Bi pertsona, upel bati kateatuta eta bide erdian botata. Irudi hori ikusi dute gaur goizean Genevillako (Nafarroako) herritik ateratzen ari ziren kamioi gidariek. Herri horretan biltegiratzen dituzte Labrazako (Oion, Araba) parke eolikoan instalatuko diren haizen erroten hegalak, eta horiek garraiatzen ari ziren bidean oztopoa aurkitu dutenean. Izan ere, «lurraren defentsan ari diren» bi aktibistak errepidea blokeatu dute, parke eoliko horren aurkako protesta egiteko.
Ekintzaileek zabaldutako irudietan, bi hegal handi daramatzaten bi kamioi ageri dira, geldirik, bidea blokeatzen duten aktibisten atzean. «Lurra defendatu» idatzirik duen upel bati kateatuta ageri dira bi, eta gainerakoek Labrazaren aurkako eta bestelako egitasmoen aurkako pankartak dituzte eskuetan. AHTaren aurkako eta meatzeen kontrako esloganak irakur litezke kartel horietan. Ekintzaileek Argia hedabideari jakinarazi diotenez, Nafarroako Foruzaingoa bertaratu da gertakarien lekura, baina oraingoz ez dira bi aktibistak askatzen saiatu.
Ez da Labrazako parke eolikoa eraikitzeko lanek aurkitzen duten mota horretako lehen oztopoa. Maiatzean, bost aktibista haize errota baten eraikuntza lanetan kateatu ziren, lanak oztopatzeko asmoz. Ertzaintzak askatu zituen bostak, baita identifikatu ere, eta lanek aurrera jarraitu zuten. Martxoan, berriz, obretako hainbat makinaren aurkako «erasoa» ikertu zuen Ertzaintzak. Zortzi haize errota izango ditu Labrazako parke eolikoak, eta uztailean hasitako lanak urte amaierarako bukatzea espero dute bultzatzaileek.
Oiongo udalerriko Labraza (Araba) herrian eraikitzen ari diren parke eolikoak kontrako erreakzioak eragin ditu ekologisten eta tokiko agintarien artean. EAEn hogei urtean eraikitzen den lehen parke eolikoa da Labrazakoa, baina guztiak ez daude ados Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko proiektuarekin. Oiongo Udala —EH bilduk kontrolatzen du— egitasmoaren aurka azaldu zen, azkenean «derrigortasun administratiboa» argudiatuta onarpena eman baino lehen. Aixeindar enpresak bultzatzen du Labrazako parke eolikoaren eraikuntza. Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrola enpresak sorturiko sozietatea da hori.