Sanferminik entzutetsuenak Iruñekoak diren arren, santuaz oroitzen dira orobat Nafarroako beste toki batzuetan ere. Lesakan, kasu baterako, egitarau oparoa prestatzen dute urtero uztailaren 6tik 11ra bitartean. Ostiralean hasi zen festa giroa herrian, asteburuan hainbat jarduera antolatu dituzte atariko gisara, eta atzo eman zieten azkenik hasiera ofiziala jaiei, goizetik gauera jardueraz betetako Bezpera Egunarekin.
Baina uztailaren 7a izaten da egun nagusia; San Fermin eguna, hain justu. Orduan dantzatzen dute zubigainekoa, besteak beste. Herriko dantzen bilduma oparoan, hori da entzutetsuena. Ez dago erabat argi haren jatorria: litekeena da XV. mendean bertoko auzoek sinatutako bake itunaren erakusle izatea, edo, beharbada, San Joan eguneko solstizio errituekin du zerikusia. Ezpata dantzaren ataletako bat da zubigainekoa, eta normalean hamabost dantzarik hartzen dute parte.
Ezpata dantzarien meza isilarekin abiatuko da gaurko eguna, San Martinen parrokian, 08:30ean. Dantzariek txistulari taldearen laguntzarekin egingo dute joan-etorria. Ondoren, udalbatzako kideekin lotuko dira 10:30ean, eta Herriko Etxetik elizarako bidea egingo dute herriko ikurrak aurrean dituztela. Auñamendi entziklopediaren arabera, hasierako ibilbide horietan, dantzariak makil gurutzea dantzatuz joaten dira: makilekin egitura bat osatzen dute, eta haren azpitik igarotzen dira dantzari guztiak.
Meza Nagusian Lesakako Abesbatzak parte hartuko du, besteak beste, eta, horren ondoren, Fermin Zaindariaren irudiarekin prozesioa egingo dute herrian. Plaza Zaharrean geldituko da segizioa, eta han egingo dute errituko bigarren dantza, zeharkakoa. Handik Eskol Ttikira abiatuko dira denak, eta Onin ibaiaren parean jarriko dira hirugarren dantzari ekiteko, zubigainekoari.
Musika eskaintza zabala
Arratsaldean ere izango dira dantzak. 18:00etan Bezperak hasiko dira, eta herriko abesbatzak kantatuko du ostera ere. Hori bukatutakoan, Zantzomonona esku dantza, aurreskua eta jota eta porrusalda dantzatuko dituzte. 19:00etan, bertso saioa egingo dute Plaza Zaharrean: Maialen Lujanbio, Maddi Ane Txoperena, Xabat Illarregi, Andoni Egaña eta Ekhiñe Zapiain ariko dira kantuan, eta Josu Txoperenak ipiniko dizkie gaiak. 21:00etan larrain dantza egingo dute leku berean, zezensuzkoa ibiliko da 22:00etatik aurrera, eta Rockalean taldeak emanaldi ibiltaria egingo du.
Peñen Eguna ospatuko dute etzi. Gosaria izango dute 08:30ean, danborrada 10:00etan, eta, 18:00etan, Arratzubin elkartuko dira Elutxa txarangarekin jaitsiera egiteko. Trikidantz taldeak borobilduko du eguna, 00:00etan, Plaza Zaharrean.
Ostegunean umeek izango dute protagonismoa. 16:00etatik 19:00etara bitartean, haur ikuskizunak egingo dituzte Eltzeta plazan. Horrez gain, herri kirolak izango dituzte 09:30etik 11:30era, esku pilota 17:00etan, eta Pettik kontzertua emango du txosnetan, 22:30ean.
08:30ean joko dute diana ostiralean ere, eta Lesakako gaiteroen kalejirarekin ekingo diote egunari. Ipuin kontalari batek girotuko du goiza, eta herri bazkaria egingo dute Eltzeta plazan. Gauean, musikaz beteko dituzte herriko bazterrak. 22:30ean DJ Infernu ibiliko da txosnetan, eta 02:30ean, DJ Trio de Janeiro. Eta Plaza Zaharrean, Bad Sound Systemek joko du aurrena, eta Endara DJk ondoren.
Agur musikatua egingo diete sanferminei, halaber. 18:00etan hasiko dira doinuak txosnagunean: Anuk eta Elene hasteko, Elutxa Txaranga gero, baita Berakatz eta DJ Aiakate ere. 23:00etan Gaixoa ni abestuko dute herritarrek Elutxa txarangarekin batera, Plaza Zaharrean, eta DJ Fifi Ta Fefak hartuko diete lekukoa, 00:00etan.
