Eguraldi aldakorraren ondorioz, Nafarroan 765.000 tona zereal bildu dituzte, iaz baino %13 gutxiago

Eguraldi aldakorraren ondorioz, Nafarroan 765.000 tona zereal bildu dituzte, iaz baino %13 gutxiago

Gaitz erdi. Laborariak beti zerura begira egon ohi dira, eta Nafarroako aurtengo kanpaina ez da salbuespena izan. Jesus Goñi Intiako teknikariaren arabera, aurtengo baldintza klimatologikoak «ezohikoak» izan dira, «ia dena» garagarrak zein gariak eskatzen duten egoeraren aurkakoa izan baita. «Ez da uzta ona izan, baina nahiko ezkorrak ginen eta espero baino hobeto joan da». Hala, 765.000 tona bildu dituzte, iaz baino %13 gutxiago.

Ekoizpen bolumen horrek bere horretan ez du gauza handirik esaten. Izan ere, aurreko bi zereal kanpainak oso onak izan dira Nafarroan: 2024ean inoizko urte emankorrena izan zuten, eta iazkoa ere uzta ona izan zen. Azken bost urteetako batez bestekoa aintzat harturik %3 gutxiago bildu da, eta azken hamar urteetako datuei begira, hirugarren urte txarrena izan da. «Apur bat triste gaude horregatik, bi kanpaina bikain izan genituelako eta orain apur bat beherago ibili garelako», azpimarratu du Julio Alvarez teknikariak.

[articles:2161687]

Garagarra eta garia Iruñerritik hegoaldera ereiten da, eta 150.000 hektarea inguruko eremua hartu du aurtengo kanpainan. Zonaldeka, eguraldiak antzera jokatu du zereala ekoizten den eskualdeetan —Iruñerria, Estellerria, erdialdea, Zangozerria eta Erribera—.

Hau da, lurra prestatzeko eta ereiteko garaia, iraila eta urria, oso lehorrak izan ziren. Azarotik aurrera euria egin zuen eta oro har negua hezea izan zen, baina gauetan izotz gutxi bota zuen. Martxoan euria egin zuen arren, apirila ohi baino beroago izan zen. Azkenik, maiatzeko lehen hamabostaldian euria egin bazuen ere, hortik aurrera bero handia egin du: gutxieneko tenperaturak 15 gradutik gora, eta gehienezkoa 30 gradutik gora. «Martxoko euriek eta batik bat maiatzekoek salbatu gaituzte. Bestela hondamendia handiagoa izan izango zen», onartu du Goñik.

[Informazioa lantzen ari gara]