Ia dena prest da. Suziria eta kameren argi gorria piztea bakarrik falta da. Bihartik aurrera, BERRIAk luze eta zabal emango du festen berri, eta egunero elkarrizketak zein gai propioak landuko ditu. Txupinazoari dagokionez ere, bideoak eta albisteak igoko ditu, Iruñean egon ezin dutenek ere ikusteko aukera izan dezaten.
Hori da, azken finean, euskal komunikabideen helburua. Euskalerria Irratiak, kasurako, zuzeneko saio berezi bat egingo du 10:00etatik 12:30era bitartean. Udaletxeko plazako Seminario etxetik gidatuko dute saioa Unai Lako eta Miren Mindegia aurkezleek, eta kalean barna ibiliko dira Pello Argiñarena eta Haritz Pascual kazetariak.
Iruñerrian egoitza duen euskarazko irratiak ia egunero bi orduko irratsaioa egingo du, 12:00etatik 14:00etara, Zaldi Zuriaren txokotik —asteburuan ez dute saiorik egingo—. Alta, azken egunean, Seminario etxera itzuliko dira, eta han emango dute Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren agurraren berri.
Hamaika Telebistak ere astelehenean zuzenean emango du festen hasiera. 11:30ean hasiko dute emankizuna, eta ez da hor bukatuko. Egunero emango dute festen berri.
💥 Tik, tak, tik, tak…. 🥳
Sanferminetako txupinazoa zuzenean emitituko dugu, eta jaien egunez eguneko jarraipena egingo dugu webgunean zein sare sozialetan. Ez galdu!👇
🗓 Uztailak 6, astelehena
🕦 11:30
🔗 https://t.co/0sAXGfwXKl pic.twitter.com/VCy9zZCUe5
— Hamaika Telebista (@HamaikaTb) July 3, 2026
EITBk ere esfortzu berezia egingo du sanferminetan. Bihar, 11:00etatik aurrera txupinazoa emango du. Azken urteetan legez, entzierroak euskaraz ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek, ETB1en emango baitituzte, egunero. Joseba Urkiola kazetariak gidatuko du saioa, eta Anabel Arraiza, Joseba Olagarai eta Iñaki Ainziburu izango ditu alboan, berriemaile lanetan. Uztailaren 8ko Biba zuek saioa Iruñean egingo dute.
Gainera, Euskadi Irratiak ere txupinazoa zuzenean emango du, baita entzierroak ere, egunero.
