Jaia bai, borroka ere bai. Urte luzez lelo hori baliatu dute herri mugimenduko eragileek, bestak ongi pasatzeko ez ezik, aldarrikapenak zabaltzeko eremu ere badirela aldarrikatzeko. Borroka bai, errepresioa ere bai izan zitekeen Poliziaren leloa, Iruñeko sanferminetan sarri aldarrikapenak diren lekuan, istiluak izaten direlako poliziekin. Urte luzez txupinazoa borra kolpez hasi da, batez ere plazan ikurrina sartzen ahalegintzen ziren gazteen aurka. UPNren garaiak ziren. Biharamuna ere beroa izaten zen: uztailaren 7ko prozesioan sarri izan dira istiluak poliziarekin, batez ere Kuria karrikan, kabildoa katedralera iristear den unean. Zentsura saiakerak ere egon dira.
Hori da iaz gertatu zena: prozesioa Zapateria karrikara iristerakoan, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako bi kidek jota bat kantatu zuten balkoi batetik, etxebizitzaren egoera salatuz. Aurretik udaltzainek mehatxu egin zieten: «Abestuko duzuen jotak kontu aldarrikatzaileren bat baldin badu, salaketa jarriko dizuegu». Esan eta egin. Salaketa horren ondorioz, bi kidek eta Gedarreko kazetari batek 600 euroko isun bana jaso zuten. 1.800 euro jota bat kantatzeagatik.
Aurten ere ahalegindu dira. Sare sozialetan Etxebizitza Sindikatu Sozialistak iragarria zuen ez zirela geldirik geratuko, eta jota baten bidez euren protesta kantatzeko asmoa zutela, Kale Nagusiaren luze zabalean. Azkenean, kalearen erdialdean izan da. Plazara gunearen parean, kartel bat paratu dute Jazarpenaren aurrean, zentsuraren aurrean zioena.
Bi ikurrina, kalean, prozesioa igarotzen den lekuetako batean, Kale Nagusian. AITOR KARASATORRE / FOKU.
Behin kabildoa igaro eta santuaren irudia agertu denean, gitarra klasiko baten eta akordeoiaren lehen doinuak entzun ahal izan dira. Irudia igaro ahala, hasi dira jota kantatzen. «Azpikoek sufritzen duten eta aberatsa gero eta aberatsago den bitartean, borrokak jarraituko du. Ez dugu ahoa itxiko, herriarena da jota, mantentzen bada kritiko», zioen jotak.
Jose Mari Esparzak idatzi zuen liburu bat jota heretikoei buruz, jotak sorreratik izan baitu goikoen kontrako ozpin dosi bat. Alta, gaur egun jota eskoletan kantatzen diren abestiek galdua dute pozoi kritikoa, eta kanon uniforme, bakar eta errepikakor baten gisan abesten dituzte jota abeslari gehienek.
Hala, santuari gorazarre egiten ez zion kanta horietako bat zela jakitun, San Ferminen irudiaren eramaileak ez dira geratu kalearen erdian, eta aurrera jarraitu dute. Udalbatzako zinegotziak eta Joseba Asiron alkatea ere igaro dira balkoi horren azpitik ziztu bizian, Erronkariko jantzi tradizionala soinean, txalo eta animo artean. Atzean protesta jotaren doinua entzuten zen, baina haren edukia kaleko soinuen artean galdurik geratu da. Ezikusiarena egiten ahaleginduagatik, ikusi beharko da aurten ere isunekin erantzungo ote duten etxebizitza sindikatuko kideen saiakera.
San Ferminen prozesioan zentsuraren aurkako jota kantatu dugu gaur Iruñean.
Mientras sufran los de abajo
Y el rico sea más rico
Borrokak jarraituko du
Ez dugu ahoa itxiko
Herriarena da jota
Mantentzen bada kritiko. pic.twitter.com/Cgb86mL1c1
— Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista (@EtxeSindikatua) July 7, 2026
Bestelako aldarri eta kantak
Uztailaren 7a, festetako egun handia. San Ferminen irudia Alde Zaharrean barna ibiltzen deneko prozesioak erlijio kutsu handia du, eta, begirada guztien erdigune izateak ere aukera dakar plazaren erdian gorazarre erlijioso eta soziologikoa adierazteko. Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin gertatutakoaren alderantziz, hor bai, prozesioaren parte hartzaileek jotak kantatzeko aukera probestu dute. Balkoietan baina ez dira ikusi aldarriak.
Ibilbidearen luze zabalean, Palestinako bandera ugari ikusi ahal izan dira, bai eta sionisten krimenen aurkako mezuak ere. Ikurrinak ere nonahi, baita Nafarroako banderak ere. Uztailaren 7an balkoiak kolorez janzten dira, eta jendez lepo betetzen dira kaleak zein eraikinak. Askok pare bat ordu eman dute zain, bero sapari aurre eginez. Animoak, baina, are beroago daude, eta santuari kantatzen zaizkion jotak entzutean, sakelako pantaila ugariren artean negar malko batzuk antzematen dira.
