«Ainguratzen laguntzen dit marrazteak, gertatzen ari dena prozesatzen»

«Ainguratzen laguntzen dit marrazteak, gertatzen ari dena prozesatzen»

Herriak bizitzeko modukoak izatea premiazkoa dela uste du Myriam Cameros Sierra ilustratzaile eta marrazkilariak (Iruñea, 1978). Zarrakaztelukoa da, eta Tuteran du lantegia. Pozik da, Dibujos medicina. Sendagaiak izenburupean egindako bere azken lanak Bertizko jauregian zintzilikatu baititu, Kultur programaren barruan. Abuztuaren 31ra arte zabalik izanen da erakusketa. Obraren bidez, nork bere argia «okupatzeko» deia egin du artistak.

Nola sentitzen zara zure lana erakustean?

Askoz erosoago sentitzen naiz nire estudioan, nire arkatzekin marrazten. Hortik ateratzea pixka bat zaurgarri agertzea da. Ohikotasunetik ateratzea da, baina, aldi berean, oso garrantzitsua ere bada. Ez da berez izugarri gustuko dudan ariketa, baina nahitaezkoa da publikoarekin konektatzeko. Sare sozialetan egon arren, nire obra asko aldatzen da ingurune fisikoan. Gainera, Bertiz bezalako leku batean, naturaz inguratuta eta hain leku ederrekin, baldintza egokiak sortzen dira obrarekin solastatzeko eta komunikatzeko guneak sortzeko.

Espazioak obra baldintzatzen du? Eta alderantziz?

Espazioak eta obrak elkarri eragiten diote. Erakusketa bat egitea ez da bakarrik zure lanak toki batera eramatea. Gustuko dut erabakitzea zer jarri eta nola, eta zehaztu ditudan ilustrazioen artean zeintzuk diren egokienak leku horretarako. Adibidez, abuztuaren 12an eklipse bat izango denez —inguru honetan 1912tik ikusi ez dena—, horri garrantzia eman nahi izan diot, eta begirada emozional batetik erakusketaren parte bihurtu.

«Hitza eta irudia jartzen dizkiet agian ikusezinak diren baina oso errealak diren eguneroko kontzeptuei»

Jendeak bisita liburuetan uzten dizkizun iruzkinetatik dator erakusketaren titulua. Zerekin konektatzen dute?

Esaten dute marrazkiek beren bizitzako une garrantzitsu askotan laguntzen dituztela. Batez ere, gelditu eta denbora hartzen dutenean beren burua aztertzeko. Agian depresioak jota direnean edo gorputza oso zaurgarri duten garai batean marrazkiak lagun dituztela diote. Nolabaiteko elkarrizketa sortzen da kanpokoaren eta barrukoaren artean. Iruditzen zait hori dela jendeari nire lanetik gehien gustatzen zaiona. Emozioak edo gauza zailak pertsonaia bihurtzen ditut, edo hitza eta irudia jartzen dizkiet agian ikusezinak diren baina oso errealak diren eguneroko kontzeptuei.

Sendabidea da askorentzat; zuretzat ere hala da sortzea?

Bai. Batez ere, neure burua ordenatzen eta arretari eusten laguntzen dit. Arreta lapurtu digute, eta etengabe kanpora begira bizi gara. Estimulu pila bat ditugu, eta marraztea lagungarria zait ainguratzeko eta gertatzen ari dena prozesatzeko. Neure buruarekin eta kanpokoarekin nola nagoen ikusten laguntzen dit. Etengabe sortzen dira elkarrizketak barrukoaren eta kanpokoaren artean. Adibidez, orain sute pila bat daude, eta, aldi berean, burnout [neke profesionalaren sindromea] kasu ugari ere bai, jendea erretzen ari delako. Lurraren eta pertsonen arteko paralelismoak ikusten ditut.

Argitasunean jarri nahi izan duzu arreta. Zergatik?

Ematen du etorkizuna gero eta okerragoa izango den mundu batean bizi garela. Hori dela eta, oraina nolabait jasangarriago bihurtzen da. Uste dut distopia gehiago ditugula utopiak baino. Hori ikusita, zer gertatuko litzateke mundu guztiak bere argia okupatuko balu? Hau da, zer gertatuko litzateke automatikoan bizi ez bagina, eta hain minduta eta erreta egongo ez bagina? Argia okupatu aurretik itzalak habitatu behar dira, baina ez da erraza. Saiatu behar dugu gure metro koadroan eman dezakegun onena ematen. Adibidez, animalien kontrako tratu txarrek eragin handia dute niregan. Horregatik, saiatzen naiz borrokatzen, baina frustratu gabe. Nola egon daiteke mundu bat non jendeak animaliak hainbeste maite dituen, eta, aldi berean, hainbeste gutxiesten dituen? Horregatik, nire metro koadroan animaliekiko maitasuna sustatzen saiatzen naiz, eta, agian, maitasun hori kutsatzea lortzen dut.

Fantasiazko pertsonaiak sortzeko tailerrak egiten dituzu. Nondik abiatzen zara pertsonaiak sortzeko?

Nahiko abstraktua da. Gaizki sentitzen naizenean, barruan sortzen diren elkarrizketetatik abiatzen naiz. Norberaren ahotsak aztertzen ditut: ea bizitzarekin eta esperantzarekin ari naizen solasean, edo etsipenarekin. Album ilustratuen esparrutik natorrenez, ez dut pieza bat sortzen eta kito. Beti narratibak bilatzen ari naiz; hau da, ilustrazio txiki bakoitza istorio edo ipuin txiki bat da. Gehienbat, kudeatzen ez dakizkidan gauzetatik sortzen dira ideiak: ulertzen ez ditudan gauzetatik, gainezka egiten didan horretatik edo barrutik mugitzen nauten kontuetatik. Horrekin guztiarekin nolabaiteko album ilustratu bat osatzen dut.

«Beti narratibak bilatzen ari naiz; hau da, ilustrazio txiki bakoitza istorio eta ipuin txiki bat da»

Zure ilustrazioek kolore asko izaten dituzte. Haurrei zuzendutako lana dela pentsatzeko joera dago?

Erabiltzen dudan grafismoa haurrenarekin lotu ohi bada ere, niretzat oso argi dago nire marrazkiak, oro har, helduei zuzenduta daudela. Erakusketara familia asko hurbildu dira, eta haurrek beste begirada batekin ikusten dituzte ilustrazioak. Askoz begirada zabalagoa dute, eta nik ikusten ez nituen esanahiak aurkitzen dituzte.

Haurrekin lantzen ohi ez diren gaiak jorratzeko bide bat izan daiteke?

Bai. Adibidez, erakusketan buru baten eskultura bat dago. Alde batean kartzela moduko bat ageri da, eta bestean, berriz, loreak. Ditugun pentsamenduen arabera, gure burua kartzela edo lorategi bihur daiteke. Eskultura horren aurrean, bereziki, haurrak gelditzen dira.