Iruñeko sanferminetan, gizon bat atxilotu zuten atzo, sexu eraso bat egitea leporatuta. Iruñeko Udalak jakinarazi duenez, emakume batek salatu zuen ukituak egin zizkiotela, eta foruzainek gizonezko bat atxilotu zuten salaketa horrekin lotuta.
Hori ez da izan sanferminetan salatutako lehen eraso sexista. Asteartean, eraso sexistei buruzko informazio gunean ukituak jasateagatik beste salaketa bat jarri zuten, eta egun berean mugimendu feministak beste bi erasoren berri eman zuen: bat ukituengatik, eta beste bat exhibizionismoagatik.
Joseba Asiron Iruñeko alkateak azaldu duenez, orain arte sexu erasoen inguruan aurkeztutako salaketa guztien ondoren atxilotu dute norbait. Nabarmendu du erakundeek lanean jarraituko dutela mugimendu feministarekin elkarlanean, prebentzio neurriak, protokoloak eta biktimei ematen zaien laguntza indartzeko. Alkateak azpimarratu du emakumeen eskubideak erabat bermatu behar direla jaietan ere, eta eraso sexistek ez dutela lekurik sanferminetan.