Kontrasteko irudiak. Goian, Palestinaren aldeko bandera; behean, santuaren irudia. JESUS DIGES / EFE
Haur eta adineko, belaunaldi guztietako pertsonak elkartzen dira. Kontzeju plazako jotak ikusmin handia sortzen du. Gero, San Saturninoren parean Agur jaunak kantatzen dio euskaraz Napardi elkarteak. Talde horrek ez ditu onartzen emakumeak bazkide gisa, eta Nafarroako Gobernuko Berdintasun Institutuak estatutuak aldatzera premiatu du. Entzungor egin zion eskaerari, eta, erakundeak neurriak hartzeko prest agertu badira ere, prozesioaren barruan jarraitzen dute protagonismoa izaten.
Santua San Lorenzo elizara eraman eta meza amaitu ostean, azken txanpa iritsi da. Kabildoa katedralera bidean, Kuria kalean urteroko protestak egin dira. Elizako ordezkariei txistu eta oihu egin diete kalean bildutakoek. Udalbaltza pasa denean ere, «UPN kanpora!» oihukatu dute ozen. Hori kenduta, istilurik gabe aurrera egin du, eta unetxo delakoa gertatu da, non sei erraldoiek agur dantza egiten dioten kabildoari, katedraleko kanpai doinu ozenen artean.
Napardi elkarteak kantatzen du ‘Agur jaunak’ kale Nagusiaren hasieran. JESUS DIGES / EFE
Iraganeko adibideak
Bestela festak aurtengoan normaltasunez hasi dira. Iaz ez bezala. Iragan urtean poliziaren eskutik «errepresio zuzena» jasan zutela salatu dute aurten Mugimendu Sozialistak, Haritu elkarlaguntza sareak, AZGM Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak eta Indar Gorrik. Iazkoak ere txupinazoaren bueltan eta prozesioaren ibilbidean gertatu ziren. Prozesioa bai baita ekitaldi erlijiosoa, baina badu ukitu zibila ere, udal korporazio osoa han izaten delako. Herritarrek inoiz baino gertuago dituzte ordezkariak —denak elkarrekin, gainera—, eta aukera ona izaten da gaizki egindakoak aurpegiratzeko.
Larriagoak izan ziren istiluak 2022an. UPNko Enrique Maiak azken urtea zuen alkate, eta Kurian istiluak izan ziren. Urte hartan giroa bereziki bero zegoen sanferminak iristerako, Navarra Sumak hartutako zenbait erabakiren ondorioz, eta Kurian jendeak oihu egin zion orduko alkateari eta zenbait zinegotziri, eta bultzada ugari izan ziren. Udalbatzako kideek lasterka egin zuten udaltzainen hesiak lagunduta. Baina poliziek ez zuten Kurian gora egin; han gelditu ziren. Tentsioak gora egin zuen, kolpeak eta bultzadak izan ziren eta polizia han zirenen aurka oldartu zen.
Horregatik sei lagun auzipetu zituzten, eta aurten jakin da epaia: seiek urtebete eta bi urte eta erdi arteko espetxe zigorrak onartu dituzte, baina ez dira kartzelara joanen. Fiskalak sei eta zortzi urte arteko espetxe zigorrak eskatzen zituen, eta defentsak nahiago izan du akordioa egin. Bik bi urte eta erdiko espetxe zigorra onartu dute; beste hiruk, bi urtekoa, eta beste batek, urtebetekoa. Gainera, bi urtez sanferminetako entzierroan edo prozesioan parte hartzeko debekua ezarri diete, eta isunak ere ordaindu behar izan dituzte.
Borra dantza besta hasieran
Txupinazoaren egunean ere ohikoak izan dira poliziaren eta ezkerreko ekintzaileen arteko istiluak. Urte luzez ikurrina plazan sartzen ahalegintzeagatik. Iaz, bestelakoa izan zen motiboa. Zenbait eragilek salatu dute karriketan propaganda politikoa jartzen ibiltzeagatik 50 lagun baino gehiago identifikatu zituela Poliziak, eta 8.000 euro ordaindu behar izan zutela isunetan. Udaletxearen sarreran, San Domingo karrikan, Espainiako Polizia eta Udaltzaingoa oldartu egin ziren zenbait gazteren aurka. Gazte mugimenduaren arabera, Israelen aurkako pankarta bat sartu nahi zuten plazan.
Dianetan ere askotan izaten dira istiluak poliziarekin. Iaz gutxienez egun batez agertu ziren Espainiako Poliziak istiluetarako jantzita. Halako batean Pamplonesa bandaren atzetik dantzan ari ziren gazteen aurka oldartu ziren, borraka. Horrelakoak gertatu dira beste urte batzuetan ere. Are, txupinazoaren eta prozesioaren egunetan istiluetarako prestatutako polizia anitz izaten da karriketan.
