Uztailaren 6an txupinazoa Udaletxe plazan bizi nahi dutenei zera gomendatzen zaie maiz: goiz agertzeko, tokia hartzeko; baina, orobat, ez azaltzeko goizegi ere, eguerdirako ordubete falta denetik ugariak baitira aurrera-atzera eta ezker-eskuin mugitzen diren giza oldeak, eta, halako batek harrapatuz gero, aise bultza dezakeelako edonor plazaren bazterrera, eta orduan garbi gelditzen delako agerian alferrik dela hain goiz ailegatu izana. Ordea, txupinazo guztiak ez dira berdinak. Aurten, estreinakoz, Txupinazo Txikia antolatu du Iruñeko Udalak, eta, festen ekuatorera iristearekin batera, haurrek piztu dute suziriaren metxa. Plaza lepo izan da txupinazo horretan ere, baina besarkadak izan dira jendearen arteko igurtzi bakarrak. Eta bultzadarik ez da izan; soilik zirrara.
Buztintxuri ikastetxe publikoko D ereduko ikasleek piztu dute suziria, zehazki: 4. A ikasgelako Gari Arregik, Ane Loizatek eta Ivanna Jimenezek.
Txupinazoa nork botako zuen erabakitzeko, Iruñeko Udalak lehiaketa bat antolatu zuen, eta Buztintxuriko ikasgela hori izan zen garaile. «Esan behar genuen nola hobetu genezakeen Iruñea», azaldu du Loizatek. Eta sakon eta zentzuz erantzun zioten galderari, Arregiren esanetan: «Aipatu genuen hobetu daitezkeela plazak, parkeak, billabesen geldialdiak…». Ikaskide guztiek elkarrekin egin zuten lan hori, baina, den-denak balkoian kabitu ezin zirenez, metxa piztuko zuten hiru lagunak nor izanen ziren erabakitzeko zozketa bat egin zuen zentroak. Zortea ere alde izan dute hiru protagonistek.
Zaldikoak, kilikiak eta buruhandiak ere izan dira Txupinazo Txikian. I. ZABALETA / FOKU
Udaletxera sartu aurretik, «pixka bat urduri baina pozik» ziren Arregi, Loizate eta Jimenez. Balkoian zer egin behar duten ederki ikasita zeukaten ordurako. «Igoko gara, eta Ivannak oihukatuko du ‘Pamploneses, pamplonesas’; nik, ‘Viva San Fermin’; Anek ‘Iruindarrok’ esango du gero, eta, azkenean, hirurok esango dugu: Gora San Fermin!», azaldu du Arregik.
Eta halaxe gertatu da. Aurrena, erlojuan 12:00ak zirela iragarri dute hiru musikarik turuta eta atabal hotsez, eta orduantxe atera dira bigarren solairuko balkoira hiru ikasleak —gainerako lagunak lehenbiziko solairuko balkoian izan dira bitartean—. Grinaz oihukatu dituzte oihukatu beharrekoak, eta, segidan, parean zeukaten botoi bat sakatu dute hirurek batera. Adingabeak izaki, legeak debekatu egiten die surik erabiltzea; horren ordez, udaleko langileek haien agindua jasotakoan zeruratu dute suziria.
Pozak hartu du plaza. Saltoka-saltoka hasi dira zientoka haur; asko, helduren baten lepora igota. Eta dantzan hasi dira erraldoiak, eta musika jotzen gaiteroak, eta pankartak astintzen peñetako kideak. Haurrek ere badakite festak nola piztu.
Haur eta nini mordoa bildu dira Buztintxuri eskolako ikasleek txupinazoa nola botatzen zuten ikusteko. I. ZABALETA / FOKU
