LAB sindikatuak 1.894 langileren sinadurak aurkeztu ditu Nafarroako Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno kargugabetu dezatela eskatzeko. Sindikatuak duela urtebete abiatu zuen Gimeno kanpora! izeneko dinamika, eta ordutik jasotako sinadurak dira gaur gobernuaren egoitzan erregistratutakoak.
Sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren parean, eta bertan, Hezkuntza kontseilariaren ibilbidea laburbildu dute: «Zazpi urte igaro dira Carlos Gimeno Gurpegi Hezkuntza kontseilari izendatu zutenetik, eta denbora horretan, arrastoa utzi du. Bere ardurapean dauden sektore guztiak haserrarazi eta bere kontra jarri ditu, eta hankaz gora jarri du hezkuntza sistema, azken hilabete honetan argi gelditu den moduan».
Gimenok «euskararen aurka eginikoak» ere nabarmendu ditu LABek, «aitzakia eta zirrikitu guztiak erabili baititu euskarazko irakaskuntzari trabak eta murrizketak jartzeko». Sindikatuko ordezkarien irudiko, kontseilariak behin eta berriro eman die bizkarra sindikatuei, eta gogor kritikatu dute langileen ordezkariekin izan duen jarrera eta euren proposamenei emaniko erantzunak: «Adarkadaka, zezenen antzera».
Horregatik guztiarengatik, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibiteri exijitu diote kontseilaria kargugabetu dezala, «hezkuntzak sustatzen dituen balio guztien aurka jotzen duen kontseilari batek ezin baitu Hezkuntza Departamentuko arduradun izan».
LABek uste du Txibite dela Gimeno karguan mantentzen duena, eta beraz, pilota haren teilatuan dagoela; hortaz, kontseilariaren aurkako neurririk hartu ezean, mobilizazioei helduko diete berriro: «Aldaketarik ez badago, irailean Gimeno kanpora! aldarrikatuko dugu berriz ere. Nafarroako langile eta ikasleek ez dugu horrelako jauntxo handiusterik merezi hezkuntza sistemaren buru».
