Nagore Laffageren auzia, 2016ko olde feministaren pizgarri

Nagore Laffageren auzia, 2016ko olde feministaren pizgarri
Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Sanferminen osteko agerraldi instituzionala, 2008ko uztailaren 15ean. Gaixoa ni abestiaren oihartzunak amatatu eta ordu gutxira, kazetarien aurrean azaldu da Iruñeko alkate Yolanda Barcina (UPN), festen balorazioa egiteko. Beste urte batzuetan baino ikusmin are handiagoa piztu du alkatearen prentsaurrekoak: uztailaren 7an, Nagore Laffage gazte irundarra bortizki hil zuen Jose Diego Yllanes mediku iruindarrak, eta horrek goitik behera astindu ditu Iruñeko jaiak. Udalak, baina, uko egin dio egitarau ofiziala eteteari, eta, elkarretaratze instituzional bat kenduta, aparteko ezer gertatu ez balitz bezala eutsi die ekitaldi guztiei. Uztailaren 15eko goiz horretan, mikrofonoen aurrera agertu da Barcina, eta dozenaka kazetariren aurrean esan du 2008ko festak onak ez, «oso onak» izan direla. «Arrakasta» hitza nabarmendu du, 25 orriko diskurtsoan. Laffage ere aipatu du, beharrik, baina tarte handiagoa eskaini die prozesioan izandako istiluei eta entzierroei, besteak beste. Mugimendu feministak zera egotzi die erakundeei, indarkeria matxistan bainoago, azpimarra egiten dutela erasook «sanferminen irudiari» egiten dioten laidoan. Ezerk ez ditzala festak itsustu, horixe udalaren kezka nagusia.

Zortzi urte aurrera: 2016ko uztailaren 15a. Sanferminen osteko agerraldi instituzionala, atzera ere. Bost gizonek 19 urteko emakume madrildar bat bortxatu zuten uztailaren 7an, eta jaien osteko balorazioa egitear da Joseba Asiron alkatea (EH Bildu). Oraingo honetan, udalak ez dio izkin egin indarkeria matxistaren auziari. Are, izen-abizenak jarri dizkio aspaldiko arazoari: alkateak esan du sexu erasoek sanferminen «alderik ilunena» islatzen dutela, eta «indarkeria matxista salatzearen garrantzia» azpimarratu: «Herritarren erantzunari, erakundeek erakutsitako batasunari eta, batez ere, kolektibo feministek urteetan eginiko lan nekaezinari esker, hasiak gara arazoa ikusgai jartzen». Egitarau ofiziala etenda, sexu erasoaren aurkako protestetan bat egin dute hala Iruñeko Udalak nola Nafarroako Gobernuak, mugimendu feministarekin batera landutako protokoloei segika. Lehentasun nagusia jada ez baita sanferminen izen ona zaintzea, baizik eta indarkeria matxista fokupean jartzea.

«Nagoreren hilketaren ostean, pertzepzioa aldatu egin zen: mugimendu feministaren analisiak gizartera zabaldu ziren» 

TERE SAEZ Astelehen Lilak elkarteko burua

Hamar urte joan dira 2016ko talde bortxaketaz geroztik; hemezortzi, Nagore Laffage hil zutenetik. 2.922 egun igaro ziren gertakari baten eta bestearen artean. Eta, denbora horretan, errotik aldatu zen hiriak sexu indarkeriari emaniko erantzuna. Neurri batean, baita festaren eredua bera ere. Aldaketak, baina, ez ziren berez gertatu. Mugimendu feministak gogotik egin zuen lan —gehienetan, haize kontra— festa giroan egindako sexu erasoen auzia azaleratzeko, konplizitateak josteko eta instituzioen babesa eta baliabideak bermatzeko.

Arazoa ikusarazten

Nagore Laffageren hilketak agerian utzi zuen, ordura arte, jai giroan gertatutako indarkeria matxista gai deserosoa zela erakunde publikoentzat. Alfonbra azpian gorde beharreko arazoa, sanferminen izen onari eta turismoari kalte ez egiteko. Ikuspegi horrekin kritiko azaldu da Zaloa Basabe, Iruñeko Udalaren Berdintasun arloko zinegotzia: «Eskuinak aspalditik zuen iritzi hori. Enrique Maia alkate ohiak zera adierazi zuen behin, ez direla jaiak eta indarkeria nahastu behar, gero inork ez baitu sanferminetara etorri nahi izanen».

«Hortik gentozen, bai. Orokortua eta normaldua zegoen bortxaketaren kultura, festaren parte balitz bezala», gaineratu du Tere Saezek, Astelehen Lilak elkarteko arduradunak. Laffage ez zen izan matxismoak Nafarroan hildako lehen emakumea, kate astun eta luze baten katebegi bat baizik: 2002. urtean, esaterako, hautsak harrotu zituen Alicia Aristregi Berazaren hilketak, eta gizartearen erantzuna erabakigarria izan zen Nafarroako Parlamentuan genero indarkeriaren aurkako lehen legea onartzeko. Urte horietan, ordea, hilketa matxista kontzeptua bera ere ez zuten erabiltzen instituzioek, eta «pasio krimen», «etxe barruko indarkeria» eta gisakoak baliatzen zituzten.

Saezen irudiko, Laffageren hilketa inflexio puntua izan zen bide horretan. «Halakoetan gailentzen zen diskurtsoa paternalista eta punitibista zen erabat, indarkeria matxistaren erroetara jo gabe. Nagoreren hilketak pertzepzio aldaketa bat ekarri zuen: ordura arte mugimendu feministarenak soilik ziren analisiak gizartera zabaltzen hasi ziren». Horren ondorioak argi eta garbi ikusi ziren 2016, sanferminetako talde bortxaketaren aurkako erantzun koordinatuan.

