Ilusioa airean, prestakuntza kalean

Ilusioa airean, prestakuntza kalean

Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan ibiltzea zaila izan ohi da sanferminetan, baina aurreko egunetan oinez joatea ere ez da batere erraza izaten. Kamioiak daude edonon, banatzaileak alde batetik bestera doaz lepo gainean zama hartuta, eta jendearen artean urduritasuna nabari da. Denak zerbaiten zain daudela igartzen da. Kalean, oraingoz, kolore askotarikoak nagusitzen dira, baina, erlojuaren atzerako kontua zerora iristean, Nafarroako hiriburuko karriketan arropa zuriek eta zapi gorriek hartuko dute indarra. Arraroa izango da horrela jantzita ez doan norbait ikustea. 

Festak irauten duen zortzi egun eta erdietarako arropa izateak, ordea, aurretiko prestaketa bat eskatzen du. Oso ongi ezagutzen du antolaketa hori Arcelia Saez Blancok, Eh Toro sanferminetarako oroigarrien dendako langileak. «Negu guztia igarotzen dugu sanferminetarako zapiak, gerrikoak eta txapelak brodatzen, eta kamisetak estanpatzen. Ondoren, ekoitzitako guztia gordez joaten gara festa aurreko astean saltzen hasteko», azaldu du.

Sanferminak udan diren arren, eguraldia oso aldakorra izan daiteke, nahiz eta badirudien aurten bero itogarria izango dela. «Egoera desberdinetarako prestatu behar da denda, eta eskaria horren arabera egin», azaldu du Ruth Otsoa El Encierrico oroigarrien dendako nagusiak. «Prest egon behar dugu bero zein hotz handia egiten duenerako, baita euri zaparradaren bat botatzen badu ere», gehitu du.

Bi dendariak ados daude: gehien saltzen den produktua zapi gorria da. Baina horrek ere aldaketak izan ditu. «Zapi pertsonalizatuak gero eta gehiago saltzen dira», dio Saezek. Hala ere, El Encierrico dendan San Fermin santuaren zapia da jendeak gehien erosten duena. «Sanferminekin zerikusia duten estanpatuen kamisetak ere asko saltzen dira, kalimotxoz azkar betetzen baitira», adierazi du Saezek, barrez.

Gazteluko plazako agertokia, prest. ANDONI CANELLADA / FOKU

Upelak gora eta behera

Kalimotxo salmentari buruz badute zeresana Herriko eta El Mol tabernako langileek. Joseba Erize Herriko tabernako biltegian ari da janari kutxak eta garagardo kupelak antolatzen. Harekin batera, beste bost bat lagun ari dira biltegia antolatzen. «Martxoan hasten gara sanferminetarako prestatzen. Bilerak egiten ditugu barnean eta tabernako langileekin, guztia antolatzeko». El Mol tabernako Julen Gimenez zerbitzaria leku batetik bestera dabil, taberna barruan dena antolatzen, festarako: «Bi aste lehenago hasten gara bolumen handiko salgaiak ekartzen; garagardo kupelak, esaterako, eta, biltegi handia dugunez, bertan uzten ditugu. Aste bat lehenago txukun eta prest uzten dugu dena». 

Kalimotxoaz gain, garagardoa ere asko saltzen da sanferminetan, eta hori argi ikus daiteke Iruñeko kaleetan barrena. Banatzaileak garagardo kupelak daramatzate arrastaka eta bizkar gainean, taberna barruan sartuz. Gimenezen arabera, saltzen den garagardo kantitatea «harrigarria» da: «Uztailaren 6rako eta 7rako berrogei kupel ekarri ditugu, eta kupel bakoitzak 30 litro ditu».

Salmentek sanferminetan gora egiten duten arren, Gimenezek aitortu du «jendeak uste duen baino gutxiago» irabazten dutela: «Badirudi sekulako dirutza dela, eta bada, baina gastua ere oso handia da, lan asko da, eta sakrifizioa ere bai». Hala eta guztiz ere, Erizek dio disfrutatzeko denbora ere badagoela: «Behin suziria bota eta festa hasten denean, hor beti dago disfrutatzeko tartea».

Turisten gorakada

Euskara gutxi entzuten da kalean. Mikel Alkoz turismo bulegoko langilearen arabera, «espainiarrak, estatubatuarrak, alemaniarrak eta frantziarrak etortzen dira gehien». Leire Aleman, Maissonave hoteleko zuzendariak azaldu du gazte mexikar asko La pamplonada delakoa egitera etortzen direla. «Uztailaren 6an etortzen dira txupinazora, festara ateratzen dira, eta, ondoren, beren bidaian jarraitzen dute Europan zehar». 

Hoteletako eta ostatuetako langileak ere lanpetuta daude. «Urtarrilean hasten gara dena antolatzen, batez ere kafetegian eta jatetxean egoten diren aldaketetarako. Eskariak hilabete bat lehenago jasotzen hasten gara», dio Alemanek. Pompaelo hotela ia betea egongo da egun guztietan, azken egunean izan ezik. «Hotela beteta egotea lan karga handia da», adierazi du Jon Ducaiek, Udaletxe plazan dagoen hoteleko harreragileak. 

Entzierroa da sanferminetako momenturik kuttunena iruindar askorentzat; baita turistentzat ere. «Gehien gustatzen zaiena entzierroa da, baina, kaleko giroa eta festa ezagutzen dituztenean, edozein iruindarrek egiten dituen gauza berberak egin nahi izaten dituzte» adierazi du Alemanek. Alkozen arabera, zezenketak ikustera ere etortzen dira asko, baina, Ducaiek esandakoaren arabera, azken urteetan «asko jaitsi da» joera hori. 

«Sanferminetan etortzen direnak, normalean, itzuli egiten dira, hiria bere ohiko egoeran ikusteko», azaldu du Alkozek. Turistek festaren eta entzierroaren inguruko zalantzak galdetzen dituzte gehien, baina kanpotarrak ez dira turismo bulegora galdezka joaten diren bakarrak. «Euskal Herriko jende asko etortzen zaigu erraldoien ibilbideari eta egitarauari buruz galdezka. ‘Non daude erraldoiak?’, izaten da ohiko galdera».

Entzierroaren amaierako hesiak. ANDONI CANELLADA / FOKU