Salatu dute Nafarroako Gobernuak bost irakasle erdaldun kontratatu dituela Lekarozko institutuan eskolak emateko

Salatu dute Nafarroako Gobernuak bost irakasle erdaldun kontratatu dituela Lekarozko institutuan eskolak emateko

Ezinegona piztu du, beste behin ere, Nafarroako Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenoren erabaki batek. Hezkuntza Departamentuak ebatzi du Lekarozko Bigarren Hezkuntzako Institutuko (Nafarroa) bost lanpostu ematea beste horrenbeste irakasle erdaldun elebakarri. Neurriak haserrea eragin du Baztango hezkuntza komunitatean, eta herritarrak hasiak dira mobilizatzen. Atzo iluntzean, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten Elizondon, D eredua eta integrazioa bermatu. Euskaraz bizi nahi dugu! lelodun pankarta baten atzean.

Elkarretaratzean irakurritako manifestuan, Lekaroz BHI Borrokan izeneko plataformak adierazi zuen erabakia «inposizio bat» dela, legeak ez baitu behartzen A ereduko lanpostuak irakasle erdaldunekin betetzera: «Orain arte ez da horrela egin, baina hala ere, datorren ikasturtean eskolak A ereduan soilik emanen lituzketen bost irakasle erdaldunekin osatu nahi dute institutuko lantaldea».

Manifestarien arabera, Hezkuntza Departamentuaren erabakiak «hainbat arazo» eraginen dizkie Lekarozko institutuko bostehun ikasleei ere. Lehenik eta behin, salatu dute «A ereduko ikasleen integrazioa» oztopatuko duela, «getifikazio bat» gertatzeko arriskua areagotuko baitu. «Orain arte, A eta D ereduen arteko hari nagusia izan dira bi ereduetan eskolak ematen zituzten irakasleak. Hori nabarmen gutxituko da orain».

«Ez gara parke tematiko bat»

Bestalde, Baztango protestariek salatu dute Hezkuntza Departamentuak ez duela D ereduko ikasleen hizkuntza hautua errespetatu: «Baztanen urte anitzetan D ereduaren alde egin dena hankaz goiti paratuko luke aldaketa honek: izan ere, irakasle hauekin solasterakoan, hezkuntza jarduerak gazteleraz egin beharko lirateke; D ereduko ikasleen hautua, berriz, euskaraz egitea da, eta hori urratuko zaie».

Azkenik, lan baldintzei ere erreparatu diete. Izan ere, orain arte lanaldi osoko kontratuak zirenak lanaldi partzial bihurtuko dira, «bi kontratazio zerrenda bereizi kudeatzeko erabakiaren ondorioz». Hortaz, departamentuaren erabakiak «langileen prekarietatea handituko duela» uste dute.

Oro har, Lekaroz BHIko hezkuntza komunitateak uste du irakasle erdaldunak hartu izana «erabateko erasoa» dela ikasleen askatasunaren aurka eta Baztango izaeraren aurka. «Ez gara postal bat; Baztan ez da Nafarroan txertatzen den parke tematiko bat: komunitate bat gara, bizirik dagoen herri bat gara, eta gisa horretan, gure ezaugarriak ditugu. Eta garrantzitsuena zera da: gure kultura eta gure izana dela euskaldun izatea».