Etxegabe baten gorpua aurkitu dute gaur goizaldean Tuterako (Nafarroa) aparkaleku publiko batean. 6:30ak aldera topatu dute hildakoa, eta Foruzaingoa heriotzaren inguruabarrak ikertzen ari da, baina oraindik informazio gutxi dago gertatutakoaren inguruan. Hildakoa adin ertaineko gizona da, baina foruzainek ez dute oraindik haren nortasuna identifikatu.
Heriotzaren inguruko hipotesirik baztertzen ez bada ere, foruzainek uste dute litekeena dela gizona kamioiren batek harrapaturik hil izana. Hipotesi horren arabera, etxegabea aparkaleku publikoan lotan zegoen, eta, goizean goiz, aparkalekutik ateratzen ari zen kamioilariren batek bere ibilgailuarekin harrapatu zuen, konturatu gabe. Foruzaingoa hildakoa zein heriotza eragin ahal izan dion ibilgailua identifikatzeko lanetan ari dira.
