«Ra-Ra-Rasputin, lover of the Russian queen/ they put some poison into his wine/ Ra-Ra-Rasputin, Russia’s greatest love machine/ He drank it all and he said ‘I feel fine’». Inon sanferminetako ereserki ez-ofizialen zerrendarik bada, hor nonbait egonen da Boney M taldearen Rasputin, beste hainbat kantu mitikoren artean. Are, goiko postuetan izanen da ziurrenik, Concha Velascoren La chica ye-ye, Kortaturen Sarri, sarri eta Raffaella Carraren Hay que venir al sur hilezkorrekin batera. Festaren izaera alai, mutante eta konplexurik gabea gorpuzten dute abestiok. Peña baten bozgorailu kirrinkarietatik uhin hipnotiko horiek hedatzen hasi eta inguruan diren guztiak dantzan hastea —nor bere gaitasunen arabera—, dena bat izan ohi da. Espiritu axolagabe horrexekin ondu dute aurtengo sanferminetako musika eskaintza. Eta asko egitaraua ikustean purrustaka hasten badira ere —tradizioa da dagoeneko, jaietako kartela «itsusi mortala» dela esatea bezala—, eskertzekoa da musika estiloen nahasketa lehenetsi izana, unean uneko moden eta irrati formulako izenen gainetik.
Gazteluko plazako egitaraua abiarazteaz arduratu zen Boney M, uztailaren 6ko gauean, funk, disco eta reggae doinuz jantzitako emanaldi gogoangarri batekin. «Abesten ari diren horiek benetan al dira Boney M?», galdetuko zuen baten batek, dantzarien mugimendu arinak ikusita. Eta baziren, baina ez ziren. Boney M-rekin zerikusia duen guztiak bezala, errealitatea malgua eta anbiguoa da. Likidoa. Egiazki, jatorrizko Boney M-k hamarkada bat iraun zuen, ez gehiago: 1976. urtean sortu zuen Frank Farian ekoizleak, Alemanian —nahiz eta abeslariak karibetarrak izan; horra beste engainu bat—, eta, beren erritmo dantzagarriekin mundua hankaz gora jarri ostean, 1988an desegin ziren. Bidean, zortzi disko argitaratu zituzten, eta 100 milioi kopia baino gehiago saldu.
Lau kidek osatzen zuten jatorrizko taldea: Liz Mitchell, Marcia Barrett, Maizie Williams eta Bobby Farrell. Guztiak ala guztiak Farianek kontratatutako abeslari eta dantzari profesionalak. Taldea desegin ostean, Williamsek bakarrik eutsi zion Boney M markari, eta horixe izan zen iragan astelehenean Iruñean aritu zena. Taldea atzean utzita, Barrettek eta Mitchellek bakarkako ibilbideari ekin zioten, eta Bobby Farrell 2010. urtean hil zen.
Hain zuzen, azken horrekin zerikusia du Boney M-ren inguruan eraikitako gezur handienak: urteetan, zaleei sinetsarazi zieten Farrellen ahotsa zela Daddy Cool, Ma Baker edo Rasputin abestietan entzuten zena. Egiazki, ahots hori Frank Farianena zen; berak abestu baitzuen taldearen disko guztietan —nahiz eta argazkietan eta zuzenekoetan ez agertu—. Presentzia fisikoa eta dantzarako gaitasuna, horra Bobby Farrellek taldeari egin zion ekarpena. Funkaren jainko zerutiarrek, baina, ez zioten barkatu amarru kolosal hori, eta ironiaz jantzi zuten haren heriotza: 2010eko abenduaren 30ean zendu zen Farrell, San Petersburgon (Errusia), eta, hain justu, egun eta leku berean hil zuten Grigori Rasputin, mende bat lehenago. Horra karanbola kosmikoa. «Ra-Ra-Rasputin, Russia’s greatest love machine/ It was a shame how he carried on».
Ojete Calor, Nafarroa Arenan, Iruñean eskaini zuten azken kontzertuan. JESUS DIGES / EFE
Ojete Calor, beroaldi betean
Datozen egunetan, sanferminetako musika programazioak eklektikotasunari eutsiko dio agertoki guztietan: artista ezagunenak, Gazteluko plazako agertoki erraldoian; house, dub, blues eta jazz doinuak, Konpainia plazan; eta folklorea, San Jose plazan. Gaur, Neomak eta Shinova taldeen txanda izanen da Gazteluko plazan. Larunbatean, Ojete Calor bikote espainiarrak umorezko teknopop doinuak eskainiko ditu agertoki berean, eta bere kantu ezagunenak taularatuko ditu; hala nola Mocatriz, Opino De Que edo Cuidado con el cyborg (corre, Sarah Connor).
Igandean, Merina Gris hiruko donostiarrak sanferminetan joko du hirugarrenez —2023an txosnetan izan ziren, eta 2024an, berriz, egitarau ofizialearen barruan—, eta La Txamaren euskorridoek osatuko dute asteburuko musika eskaintza. Astelehenean, Hoferen doinu elektronikoek eta Jarfaiterren «rap kinkiak» bukaera emanen diete aurtengo sanferminei.
