Pobreziak hozkailua husteaz gain, osasuna ere kaltetzen du. Hori da Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Nafarroako Elikagaien Bankuarekin (NEB) batera egin duen ikerketaren ondorio nagusia. Adierazi dute horrek agerian uzten duela elikagai bankuetako erabiltzaileen osasunaren eta populazio osoarenaren artean «osasun arrakala handia» dagoela.
Nafarroako Elikagaien Bankuko 350 erabiltzaile elkarrizketatu dituzte ikerketa egiteko; horietatik %70 emakumeak izan ziren eta batez besteko adina 45,5 urtekoa izan zen. Lanak, gainera, Nafarroako testuinguru sozialean kokatu ditu datu horiek; Espainiako Estatuko per capita errentarik handienetako bati eusten dion arren, eta pandemiaren ondoren ekonomia nabarmen suspertu den arren, hazkunde hori ez da berdin iritsi herritar guztiengana.
Emaitzek erakusten dute Elikagaien Bankuak artatutako pertsonek adierazle okerragoak dituztela aztertutako dimentsio guztietan, batez ere osasun mentalean eta min fisikoan. Hamar erabiltzaileetatik, seik baino gehiagok diote antsietatea edo depresioa pairatzen dutela, eta Nafarroa osoko hamar biztanletatik bik. Era berean, %55,7k adierazi dute mina edo ondoeza fisikoa dutela, Nafarroako batez bestekoa baino hogei puntu gehiago. Halaber, muga handiagoak dituzte eguneroko jarduerak egiteko, mugikortasun arazo gehiago dituzte eta beren osasun egoeraren pertzepzio orokor okerragoa dute.
