Miurak beti miura

Miurak beti miura

Mende erdi baino gehiago urtero Iruñera etortzen, entzierroaren hitzorduari iskin egin gabe. Miura ganadutegiko zezenen entzierroetan emozioa izan ohi da nagusi eta zezenek aurrera jo ohi dute, eraso egiteko imintziorik egin gabe. Historian salbuespenak egoten dira, noski, baina aurtengo lasterketan ospe horri ohore egin diote. 

Aurrekoak bezala, lasterketa bizia izan da. Hasieratik joaldunari egin diote toki eta atzetik joan dira sei zezen beltzak, anaiturik. Hain izan da erritmo azkarra, beste idiak atzetik geratu direla hasi eta berehala. San Domingoko aldapa alboetarantz begira egin dute, baina, taldearen babesean, begiradak baizik ez dira izan.

Bost zezen, Mercaderesko bihurgunea ongi hartzen. JOSE LUIS LARRION / EFE

Zezena erori da 

Apurka, udaletxetik Mercaderesko bihurgunerainoko tartean, zezenetako bat erori, eta horren ondorioz, atzean geratu da. Bakarrik geratzeko arriskua egonagatik, ez du gainerakoen arrastoa galdu eta Estafetan berriro ere galdutako tarte hori berreskuratzeko eta besteak hartzeko gai izan da. Haren aurretik, bost zezenak elkarrekin heldu dira Mercaderes amaierara, eta, ibilbidea ezagutuko balute bezala, oholaren aurka egin gabe, ondo hartu dute bihurgunea.

Estafetan metro batzuk egin ostean, zezenetako batek erabaki du aski zela. Joaldunari aurrea hartu eta taldearen buru jarri da. Bere arrastoari egin segika egin diote beste lau zezenek, eta multzoa apur bat sakabanatu bada ere, nahiko elkarturik egin dute kalean gora. Ondorioz, aurretik zihoan zezena zein atzetik bakarrik segika zihoan bestea kenduta, tarte gutxi ireki dira. Horregatik alboetan lasterketa egiteko aukera baino ez dute izan lasterkariek.

Estafetan gora, hiru zezen aurretik eta beste bi joaldunaren atzetik. ANDONI CANELLADA / FOKU

Asteburuaren ostean, nabari zen gaurkoan jende gutxiago zegoela lasterketan, eta, tartea lortu eta zezenen aurrean korrika egiteko lehia handia izan bada ere, bederen ez da pilaketarik sortu. Azkar joan dira Miura ganadutegiko zezenak eta hainbat lasterkari, estu, euren aurrean erori dira, erritmoari ezin eutsiz.

Telefonica pareko beste bihurgunea ongi hartu dute berriro zezenek eta euren abiadan, ibilbidearen eskuinean bildutako hainbat lasterkarirekin egin dute estropezu. Zezenetako batek burua altxatu eta adarrekin kolpatu ditu, adarkatzeko imintziorik egin gabe.

Telefonicaren inguruan, tarteak ireki eta korrika egiteko aukera izan dute lasterkariek. AITOR KARASATORRE / FOKU

Arduragabekeriak

Plazara iritsi aurreko korridorean zezenak lurrean erorita zeuden hainbat lasterkariren gainetik pasa dira, eta arduragabekeria pare bat egon da. Batetik, lehen multzoa iragan ondotik, haietako bat altxatu da begiratu gabe eta atzetik zetorren zezenari erreparatu gabe. Zortea izan du, ez duelako harrapatu baina horrelako uneak arriskutsuak izan ohi dira, duela 31 urte gertatutako aurrekaria gogoan —1995ean Matthew Peter Tasio estatubatuarra hil zuen zezen batek altxatzerakoan bete-betean jo eta adarkatu zuelako—.

Bestetik, jertse gorriko gizonezko batek geldirik ikusi ditu zezenik igarotzen, kamera batekin grabatzen. Korridorea oso estua da, eta zezenetako bat erori eta alboetarantz eginez gero, ihesbide gutxi izan ohi dira. Tranpa bat izan liteke, baina hark ere zortea izan du. 

Atearen parean, gizon bat geldirik entzierroa grabatzen, zezenak albotik pasatzen diren bitartean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Plazara iritsita, harea oin azpian nabaritzean, arriskua sortu da. Sei zezenek buelta bat eman dute eta ukuiluetarantz egin dute segidan. Bi minutu eta 34 segundo behar izan dituzte entzierroa osatzeko. Azken itzuli horrek atzeratu egin du apur bat.

Gurutze Gorriak zabaldutako lehen informazioaren arabera, zortzi lagun artatu dituzte jasotako kolpeen ondorioz —horietarik hiru zezen plazan bertan—. Oraingoz bederen hiru lagun ospitaleratu dituzte.