Zubiak eraikitzen

2015ean Iruñeko udal gobernua aldatu zen, eta jaietako sexu erasoen auzian «erabaki politiko ausart bat» hartu zuen, Basaberen ustez: «Udal berriak erabaki zuen aurrerantzean ez zituela erasoak ezkutatuko. Argi erakutsi behar zen sanferminetan ere badela sexu indarkeria. Ez soilik sanferminetan eta ez soilik Iruñean, noski: erro sakonak dituen arazo bat da, sistemikoa eta gizarte osoari eragiten diona, izan Bilboko Aste Nagusian, izan Baionako bestetan… baina, hala izanagatik ere, eraso guztiak ikusaraztea eta seinalatzea erabaki genuen», gogoratu du.

Basabek uste du sexu erasoen aurkako jarrera «hiri osoaren posizionamendu irmo bat» izan zela oro har, ez soilik udalarena: «Iruñeak adierazi zuen ez zuela inola ere halakorik onartuko», laburbildu du, 2016ko erasoaren osteko mobilizazio jendetsuak oroituz. Urte horretantxe hasi zen udalean lanean, Berdintasun teknikari postuan, eta gogoan du zubigintzan aritu zirela jo eta su, mugimendu feministaren eta instituzioen arteko harremanak sendotzeko xedez. «Hilabete gogorrak izan ziren, batzuetan zaila baita elkarlana sustatzea instituzioen eta herri mugimenduen artean. Urteetan nor bere aldetik aritu ostean, bada mesfidantza moduko bat bi aldeetan: zein den bakoitzari dagokion tokia, zeintzuk diren mugak, zeintzuk aukerak… Azkenerako, baina, mugimendu feministak eskuzabaltasun handiz jokatu zuen, eta udalak ere berebiziko lana egin zuen baliabide publikoak eskainiz eta arreta espezializatua indartuz».

«Udalak erabaki zuen ez zituela erasoak ezkutatuko: argi erakutsi behar zen sanferminetan ere badela sexu indarkeria» 

ZALOA BASABE Iruñeko Udaleko Berdintasun zinegotzia

Konplizitate hori agerian geratu zen 2016ko bortxaketaren osteko erantzun bateratuan eta, batez ere, horren ostean loratutako jardunbideetan. «Ordura arte, herriko jaietan, mugimendu feministaren esku geratzen zen puntu moreak jartzea, sexu erasoen biktimei arreta ematea, laguntzea… Guk betidanik pentsatu dugu administrazioari dagokiola zerbitzu publiko eta espezializatu bat bermatzea esparru horretan ere», adierazi du Basabek.

Ordutik, Iruñeko Udalak sanferminetako egun guztietan ematen du sexu erasoei buruzko informazio zehatza, aurre egiteko gezurrei, informazio faltsuei eta «alarmismoa» piztea helburutzat duten zurrumurruei. Gazteluko plazako puntu morea ere indartu egin zuten, arreta osoagoa emate aldera: «Urtero milaka pertsona etortzen dira puntu horretara —11.306 iaz—, eta ikaragarrizko sentsibilizazio lana egiten da hor ere», esplikatu du zinegotziak.

Eta baliabideak jartzea udalaren egitekoa den bezala, Iruñeko Berdintasun zinegotziak uste du mugimendu feministari dagokiola «mobilizazioen eta erantzun publikoaren lidergoa» hartzea sexu eraso bat gertatzen den aldiro. «Guretzat oso inportantea zen herritarrek mezu bakarra jasotzea, ez hamaika. Jendarteak suma zezala udala bat zetorrela mugimendu feministarekin, erakundeak eta herri mugimendua ez zihoazela bakoitza bere aldetik. Hori 2017tik aurrera egin zen ikusgai, batez ere».

Mugimendu feministaren elkarretaratzea Iruñean, 2018ko ekainean, 2016ko sanferminetako bortxaketa salatzeko. IDOIA ZABALETA / FOKU

Edonola ere, erakundeen jarrera aldaketa ez zen gertatuko aurretik gizarteak berak bidea urratu ez balu. «Asko aldatu dira gauzak», nabarmendu du Saezek. «Aurreko batean, billabesan zihoan emakume batek txoferrari esan zion gizonezko batek ukituak egin zizkiola; eta txoferrak autobusa gelditu, ateak itxi eta Udaltzaingoari abisua eman zion. Hori pentsaezina zen duela bost urte». Bat dator Basabe: «Beldurra galdu dute emakume eta neska gazte askok. Jada ez dute lotsarik gertatutakoa kontatzeko; onartzeko gauean festa giroan gertatu zaien hori sexu eraso bat izan dela».

Izan ere, 2008ko eta 2016ko gertakarien artean igarotako denboran, mugimendu feministak auzitan jarri zuen jai eredua, Berdintasun zinegotziaren arabera: «Interpelazio zuzena egin zien jai ereduari, instituzioei eta jendarteari; eta jendeak interpelazio horri heldu eta pixkanaka hasi zen bere burua berraztertzen: praktikak, jaietako ohiturak… Feminismoak izen-abizenak jarri zizkion ordura arte ezkutuan zegoen ondoezari». Antzeko gogoeta egin du Saezek: «Nagoreren hilketaren ostean, mina aldarrikapen bihurtu genuen; gerora, onespena eta erabakitzeko eskubidea jarri genituen eztabaidaren fokuan. Ez da bide makala».