramaturgia; kontent gara bertze behin jaialdiaren dramaturgia zuzentzeko aukera izan dugulako», erran du Goirizelaiak.

Pentsatu, habitatu, ospatu eta errotu. Horiek dira Pikazak eta Goirizelaiak beren «dramaturgiarako» oinarri hartu dituzten lau atalak. Erriberriko La Cava aretoarekin lotu dute pentsatzeko helburua, hain zuzen. Eremu hori izanen da jaialdiaren muina, nolabait erranda. Hamabi konpainia pasatuko dira La Cavako oholtzatik. «Nork bere proposamena eginen du, baina konpainia guztiek garbi dute eszenatokia pentsatzeko toki bat dela». Ikus-entzuleak pentsatzen jartzeko toki bat ere bai.

Dejabu konpainiaren ‘Itzulera’ antzezlana. ERRIBERRIKO ANTZERKI JAIALDIA

Pont Flotant konpainiaren Adolescencia infinita lana izanen da La Cavako agertokira igoko den lehena, uztailaren 17an. Oholtza berean ariko dira Errenteriako (Gipuzkoa) Dejabu konpainiako kideak, uztailaren 23an: Itzulera aurkeztuko dute, jaialdiko euskarazko antzezlan bakarra, hain zuzen. La Cavan, gainera, adin guztietako ikus-entzuleentzako lan bat eskainiko dute aurten lehen aldiz, abuztuaren 1ean: Criolla konpainiaren Sueño. Abuztuaren 2an, berriz, Led Silhouette dantza konpainiaren Ultimatum lana izanen da La Cavan aurkeztuko duten azkena.

Habitatu eta ospatu. Bi atal horien bidez, Erriberriko jaialdia herriko karriketara aterako da eta, gainera, herriko mugak zeharkatuko ditu, Beirek, Pitillasek, Tafallak eta San Martin Unxek ere hartuko baitituzte zenbait emanaldi. Enborra Erriberrin duen jaialdiak, beraz, herriotara zabalduko ditu adarrak. Eta tokian indar handiagoz errotzeko —laugarren atala—, komunitatea oinarri hartuta sortu eta garatuko dituzten bi ikuskizun aurkeztuko dituzte Erriberrin: Unavezenlavida taldearen Selfi. La trilogía de la juventud, eta Damian Malvaciok zuzendutako Yo bailo. Herriko gazteek parte hartuko dute lehenengoan, eta adinekoek, berriz, bigarrenean. Konpainiek eta herritarrek elkarrekin egindako prozesu baten amaiera izanen dira oholtzara eramanen dituzten lanak.

Edurne Penaren ‘Amortzia’ proiektuko irudi bat. ERRIBERRIKO ANTZERKI JAIALDIA

Lau atal nagusiokin batera, egoitza artistikoek, tailerrek eta formakuntzak osatuko dute Erriberriko Antzerki Jaialdiaren aurtengo aldia. «Las Nenas eta Edurne Pena ariko dira egoitzetan. Las Nenas taldeak badu bide bat egina, eta Edurne Pena, berriz, gorabidean doan artista bat da», azaldu du Pikazak. Las Nenas taldeko kideak Tafallan izanen dira, eta Lope de Vegaren Gatomaquia berrikusiko dute. Penak, bertzalde, Amortzia izeneko proiektua garatuko du: zaharren memoria eta egungo gazteen adierazteko moduak uztartuko ditu.

Tailerren esparruan, haur eta gazteentzat antolatutako bat gidatuko dute Maialen Diezek eta Oier Zuñigak, bertzeak bertze. Formakuntzari buruz, azkenik, zuzendariek nabarmendu dute jaialdi osoak izan nahi duela artisten arteko «elkarlana» sustatzeko toki bat. «Helburua da elkar ezagutzea eta elkarrekin sortzea».

Sortzen, mugitzen eta esperimentatzen jarraitu nahi dute Goirizelaiak eta Pikazak ere. «Jaialdi feminista bat da gurea, arlo sozialean erabat inplikatua. Arriskatzea maite dugu», bukatu du Pikazak.

Parte hartzaileak

Et D’aiulleurs. Bath-Flop. 
Pont Flotant. Adolescencia infinita.
Anacarsis Ramos-Pornotrafico. Mi madre y el dinero.
Txema Muñoz. Gota.
Producciones Teatrales Contemporaneas. Las gratitudes.
La Cuerda Teatro-Ttipia Kultura. Camping Las Reinas.
La Banda Teatro Circo. Nuur.
Dejabu. Itzulera.
Sutottos. Feliz día.
Producciones Come y Calla. Leonora.
Maite Guevara. ¡Qué buen día!
Damanian Malvacio. Yo bailo.
Cultura i Conflicte. No mires.
Disiden.Cia. Bipedestrucción.
Eunoia Kolektiva. Tenet.
Teatro de la Abadia. Declaración de amor (¿para siempre?).
Edurne Pena. Amortzia.
Pilades Teatro Niebla
Pepe Zapata. El enterrador.
Las Nenas. Gatomaquia.
Akira Yoshida. El porqué de los perdidos.
Unavezenlavida. Selfi.
Boga-Boga. Mujeres que cantan tras el balcón.
Orain Bi. Mute.
Olaia Inziarte. 
Hugo Torres. Bahía botánica.
Compañia Criolla. Sueño.
Led Silhouette. Ultimatum.