Hithium Nafarroako hogei enpresarekin bildu da, «partaidetza sendoa lortzeko»

Hithium Nafarroako hogei enpresarekin bildu da, «partaidetza sendoa lortzeko»

Hithiumek bere burua aurkeztu die Nafarroako enpresei. Nafarroako erakundeekin batera, jardunaldi irekia antolatu dute Iruñeko Baluarte jauregian, eta hogei enpresa elkartu dira bertan «partaidetza sendoa bilatzeko» asmoz. Hithiumek hiru urterako plana du aurreikusia. Behin lantokia eraikita, datorren urtean hasi nahi luke ekoizten, eta 2028an «bete-betean» produzitzen hasi. «Luzarorako presentzia izan nahi dugu hemen», azpimarratu du Jeff Wu Hithiumeko presidenteak, bideo bidez emandako mezuan.

Wu salbu, Hithiumeko gainerako buruzagiak Iruñean izan dira enpresaren nondik norakoak azaldu asmoz. Gaur-gaurkoz ez dago guztiz lotuta Nafarroako Gobernuaren eta Hithiumen arteko akordioa, baina duela aste batzuk Mikel Irujo Industria kontseilariak aurreratu zuen sozietate bat eratuko dutela: ehun milioi euroko kapitala jarriko du Hithiumek, eta beste heren bat Sodena sozietate publikoak (50 milioi euro). Gainera, Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren deialdi bidez 81 milioi euroko laguntza zuzena jasoko du Europako funtsetik. Gainerako finantzaketa bazkideen eskutik eta bankuetatik lortu nahi du.

Bi banku, hogei enpresa

Horri begirako jardunaldia izan da gaurkoa. Ordu erdiko bilerak antolatu dituzte bazkide posibleekin. Lehen biak Santander eta BBVA izan dira, eta, hala, agerian geratu da non bilatuko dituen Hithiumek maileguak. Gainera, beste hainbat sektoretako enpresekin elkartu dira: energia biltegiratzeko sistemak lantzen dituzten enpresak —hala nola Ingeteam, Bee Planet Factory, Luar Techonology…—, ingeniaritza zerbitzuak eskaintzen dituztenak —Mansutec, Gurpea, Gabyl, Embega—, teknologikoak eta elektronikoak —Schneider Electric, NR Electronica, Piher, Nuadi—, berriztagarriak —Eosol, Exkal, Fluitecnik— eta eraikuntzakoak —Balat, Comansa—. Guztira, hogei enpresa.

Qi Tang Hithiumeko estrategia zuzendariak azaldu die 2019an sortu zela enpresa, eta sei urteren buruan «bigarrena» dela energia biltegiratzeko mundu mailako enpresen artean. Azken hiru urteotako «globalizazio estrategiak» hauspotu du «hazkunde itzel hori». Qik aipatu du aurreikuspen oso onak dituztela, energia biltegiratzeko sistemen bilakaera teknologikoa eta gaitasuna nabarmen handituko direlako. Qiren ustez, Nafarroako egitasmoak «balio estrategikoa» du, eta txalotu egin du Sodenaren eta Nafarroako Gobernuaren «lankidetza sendoa».

Lankidetza hori beste enpresa batzuetara hedatu nahi dute. «Zuekin sakonago eztabaidatu nahi dugu, ikusteko nola parte hartu dezakezuen», adierazi die. Yanji Fu garapen zuzendariaren hitzetan, Txinan zazpiehun bazkide dituzte, eta balio kate osoak teknologia, ezagutza, kostuak eta zerbitzuak partekatzen ditu. Eredu hori beste toki batzuetan aplikatu nahi dute.

Ez da Hithium Txinatik kanpo atera den lehen aldia. Aurretik, Dallasen (AEB) fabrika bat eraiki zuten, eta lanean ari dira bertan. Yanjiren hitzetan, han ere tokiko hornitzaileekin lan egiten dute, «luzarora begira». Haren hitzetan, AEBetan erabilitako plangintza erabili nahi dute Nafarroan, «baina Nafarroako errealitatera egokituta». Haren esanetan, «hornitzaile kualifikatuak» behar dituzte: «Gobernuarekin eta tokiko bazkideekin lan egin nahi dugu. Esperientzia handiko hornitzaileak gara, eta elkarrekin Europari lagundu diezaiokegu trantsizio ekologikorako helburuak lortzen». 

Liming Zhao Nafarroako egitasmoaren zuzendariak nabarmendu duenez, fabrika egiten hasi aurretik langile talde bat kontratatu zuten, eta prestakuntza eman zieten Txinan, bi hilabetez. «Etorkizunera begirako inbertsio bat izango da», azpimarratu du Zhaok. Behin lantokia abian dela, trebatzaileak ekarriko dituzte Txinatik, bertan kontratatzen dituzten behargin guztiek trebakuntza har dezaten. 

Euren asmoen azalpen osoagoa eman du bideokonferentziaz Jeff Wu konpainiako presidenteak. Europako Batasunak helburu garbiak ditu industriaren elektrifikazioari eta deskarbonizazioari dagokienez. Eta energia biltegiratzeko sistemak funtsezkoak dira helburu horiek lortzeko. 

Energia biltegiratzeko Hithiumen sistema bat. BERRIA.

Wuren esanetan, esportazioen bidez soilik ezin daiteke Europaren behar horri erantzun. «Globalizazio azpimarragarria ez da soilik munduan produktuak saltzea. Inbertitu egin behar da, eta tokian bertan zerbitzuak eskaini, bertako industriarekin elkarlanean», aipatu du. Bertaratutakoen mesfidantza posibleei begirako diskurtsoa egin du. «Merkatuei ezin zaie urrunetik erantzun, tokian bertan sortu behar da balioa».

Jardunaldi ireki hori egin aurretik, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibite eta Txinak Espainian duen enbaxadore Yao Jing bildu egin dira. Gero, hitzaldi motzak egin dituzte iek Baluarteko jardunaldian. Jingen irudiko, Hithiumen eta Sodenaren arteko enpresa aliantza hori «mesedegarria» izango da bientzat.