Atzo arratsaldeko ekaitzak ez zituen erraztu Urzainkiko (Nafarroa) sutea itzaltzeko lanak. Aitzitik, egoera are gehiago konplikatu zen azken orduetan: batetik, denboraleak apenas utzi baitzuen prezipitaziorik, eta, bestetik, Nabaskozen eta Burgin (Nafarroa) eroritako tximistek foku berriak piztu baitzituzten.
Nafarroako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, atzotik sua itzaltzeko lanean dabiltza Cordovillako, Zangozako eta Tafallako brigadak, eta baita Izabako suhiltzaile boluntarioak ere. Lodosako, Lizarrako eta Nabaskozeko beste horrenbeste brigadak erreleboa eman zieten atzo 21:00etan, eta gau osoa pasatu dute sutea kontrolatzeko lanetan.
Gainera, eremua oso malkartsua denez, suhiltzaileek zailago dute sua dagoen tokietaraino iristea. Airez ari dira garrak itzali nahian. Zazpi helikoptero aireratu dituzte, guztira: hiru, Nafarroako Gobernuarenak; beste bi, Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Iruñean dituenak; eta Asturiastik eta Huescatik (Espainia) etorritako aireontzi bana.
Iragan ostiralean piztu zen sutea, Urzainkitik gertu eroritako tximista baten ondorioz. Larunbatean, sua kontrolatzea lortu zuten suhiltzaileek, eta igandean amatatu zuten guztiz. Astelehenean berriz piztu zen, ordea, eta Nafarroako Gobernuak Basoko Suteengatiko Babes Zibilerako Plan Bereziaren 2. egoera operatiboa deklaratu zuen.
Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek agerraldia eginen du gaur 12:00etan, Izaban, sutea kontrolatzeko aginte postu aurreratuan.
