Foru Hobekuntzan autogobernua babesteko neurriak jaso daitezela proposatu du Barkosek

Foru Hobekuntzan autogobernua babesteko neurriak jaso daitezela proposatu du Barkosek

«Presarik gabe, baina premiazkoa da aldaketa, eta tinko aldarrikatu behar da». Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiak «baietz» esan dio Foru Hobekuntzaren erreforma bati. Bere ustez, 45 urte hauetan Espainiako Gobernuak ez ditu eskumen guztiak eskuz aldatu eta, era berean, autogobernuaren bilakaera baldintzatu du. Horregatik funtsezkotzat jo du etorkizuneko testuak autogobernua babesteko neurriak jasotzea. «Bialdekotasunik ez dago, parez pareko harremanik ez badago», argudiatu du. 

Legealdi hasieran Nafarroako Parlamentuan sortutako lantaldea amaierara heldu da. Azken bi urteetan handik iragan diren aditu eta politikari guztien modu berean, bere ekarpenak eta gogoetak plazaratu ditu Uxue Barkos Geroa Baiko senatari autonomikoak. Agerraldietan, euskararen gaia oso presente egon da, eta indarra hartu du. Juan Cruz Allik Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zuen, eta Miguel Sanzek hori ez ukitzea defenditu zuen. Barkosek «ustekabean» hartu zuen Alliren proposamena, eta «aurrerapauso bat» dela deritzo.

Maria Txibite egungo lehendakariak datorren ostiralean parte hartuko du lantaldean, baina atzo aurreratu zuen Foru Hobekuntzan euskara «hizkuntz propiotzat» jotzeko asmoa. Barkosek gogora ekarri duenez, 1986ko Euskaren Legeak berak aitortzen du euskara hizkuntz propio gisa; ondorioz, hori bakarrik onartzeak «ez luke ezer aldatuko, ez luke ekarpenik egingo». EH Bilduk ontzat jo du Txibiteren proposamena eta Barkosek ohartarazi dio «arreta desbideratzeko keinu bat» izan daitekeela. Barkosen ustez, PSNk bat egiten du immobilismoan UPNrekin eta PPrekin.

Foru Hobekuntzak Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna aitortzea aldarrikatu du. Azaldu duenez, 1980an, Nafarroako Parlamentua eskaera horren alde agertu zen, baina gero Foru Hobekuntzaren eztabaidan ez zen borondate hori errespetatu eta zonifikazioa hitzartu zen. Bere ustez, erabat ezohikoa da lurralde berean eskubideak eremuka banatzea. «Orain da akats historiko hori konpontzeko unea». 

Aldaketa horren ondorioek gizartean tentsioak sortu ditzaketela diotenei, berriz, «beldurra eragitea» leporatu die. Eta UPNri eskatu dio zentzuz jokatu dezala gaiarekin, «ez delako egia» euskara eskatuko litzatekeela funtzio publikoko lanpostu guztietan, soilik profil hori dutenetan. 

Autogobernuaren defentsa

Foru Hobekuntzaren gainerako aldaketei begira, Barkosek proposatu du Nafarroako Parlamentuak aldaketa prozesua abiarazteko eskumena ere izatea, egun Espainiako eta Nafarroako gobernuen esku baitago. Era berean, edozein aldaketa erreferendum bidez berretsi beharko litzatekeela uste du.

Geroa Baiko eledunak autogobernua sendotzeko neurriak proposatu ditu. Bere ikuspegitik, oraindik orain ez da eskumen guztien transferentzia egin eta Foru Hobekuntzak «gabeziak» ditu, ez duelako erremintarik Madril behartzeko bete ez dituen konpromisoak egitera. Gaur egun, politikoki presio egin besterik ez dago; aldiz, uste du akordioen bilakaera zaintzeko tresnak sor daitezkeela Foru Hobekuntzaren bidez. 

Gogora ekarri du Nafarroak urtero Espainian eraikitako azpiegituren %1,6 ordaintzen duela ekarpen bidez: «Aldiz, estatuak hemen egindako inbertsioak unean uneko gobernuaren borondatearen araberakoak dira. Ezin dugu horren menpe egon». Aldarrikatu du Nafarroak eskumenak dituen arloetan erabakimena izan behar lukeela, hala argindar sarearen planifikazioa zehazteko nola Europako Batasuneko Ecofin Ekonomia eta Finantzetako Ministroen Kontseiluaren bileretan parte hartzeko.

Bere ustez, Nafarroak oinarrizko eskubideak garatzeko orduan estatuak ez luke «sabairik ezarri behar». Halaber, gaineratu du Hitzarmen Ekonomikoa berritu egin behar dela, erregimen komuneko finantzaketa autonomikoaren esparruan zorrari buruz hartu diren erabakiek «ondorio kaltegarriak» izan dituztelako Nafarroan. Kritikatu du «Madrilen borondatearen arabera» hartzen direla erabakiak, baina horrek luzarora Foru Hobekuntza «desegingo» duela.