Hartz bat grabatu dute Otsagabia eta Ezkaroze arteko errepidean

Hartz bat grabatu dute Otsagabia eta Ezkaroze arteko errepidean

Hartz arre bat ikusi dute Nafarroako Pirinioetan, Otsagabia eta Ezkaroze arteko errepidean (Nafarroa). Orontzeko bizilagun batek ikusi zuen animalia, 03:00ak aldera, NA-140 errepidean lasterka zihoala, eta sakelakoarekin grabatu zuen, autoarekin atzetik segika zebilen bitartean. Azken orduetan bolo-bolo ibili da bideoa Whatsapp talde eta sare sozialetan. Irudietan ikus daitekeenez, hartz gazte bat da eta ihesi ari da.

Otsagabia eta Ezkaroze artean ikusitako hartzaren bideoa, X sare sozialean.

Erlazionatuta

30 urte joan dira lehenbizikoz Esloveniako hartzak Pirinioetan askatu zituztenetik, eta populazioaren egoera erabat irauli da geroztik: egun 108 hartz daude, azken datuen arabera. Espeziea ez da salbatu oraindik, baina animalion etorkizuna ez da 1990eko hamarkadan bezain iluna: populazioa urtean %11 inguru handitzen ari da.

Horiek horrela, litekeena da aurrerantzean ohikoagoa izatea hartzak Euskal Herriko parajeetan topatzea. Halako kasuetan, basozainek esan dute gomendagarria dela animaliak bakean uztea eta haien atzetik ez ibiltzea.