Lehen lana

Lehen lana

Gogoan dut Bilboko ikasle pisuko alokairuaren lehen hilabetea herriko supermerkatuan udan irabazitako soldatarekin ordaindu nuela. Unibertsitateko lehen urtea zen. Ez zen dirutza, inondik inora, baina alokairua nire diruarekin ordaindu izanak harrotasun berezi bat sentiarazi zidan. Oroitzen naiz lagunei kontatu niela, sekulako lorpena izango balitz bezala.

Uda heltzen den bakoitzean, barra atzean, supermerkatuko kutxan edo dendaren bateko erakusleihoaren bestaldean lanean ari diren gazteengan islatuta ikusten dut neure burua. Duela aste gutxi azterketekin buru-belarri zebiltzan; orain, ordea, udako lanari ekin diote. Gehienek ez dute oraindik beren lanbidea aurkitu, ezta bilatu ere. Udan irabazitako diruak askatasuna ematen die lagunekin oporretan joateko, parrandaz gozatzeko edota ikasturteko gastuei aurre egiteko.

Lehen lanak badu zerbait berezia. Lehen aldiz ulertzen duzu soldata bakoitzaren atzean goiz jaikitzea, txandak egitea eta nekearekin etxera itzultzea dagoela. Puntualtasunaren balioa ikasten duzu, baita hartutako ardurei erantzuten ere. Bezero atseginak ezagutzen dituzu; beste batzuek, berriz, pazientzia proban jartzen dizute. Lankideekin talde baten parte izaten eta elkarri eusten ikasten duzu. Eta, bidean, ohartzen zara denok egiten ditugula akatsak. Egunaren amaieran, diruaz harago doan zerbait daramazu etxera.

Askotan, curriculumean ia lekurik hartzen ez duten esperientziak izaten dira, baina norberaren izaeran arrastoa uzten dutenak. Jendaurrean lan egin ondoren, ez diozu berriro modu berean begiratzen mostradorearen bestaldean dagoenari. Ordu luzez lanean aritu denaren nekea ulertzen hasten zara, eta hitz atsegin batek balio handia duela ere bai. Eta, batez ere, lanean ari denaren tokian jartzen ikasten duzu.

Ordu luzez lanean aritu denaren nekea ulertzen hasten zara, eta hitz atsegin batek balio handia duela ere bai

Badu, noski, beste alde bat ere. Udako lan horietako asko prekarioak dira oraindik, eta merezi luketena baino okerrago ordainduak. Neurri handi batean, uda gazte askoren lanari esker sostengatzen da; ordutegi zailak eta normalizatu behar ez liratekeen baldintzak onartzen dituzten gazteei esker, alegia. Hori ere lehen lan askoren parte da, lan munduaren alde gordinenarekin izaten dugun lehen hartu-emana.

Itzal horiek ahaztu gabe, uste dut badagoela zerbait baliotsua lehen lan horietan. Soldata gastatu egiten da; alokairua ordaintzen da, oporretako bidaia amaitzen da eta lagunekin egindako afariak oroitzapen bihurtzen dira. Geratzen dena, aldiz, beste zerbait da: norberak irabazitako lehen soldataren poza, lanaldi luzeek utzitako nekea eta ordura arte ezezaguna zitzaizun mundu batek emandako irakaspena. Uda honetan lanean ari diren gazte askok, ziurrenik, oporretarako dirua besterik ez dute izango buruan. Eta hala izan dadila. Urte batzuen buruan, agian, haiek ere irribarrez gogoratuko dute lehen soldata harekin ordaindu zuten hura.