Nafarroako Gobernuak zerbitzu sozialen erregistrotik kendu du Vida Nueva zentroa, baina ez du itxiko oraingoz

Nafarroako Gobernuak zerbitzu sozialen erregistrotik kendu du Vida Nueva zentroa, baina ez du itxiko oraingoz

Zerrendatik ezabatu dute, baina ez dute itxiko. Nafarroako Gobernuak jakinarazi du funtzionamendu baimena kendu diola Ziritzako Vida Nueva zentroari, eta hortaz, aurrerantzean ez dela egonen gizarte zerbitzuen erregistroan. Carmen Maeztuk eman ditu azalpenak Nafarroako Parlamentuan, EH Bilduren galdera bati erantzunez. Eskubide Sozialetako kontseilariak azaldu du erregistrotik kendu dutela zentroa, «zerbitzu erresidentzialak eta baimenen erregimena arautzen dituen foru dekretua urratzeagatik». Edonola ere, departamentuko iturrien arabera, funtzionamendu baimena kendu izanak ez du berekin ekarriko zentroa itxi behar izatea edo haren jarduera etetea.

Kontseilariak gogorarazi du Vida Nueva zentroa ikerketapean dela Iruñeko epaitegi batean. Newtral hedabideak iragan astean zabaldu zuenez, hiru emakumek salatu dute torturak jasan dituztela, eta zentroko arduradunak ikerketapean dira hamar ustezko deliturengatik; besteak beste, legez kanpoko atxiloketa, derrigortzea eta torturak. Otsailean, bestalde, zentroan egoiliar izandako zenbait emakumek salatu zuten «homosexualitatea sendatzeko» terapiak eskaintzen dituztela han. Exorzismoen, ezkontza behartuen, tratu txarren eta sekta baten kutsuko praktiken berri eman zuen orduko hartan ere.

Maeztuk esan du Nafarroako Gobernuak ez duela jaso egoiliarren edo erabiltzaileen salaketarik, baina sei azterketa egin dituztela zentroan azken hamar urteetan: 2016an lehena eta 2025eko abenduan azkenekoa. «Orain arte, ikuskatze horietan ez dugu legez kanpoko ezer antzeman, baina 2022an detektatu genuen 92/2020 foru dekretuaren puntu batzuk urratu zirela, zentroko gela bakoitzak har ditzakeen plaza kopuruarekin lotuta —gela bakoitzean bi pertsonendako tokia egon beharko luke, gehienez ere—. Eskubide Sozialetako Departamentuak beharrezko egokitzapenak egitera premiatu zuen zentroa, eta 2025eko martxora arteko epea eman genien».

Horrez gain, irregulartasun «tekniko» gehiago topatu zituen gobernuak, besteak beste, zentroan izena eman nahi zuten pertsonei eskatzen zitzaizkien datu eta mediku txostenekin lotuta. Iazko abenduaren 16an, ikuskatzaileek ebatzi zuten «zentroko arduradunek ez zituztela egin aurretik eskatu zitzaizkion egokitzapenak», eta hortaz, martxan jarri zuten funtzionamendu baimena baliogabetzeko prozedura.

Erabakiaren ondorioak

Gobernuak zehaztu du Vida Nuevari lizentzia ukatzeak eta zerbitzu sozialen erregistrotik ezabatzeak ez duela ekarriko Ziritzako zentroa ixtea. Baina, hortaz, zer eragin izanen du neurriak? Hasteko eta behin, erregistro horretan izena emanda egoteak badu ondorio ekonomiko bat: elkarte, enpresa eta fundazioei aukera ematen die finantzaketa publikoa jasotzeko diru laguntzen, hitzarmenen eta gizarte kontzertazioen bidez. Erregistrotik kanpo, bide hori itxi eginen zaio Vida Nueva zentroari. Eta ez da kopuru txikia.

Newtral hedabidearen arabera, Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak 5.668 euroren diru laguntza eman zion aurtengo maiatzean, «mendekotasunen prebentzio lanarengatik, ongizate emozionala sustatzeagatik eta osasunaren prebentzio eta sustapenaren alde eginiko lanarengatik». 2025. urtean, diru publikotik jasotakoa dezente gehiago izan zen: 55.000 euroko laguntza eman zion Eskubide Sozialetako Departamentuak; 6.000 eurokoa Osasun Departamentuak; 105.000 eurokoa Espainiako Lan Ministerioak; eta 12.000 eurokoa Espainiako Transformazio Digitalerako Ministerioak.

Zerbitzu sozialen erregistroan egon gabe, bestalde, ezinezkoa da administrazioarentzat lan egitea edo kontratu publikoak sinatzea. Edonola ere, Maeztuk nabarmendu du Vida Nueva zentroa «ekimen pribatukoa» dela, ez duela inoiz izan itunpeko plazarik, eta ez dagoela protokolorik «pazienteak baliabide horretara bideratzeko, ez Eskubide Sozialetako Departamentuan ez Osasun Departamentuan».

Edonola ere, Maeztuk ez du baztertu neurri zorrotzagoak ezartzeko aukera: «Auzibidean beste edozer ebatziko balitz, Nafarroako Gobernuak esku hartuko luke, logikoa den bezala, aginte judizialak ezarritako irizpideen arabera. Gu, administrazioa garen heinean, kasu hauetarako dugun araua betearazi besterik ez dugu egin».

EH Bilduren zalantzak

EH Bildu koalizioaren izenean, Jabier Arza parlamentariak esplikatu du Osasun Departamentuak ere zeharo ukatu duela Vida Nueva zentroarekin kontraturen bat duenik edo buru osasuneko zentroetako pazienteak hara bideratzen dituenik. «Hala ere, azken ikuskapeneko aktan jasota dagoenez, zentroarekiko kontaktua erabiltzaileen ekimenez egiten da, edo gizarte zerbitzuek, ospitaleek edo osasun zentroek bideratuta». Hori dela eta, Arzak jakin nahi izan du «ea Gizarte Zerbitzuetako Departamentuak edo Osasun Departamentuak jakinarazi ote dieten [ospitaleei, osasun etxeei edo gizarte zerbitzuei] komeni dela zentro horretara inor ez bideratzea». Alegia, ea gobernuak agindu edo gomendio espliziturik eman ote duen pazienteak Ziritzako zentro ebanjelikora ez bidaltzeko.

Kontseilariak erantzun du departamentuak «indarrean den legediaren arabera» jokatzen duela une oro, eta ez duela gizarte zerbitzuetara inor bideratzeko protokolorik. «Hortaz, ez dugu inongo jarraibiderik bidali, ez dagoelako pazienteak deribatzeko protokolorik, ez Osasun Departamentuan ez Zerbitzu Sozialetako Departamentuan».