Aktibistek bidea oztopatu diete Labrazara haize errotak daramatzaten kamioiei

Bi pertsona, upel bati kateatuta eta bide erdian botata. Irudi hori ikusi dute gaur goizean Genevillako (Nafarroako) herritik ateratzen ari ziren kamioi gidariek. Herri horretan biltegiratzen dituzte Labrazako (Oion, Araba) parke eolikoan instalatuko diren haizen erroten hegalak, eta horiek garraiatzen ari ziren bidean oztopoa aurkitu dutenean. Izan ere, «lurraren defentsan ari diren» bi aktibistak errepidea blokeatu dute, parke eoliko horren aurkako protesta egiteko. 

Ekintzaileek zabaldutako irudietan, bi hegal handi daramatzaten bi kamioi ageri dira, geldirik, bidea blokeatzen duten aktibisten atzean. «Lurra defendatu» idatzirik duen upel bati kateatuta ageri dira bi, eta gainerakoek Labrazaren aurkako eta bestelako egitasmoen aurkako pankartak dituzte eskuetan. AHTaren aurkako eta meatzeen kontrako esloganak irakur litezke kartel horietan. Ekintzaileek Argia hedabideari jakinarazi diotenez, Nafarroako Foruzaingoa bertaratu da gertakarien lekura.

Lekukoen arabera, Foruzaingoaren «brigada berezi bat» bertaratu da ekintzaren lekura, eta 13:30ak aldera askatu dituzte bi aktibistak, eta orduan abiatu ahal izan dira geldirik zeuden kamioiak. Foruzainek bertaraturiko hiru pertsona ere identifikatu dituzte, kateatu diren bi ekintzaileak barne. 

«Inposaketa ankerra»

Hedabideei igorritako manifestu batean, ekintza burutu duten aktibista ekologistek gogorki kritikatu dute Labrazako parke eolikoa, «makroproiektua» eta Labrazako herriarentzat «inposaketa ankerra» delakoan. «Egitasmo energetikoen oldarraldi» baten baitan kokatu dute parke eolikoa, Arabako eta Nafarroako nekazaritza lurrak arriskuan jartzen dituen oldarraldi baten baitan, hain zuzen ere. Ekintzaileen ustez, Labraza eta bestelako energia berriztagarrien egitasmoak «ez dira herritarren behar izanak asetzeko, gutxi batzuen irabaziak ziurtatzeko baizik». 

Iberdrola eta Eusko Jaurlaritza «kapitalismoa berdea» delakoa abian jartzen ari dira, ekintzaileen aburuz, eta horretarako «denon mendi eta nekazaritza lur komunalez» jabetzen dira enpresa pribatuak. Salatu dute jardun horrekin herritarrei haien bizitzaren eta inguruarekiko harremanaren inguruan erabakitzeko «eskubidea lapurtzen» zaiela, eta herritarrei lurraren defentsan mobilizatzeko deia ere egin diete, «gutxi batzuek dena suntsitu ez dezaten». 

[articles:2158199]

Ez da Labrazako parke eolikoa eraikitzeko lanek aurkitzen duten mota horretako lehen oztopoa. Maiatzean, bost aktibista haize errota baten eraikuntza lanetan kateatu ziren, lanak oztopatzeko asmoz. Ertzaintzak askatu zituen bostak, baita identifikatu ere, eta lanek aurrera jarraitu zuten. Martxoan, berriz, obretako hainbat makinaren aurkako «erasoa» ikertu zuen Ertzaintzak. Zortzi haize errota izango ditu Labrazako parke eolikoak, eta uztailean hasitako lanak urte amaierarako bukatzea espero dute bultzatzaileek. 

Oiongo udalerriko Labraza (Araba) herrian eraikitzen ari diren parke eolikoak kontrako erreakzioak eragin ditu ekologisten eta tokiko agintarien artean. EAEn hogei urtean eraikitzen den lehen parke eolikoa da Labrazakoa, baina guztiak ez daude ados Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko proiektuarekin. Oiongo Udala —EH bilduk kontrolatzen du— egitasmoaren aurka azaldu zen, azkenean «derrigortasun administratiboa» argudiatuta onarpena eman baino lehen. Aixeindar enpresak bultzatzen du Labrazako parke eolikoaren eraikuntza. Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrola enpresak sorturiko sozietatea da hori.