Mila zapore arrazismoaren kontra

Mila zapore arrazismoaren kontra

Mugitzen den haize bakarra haizemaileek sortzen dutena da. Jendetza elkartu da Iruñeko Txantrea auzoan, baina gutxi batzuek lortu dute zuhaitz azpiko leku pribilegiatua. Hori koloreko pankartetan idatzi dute elkarretaratzearen leloa: Iruñean bai, elkarrekin amestu, elkarrekin borrokatu. Izan ere, arrazismoari eta orokorrean eskuin muturrari aurre egiteko urriaren 12an Jaki Tokik antolatu duen ekimena aurkeztu dute gaur: Iruñeko Arrozak.

Mikroen soinua probatzeko arduradunak izan dira hiru haur; haien ahotsak megafonoetatik entzun bezain pronto irri egin dute. Baina oso serioski hartu dute haien lana, eta plazan pilatutako jendea antolatzen hasi dira argazkiak ateratzeko: «Pertsona beltzak aurrean, eta zuriak atzean!», esan du batek. Antolatzaileen aginduak jarraituta, hitza hartu du Arantxa Caminos Lantxotegi elkarteko kideak: «Jakin badakigu historia kolonialean botere eta pribilegio posizio desberdinak izan ditugula. Horregatik, gutako batzuei autokritika egitea dagokigu».

«Egunez egun ikusi dugu eskuin muturretik migratzaile zein arrazializatuekiko gorroto diskurtsoak sustatzen direla eta jatorri desberdineko pertsonen artean beldur ala mesfidantza modu interesatuan hedatzen ari direla», jarraitu du Caminosek. Horri aurre egiteko urriaren 12an kalejira antolatu dute Iruñean; ez dute data ausaz aukeratu, bertan zegoen Ebru Ergunduz SOS Arrazakeriako kideak azpimarratu duen bezala: «Urriaren 12ak inperialismoa eta zapalkuntza irudikatzen du, eta hori ere Iruñean ikus daiteke. Faxismoaren eta egun horrek sinbolizatzen duenaren aurka borrokatu behar dugu, eta elkarrekin egin behar dugu».

Leidys Carabante Solak hitza hartu du ondoren, eta elkartasunaren beharra azpimarratu du: «Gaur egun, itxuraz garatuta dauden aro batzuetan bagaude ere, komunitate gisa banantzea eragiten duten desberdintasun sozial askori aurre egiten jarraitzen dugu». Horregatik bizitza duinak aldarrikatu dituzte elkarretaratzean.

Arrozaren saltsan

Garuna elikatu eta gero, sabela elikatu behar da. Eguzkipean dagoen plazatik gertu hasi dira kozinatzen Akelarre kultur elkarteko kideak, baita auzoko boluntarioak ere. Hiru paella ontzi jarri dituzte mahai gainean; horietako bat beganoentzat, eta beste biak haragiarekin eta mariskoarekin. Pixkanaka-pixkanaka elkarretaratzeko pankarta horiak tolestu eta ontzi horietatik ateratako usaina jarraitu dute parte hartzaileek.

Akelarre kultur elkarteko arrozen eguna antolatu dute Iruñeko Txantrea auzoan. Argazkian kozinatu duten batzuk agertzen dira.
IDOIA ZABALETA / FOKU

Soinu proba egin duten umeek korrika egiten dute kozinatzen duten helduen artean, aurpegian katu bat margotuta dutelarik. Dolly Briciño izan da haragiaren paella prestatzeko arduraduna: «Oso garrantzitsua da zure bizilagunen kultura ezagutzea». Haragia moztu bitartean, Lucky Omozusi argazkilariaren begirada sumatu du, edo bere sabelaren dardara sumatu, behintzat. Baina elkarteko kideek kozinatutakoa dastatzeko itxoin beharko du.