Ezkabarteko sutea itzaltzeko lanetan dihardute, hirugarren egunez

Ezkabarteko sutea itzaltzeko lanetan dihardute, hirugarren egunez

Hirugarren egunez jarraian, Ezkabarteko (Nafarroa) suteak itzaltzeko lanetan dihardute. Ostegun arratsaldean piztu zen aurreneko sutea Ezkaba mendiaren magalean, 17:45 aldera, eta zabaldu eta handitu egin da azken orduetan. Hain justu, sutea erabat itzaltzeko «zenbait egun» beharko zirela ohartarazi zuen atzo Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek, eta gaur eremu horretako herritarrei eskatu die ez dezatela beharrezkoa ez den surik piztu «egoera meteorologikoak» hobera egiten duen arte, eta «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu die berriro ere. Untzun (Nafarroa) egin ditu adierazpen horiek, eta nabarmendu du «baliabide guztiak» jarri dituztela martxan suteei aurre egiteko. 

Nafarroako zortzi parkeetako suhiltzaileak ari dira parte hartzen Ezkabarteko sutea itzaltzeko lanetan; denera, 90 suhiltzaile inguru. Horrez gain, lau helikoptero eta bi hegazkin parte hartzen ari dira: bi helikoptero Nafarroako Gobernuarenak dira; beste bi helikopteroak eta bi hegazkinak, Espainiako Gobernuarenak. Nafarroako Gobernuak helikoptero eta hegazkin gehiago eskatu dizkio. Are, litekeena da datozen orduetan brigada gehiago batzea. 

Nafarroako Gobernuko larrialdi zerbitzuek jakinarazi duenez, hego haizea itzaltze lanak zailtzen ari da. Halere, Txibitek esan du herriguneak ez daudela arriskuan, eta ukatu egin du sutea nekazaritza lanen ondorioz piztu izana. Foruzaingoak atzo adierazi zuenez, gaizki itzalitako zigarretaren baten edo bestelako axolagabekeriaren baten ondorio izan liteke; dena den, ikerketa abian dago oraindik, eta nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin lotutako jardunak geratuta jarraituko du behin-behinean. 

Bestalde, atzo beren etxeetatik irteteko ohartarazi zieten Ezkabarte inguruko zenbait herritako herritarrei: Usi, Anotz eta Nabatz herrietako bizilagunei. Bada, dagoeneko etxera itzuli diren arren, sutetik gertuen dauden guneetarako sarbidea mugatuta dago.