Han aditu ziren lehenbiziko tiro hotsak, Iruñeko Florencio Ansoleaga karrikako 12-14an. Duela 90 urte han zegoen Guardia Zibilaren kuartela, eta 1936ko uztailaren 18an, Emilio Mola jeneralak Espainiako Bigarren Errepublikaren kontra altxatzeko agindu zuen egunean, Jose Rodriguez-Medel Nafarroako Guardia Zibilaren komandantea han hil zuten, tirokatuta. Bera izan zen lehenbiziko biktima, eta gertakari hura gogoratu dute gaur Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen alde dauden elkarte memorialistek. Hura memoria leku izatea nahi dute, eta egin dute lehen urratsa: plaka bat paratu dute.
Omenaldi eguna izan da gaurkoa, duela 90 urte hasi baitzen altxamendu frankista Euskal Herrian. «Egun horretan bertan hasi zen izuaren legea Nafarroan, eta hurrengo egun, hilabete eta urteetan 3.700 pertsona baino gehiago hil eta desagertu ziren, eta 30.000 baino gehiago errepresaliatu zituzten beren ideia errepublikano, ezkertiar, nazionalista, anarkista zein feministengatik», azaldu du Koldo Amatriak elkarteen izenean. Bi eskari nagusi egin dituzte: atxiloketa zentro guztiak memoria leku izendatzea eta irakaskuntzan unitate pedagogiko gisa sartzea, batetik, eta Erorien Monumentua eraistea, bestetik.
Omenaldi «xumea» izan da, baina «hunkigarria», antolatzaileen arabera. Palestinar kufija, Nafarroako bandera, ikurrina eta Espainiako Errepublikako bandera paratuak zituzten 1959. urtera arte Guardia Zibilaren kuartela izandako lekuan. Pankarta bat ere zabaldu dute: Erorien monumentua eraitsi orain. Aurreskua dantzatu dute, txistuaren eta gitarraren doinuei jarraikiz, eta lore eskaintza ere egin dute, Jesus Guridiren Mendiko soinuak kantua jotzen zuten bitartean.
Jose Rodriguez-Medel
Florencio Ansoleaga karrikan ez dago kuartelaren arrastorik gaur egun. 1959an Galiziako etorbidera lekualdatu zuten, eta eraikina bota. Gaur egun, etxebizitzak daude han. Horregatik paratu nahi izan dute plaka, jendeak jakin dezan zer gertatu zen han. Egun hartan, guardia zibilak kuartelean bildu zituen Rodriguez-Medel koronelak; denak Tafallara (Nafarroa) bidali nahi zituen, han kolpeari aurre egiteko. Alferrik. Bere azpikoek ez zioten jaramonik egin, eta kuarteletik karrikara ateratzen ari zela, atzetik sei tiro jo zizkioten. Ondoren, Jose Martinez Friera komandantea, Ricardo Fresno Urzaiz kapitaina eta Pablo Ardanaz guardia zibila atxilotu zituzten. Denak hil zituzten, eta gaur egun haien omenez lurrean paratutako plaka banak gogoratzen ditu.
Nolanahi ere, omenaldia zabalagoa izan da: frankistek abiatutako kolpearen, gerraren eta diktaduraren biktima guziak oroitu dituzte. «90 urte pasatu badira ere, diktadurako krimenek zigorrik gabe jarraitzen dute, eta frankismoaren biktimek zera espero dugu: egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermeak», esan du Amatriak. Gogoratu du kuartel hura «atxiloketa eta errepresio leku» izan zela 1936tik 1959ra bitarte. «Hemendik jende asko atera zuten hiltzera, soro eta arekatan zein hilerrietako hormetan». Ez ziren atxiloketa eta errepresio gune bakarrak izan: falangisten eta karlisten egoitzak, zezen plaza, Ziudadela, komentuak, kartzelak, udal askotako sotoak, askotariko kuartelak… «Ondoren, Gobernu Zibilak eta Galizia Etorbideko Guardiak Zibilaren kuartelak errepresioaren erreleboa hartu zuten».
Bada, horiek guziak memoria leku izendatzeko eskatu dute, eta eskoletan ere aipa ditzatela, belaunaldi berriek historia eta memoria ezagutu ditzaten. «Uste dugu badela garaia». Bide horretan, lehenbiziko urratsa Florencio Ansoleaga karrikako 12.ean plaka bat paratzea izan da, eta berehala eginen diote eskaera ofiziala Nafarroako Gobernuari memoria leku izenda dezan.
Erorien Monumentua
Baina gogoratu dute oraindik ikur frankista «askok» zutik jarraitzen dutela, «biktimak birbiktimizatzen» eta «borreroak edo traidoreak goratzen». Denak kentzeko eskatu du Amatriak, «salbuespenik gabe». Horien artean Erorien Monumentuan paratu du azpimarra. «Ezin da biktimak gehiago irainduko dituen museo bilakatu. Oroimen lekuak, errepresio frankistako lekuak dira; aldiz, sinbolo frankistak ez dira errepresio lekuak, borreroei gorazarre egiteko lekuak baizik». Elkarte memorialista hauen aburuz, frankismoaren biktimei egin dakiekeen omenaldirik «onena» eraikin hori eraistea da.
Amatriak euskaraz esandakoak gaztelaniaz aipatu ditu Yolanda Ansok, eta, gainera, bere ama gogoratu du, La Zule. Campana karrikan bizi zen, Florencio Ansoleagaren paraleloan, eta 7 urte baizik ez zituen frankistek kolpea eman zuten egunean. Hark esaldi bat esaten zion alabari behin eta berriro, eta gaurko omenaldian gainerakoekin partekatu du: «Memoria ez da gorde behar, memoria oihukatu egin behar da lau haizetara, inoiz ahaztu ez dadin».
