Sanferminetako lehen entzierroa ziztu bizian egin dute Fuente Ymbroko zezenek

Sanferminetako lehen entzierroa ziztu bizian egin dute Fuente Ymbroko zezenek

Aurrez idatzitako gidoia bete dute Fuente Ymbroko zezenek. San Jose del Valleko (Cadiz, Espainia) ganadutegiak izen ona du sanferminetan, hango zezenek beti elkarrekin egiten dutelako lasterka, eta oso adarkatu gutxi eragin izan dituztelako Iruñeko entzierroetan. Gaurkoan ere halaxe gertatu da: entzierro bizkorra eta zirraragarria egin dute, eta arrisku uneek zerikusi handiagoa izan dute ibilbidean pilatutako jendetzarekin, animalien portaerarekin baino. Bi minutu eta 21 segundoan egin dituzte ibilbideko 840 metroak.

Uztailaren 7ko lehen entzierroak, asteburuetan egiten direnak bezalaxe, badu ezaugarri propiorik: festen hasierako zirrarak lagunduta, jende asko animatzen da korrika egitera, eta horrek masifikazioa eragiten du ibilbidearen puntu askotan. San Domingoko aldapan bertan ere ikus zitekeen ohi baino jende gehiago zegoela gaur, suziria lehertu eta entzierroa hasteko zain.

Azkar atera dira zezenak, ziztu bizian, San Domingoko aldapan gora: joaldunak aurrean eta zezen beltzak eta grisak atzean, baina denak elkarrekin. Eroriko batzuk izan dira zati horretan, zezen saldoak hartu duen abiadura biziaren ondorioz. Mercaderes eta Estafeta kaleen arteko bihurgunea ere garbi hartu dute zezenek, irrist egin gabe, eta elkarrekin egin dute ibilbidearen zatirik handiena. Estafetaren goiko zatian, aldiz, Telefonicako bihurgunera iritsi aurretik, zezen taldea luzatu eta bitan banatu da. Azkenerako, bananduta sartu dira zezen plazara. 

Gaurko entzierroa zenbatuta, Fuente Ymbroko zezenek hemeretzi aldiz egin dute lasterka Iruñeko entzierroan. 2005. urteaz geroztik, ia urtero izan dira sanferminetan. Korrikaldi bizkorrak eta garbiak egin ohi dituzte, eta, hain zuzen, horrek eman die sona, Erruki Etxeko antolatzaileen ganadutegi kutunetako bat bihurtzeraino.

Lau zauritu, kolpeengatik

Larrialdi Zuzendariordetzak emaniko behin-behineko datuen arabera, lau zauritu izan dira entzierroko ibilbidean, baina adarkaturik ez. Kolpeengatik artatu dituzte lau lasterkari horiek, eta horietako batek buruan egin du zauria. Hiru zauritu Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte, eta laugarrena Iruñeko zezen plazan bertan artatu dute.