Arroizko biogas plantaren kontrako helegitea jarri du Sustrai Erakuntzak

Arroizko biogas plantaren kontrako helegitea jarri du Sustrai Erakuntzak

Nafarroako Ingurumen zuzendariak AGR Biogas enpresari emandako ingurumen baimen bateratuaren kontrako helegitea jarri du Sustrai Erakuntzak. Arroitzen (Nafarroa) biogas planta bat egiteko proiektuari eman zion baimena Nafarroako administrazioak, eta Sustrai Erakuntzak esan du «biometanizazio planten kontrolik gabeko hedapenari aurre egiteko xedea» duela helegiteak.

Izan ere, behin-behinean debekatuta dago egun Nafarroan biometanizazio plantak baimentzea, baina fundazioak uste du ez dela betetzen ari: «Nafarroako Gobernuak onartutako ustezko moratoria ez da bere helburua betetzen ari. Moratoria honek ez zuen haren xedeen artean arau esparru bat ezartzea planta mota hauen funtzionamenduaren baldintzak definituko lituzkeena. Soilik urtebeteko epea eman zuen tramitean zeuden planten egoera aztertzeko».

Gainera, luzamendua kritikatu dute izapidetze prozesuan dauden plantei ez dielako eragiten; Arroizkoa horien artean dago.

Irregulartasunak izapidetzean

Fundazioak proiektuaren xehetasunak nabarmendu ditu. Azaldu dutenez, proiektuak Arroizko nekazaritza lurren eta herritarren osasuna «jomugan» jarriko du. Gainera, izapidetze prozesuan bertan «irregulartasunak» daudela nabarmendu du Sustrai Erakuntzak: plantak urtean 137.754 tona digestato isuri beharko ditu —biometanizazio prozesuaren hondakina da digestatoa—, eta horretarako 2.600 hektarea beharko dira. Bada, fundazioak salatu duenez, horretarako hautatu diren lursail guztiek ez dituzte hori egin ahal izateko baldintzak betetzen; hori dela eta, beharko liratekeen 2.600 hektareetatik soilik 1.600 izango lirateke egokiak.

Gainera, salatu dute proiektuaren erredakzioan ez dela zehazten plantak nondik jasoko lituzkeen hondakinak. Energia ekoizteko 140.000 tona jaso beharko ditu plantak urtean, eta uste dute hondakin horiek urrundik garraiatu beharko lituzketela plantara, «erregai fosil kopuru handiak kontsumituz»: «Faktore hau aintzakotzat hartu beharko litzateke ustez energia berriztagarria sortzeko planta honen balantze energetikoan. Besterik ere, ez da kontuan izan zenbat erregai fosil kontsumitu beharko litzateke digestatoak laboreetan barreiatzeko».

Hori dela eta, fundazioak uste du ingurumenari eta pertsonei kalte egingo dien proiektu bat dela, eta horregatik eraginak «egoki aztertu» beharko liratekeela. Hala, uste dute «benetako moratoria» bat ezartzea beharrezkoa dela.