Autodefentsa feministaren aldarria kalera eramateko manifestaziora deitu dute Iruñean

Autodefentsa feministaren aldarria kalera eramateko manifestaziora deitu dute Iruñean

«Bukatu dira pedagogia, kulpak, pazientzia eta azalpenak. Bukatu dira justifikazioak, beldurrak eta gurekiko kontrola. Sistema iraultzeko subjektu politiko aktibo izatera derrigortzen gaituzue, eta ez izan zalantzarik, aktiboki eta kolektiboki erantzutera goaz». Aurten ere Iruñeko kaleak hartuko dituzte feministek sanferminen bezperan. Gizonak interpelatu eta autodefentsa feministaren aldarriak kalera eramateko manifestazioa eginen dute uztailaren 4an, 23:00etan, Baratxurien plazatik. 

Ohar bidez esplikatu dutenez, Matxirulo, el que sobra eres tú; Feministok gozatzera etorri gara lelopean eginen dute manifestazioa. «Sanferminak datoz eta bederatzi egunetan zehar, desfasearen izenean, denak balio duela uste duzue. Ba, argi diogu ezetz. Feministok antolatuta gaude eta aurten zuen inpunitatearekin amaitzera gatoz», adierazi dute.

Gizonengan jarri dute arreta eta erran horiek direla «soberan» daudenak: «Zuek eta zuen jarrera baboso eta matxiruloak. Ez dugu zalantzarik». Horiei aurre egiteko prest daudela berretsi dute, eta feministak espazioak hartzera datozela azpimarratu, «gozatzera» etorri direlako, «egunez zein gauez». «Eta bai, horretarako, baditugu aski aliantza gure artean, zuek beldurra sentitzerainoko aliantzak. Ikasturtean zehar, eraiki eta sendotu ditugun aliantza feministak», borobildu dute.