Hutsik dauden etxebizitzak merkatura aterarazi nahi ditu Nafarroako Gobernuak

Hutsik dauden etxebizitzak merkatura aterarazi nahi ditu Nafarroako Gobernuak

Etxebizitza parkearen «erabilera egokia bermatzea» jarri zion helburu gisa bere buruari Nafarroako Gobernuak. Eta ildo horretan neurri berri bat jarri du martxan gaur: hutsik dauden etxebizitzak detektatzea eta jabeekin harremanetan jartzea. Horrela, bi helburu bete nahi ditu foru gobernuak: alde batetik, Nafarroan dauden etxebizitza hutsen erregistro ahalik eta eguneratuena izatea; eta, bestetik, jabeei etxebizitza horiek merkatura ateratzeko bide bat eskaintzea.

Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politika Sailak ustez hutsik egon daitezkeen 115 etxebizitza identifikatu ditu egunotan, eta horien jabeengana jotzen hasi da gaur. Etxebizitza hutsik ez dagoela justifikatu beharko dute jabeek, gehienez ere hamar eguneko epean. Bestela, etxebizitza hustzat joko da, eta Nafarroako erregistroan sartuko dute, zerga berezia ordainarazita. Azken hori kobratzea udalei dagokie. Hortaz, behin hutsik daudela baieztatuta, Nafarroako Gobernua udalekin jarriko da harremanetan.

Horren helburua da etxebizitza horiek merkatura ateratzea, Nafarroako parkea handituz. Hori dela eta, hutsik ote dagoenaren susmoaz ohartarazten duen komunikazioaz gain, etxebizitza horien jabeek informazioa jasoko dute horiek nola merkaturatu argitzeko. Besteak beste, etxebizitza horiek nola alokatu edo babestutako birgaitze lanak nola abiarazi jakinaraziko zaie.

Etxebizitza Sailak analisi tresna berri bat jarri du martxan identifikazioa errazteko. Datuak ur zein elektrizitate kontsumoa katastroko datuekin gurutzatzea ahalbidetzen du. Jarduteko era berri horrek hutsik dauden etxebizitzen «identifikazioa azkartuko» duela adierazi du Etxebizitza Sailak, ohar baten bidez. Identifikatu dituzten etxebizitza gehienak Iruñerrian daude: 85. Beste 30 lurraldean daude sakabanatuta.

Denak, juridikoak

Baina, zer esan nahi du etxebizitza bat hutsik egoteak? Norbaitek bere bigarren etxebizitza urtean zehar ez badu erabiltzen, Nafarroako Gobernua ez da berarekin harremanetan jarriko. Izan ere, etxebizitza bat hutsik dagoela adierazteko hurrengo bi egoeratako bat bete behar da: pertsona fisikoen kasuan —hau da, norbanakoak—, administrazio publikoa hirugarren etxebizitzatik aurrera hasten da zenbatzen etxebizitza huts gisa identifikatzeko; pertsona juridikoen kasuan —enpresak, adibidez—, ordea, ez dago gutxieneko kopuru bat: ez badago ur edota elektrizitate gasturik, hustzat jo daiteke ezein etxebizitza. Hutsik egon daitezkeen 115 etxebizitza horiek bigarren multzoan daude.

Neurria Etxebizitzaren Kontrol eta Ikuskatze planaren barnean kokatzen da. Gobernuaren plan horrek xede du Nafarroako etxebizitza parkea era egokian erabiltzen dela ziurtatzea. Horiek horrela, zenbait ekintza eraman dituzte aurrera hutsik dauden etxebizitzen identifikazioaz gain; hala nola eraikuntza bultzatzea, birgaitzeak areagotzea, babestutako etxebizitzen transmisioa erraztea eta alokairuen erregistro bat zein edukitzaile handiena osatzea.

Bestelako neurriak

Etxebizitzarako sarbidea errazteko bide horretan, Nafarroako Gobernuak hainbat neurri eraman ditu aurrera azken urtean. Iragan irailean, esaterako, EtxeON egitasmoa aurkeztu zuten; zeinak 735 etxebizitza publiko eraikitzea aurreikusten zuen: alokairu babestuko 493 etxebizitza, erabilera mugatuko salerosketarako 128 eta etxebizitza kooperatiben erabilerarako 114. Eraikuntza lan horiek 2030. urtera arte luzatuko zirela jakinarazi zuten egitasmoa aurkeztu zutenean.

Gainera, bestelako etxebizitza eredu bat bultzatzeko bidea urratzen hasi zen otsailean: bizitoki kooperatibak. Etxebizitza Kolaboratiboen Foru Legearen aurreproiektua aurkeztu zuten hango hartan. Testu horretan jasotzen zuten kooperatiba batek izango duela etxebizitza multzo baten titulartasuna, eta haren partaideak ez direla eraikinaren jabeak izango, baina eskubide osoa izango dutela hor bizitzeko eta eremu eta zerbitzu komunak erabiltzeko.