Legionellak 31 pertsona kutsatu ditu Iruñerrian

Legionellak 31 pertsona kutsatu ditu Iruñerrian

Legionelosi agerraldi bat izan da Iruñerrian: oraingoz 31 pertsona daude kutsatuta, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak jakinarazi duenez. Burlatan eta Atarrabian agertu dira legionella kasu gehienak, eta gutxi batzuk Iruñeko auzo batzuetan: Erripagainan, Sarrigurenen eta Txantrean, hain zuzen. Kutsatu gehienak ospitaleratu behar izan dituzte, eta kasu guztiek lotura izan dezaketela uste dute. Horiek horrela, neurriak hartzeko agindu du institutuak.

Joan den ostiralean, irailaren 4an, hiru legionella kasu baieztatu zituen Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Klinikoko Zerbitzuak: bi Burlatan eta beste bat Atarrabian. Bi egun lehenago kasu bana antzeman zituzten udalerri horietan. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, noizean behin kasuren bat agertzea «ohikoa» da: «Esposizio puntualen ondorio izan ohi da», esplikatu dute. Hala ere, susmatzen hasi ziren esposizio foku bat egon zitekeela, kasu guztiak denbora gutxian antzeman baitzituzten. Are, kutsatuak hurbilekoak dira.

Ostiralean bertan, balizko kutsatze fokua detektatzeko eta kontrolatzeko ekintzak hasi ziren: Iruñerriko Ur Mankomunitatearen laguntzarekin, ur hornidura sarea aztertu zuten, eta baztertu egin zuten legionellaren agerraldiaren iturria bertan egon zitekeenik. Gertuko hozte dorreetara mugatu zuten bilaketa. Instalazio horiek ez ziren martxan egon asteburuan. Beraz, astelehen goizean jaso zituzten laginak, eta horiek ixteko eta prebentzio neurriak hartzeko agindua eman zuten.

Berehala, eragindako pertsonen inkesta epidemiologikoa egin zuten, esposizio foku posibleak identifikatzeko. Halaber, abisua eman zieten ospitaleei, ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuei eta inguruko lehen mailako arretako zentroei, beste balizko kasu batzuk antzemateko lanak areagotzeko.

Kutsatuen adina 35 eta 90 urte bitartekoa da, eta gehienek 65 urte edo gehiago dituzte, zehaztu dutenez. «Eragina ohikoagoa da gizonen artean eta ospitaleratzea behar izan duten kasu gehienetan», nabarmendu dute.

Herritarrentzako gomendioa

Sintomak agertu arteko inkubazio aldia bospasei egunekoa da kasu gehienetan, baina hamar egunera arte luza daiteke. Beraz, datozen egunetan oraindik kasuak ager daitezkeela ohartarazi dute: «Baina horrek ez du esan nahi kutsatze gehiago izaten jarraituko denik», aipatu dute. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak herritarrei gomendatzen die eguneroko jarduerarekin normaltasunez jarraitzea, «arrazoi horrengatik prebentzio neurri espezifikoak hartu beharrik gabe»; eta osasun zerbitzuetara jotzea, hala eskatzen duten sintomak daudenean.

Zehaztu dutenez, gaixotasun horren sintomak esposizioaren ondorengo bi eta hamar egunen artean agertzen dira, gehienetan bospasei egunetan; eta pneumonia atipikoa izaten da gehienetan. Ondoeza eta gainbehera orokorra, sukarra, eztula, artikulazioetako mina eta buruko mina eragiten ditu legionellak: «Baliteke arnas sintomak oso agerikoak ez izatea, baina tratamendu antibiotiko egokirik gabe, larritasun handiagoz egin dezake aurrera edo sendatzeko denbora gehiago behar izan dezake».

Gaixotasuna ez da pertsonen artean transmititzen, ezta uraren kontsumituz ere; aitzitik, bakterioa eraman dezaketen aerosolak arnastuz transmititzen da.

Legionelosia Legionella izeneko bakterio batek sortutako gaixotasun bat da, normalean ingurune naturaleko uretan egoten dena. Bakterio hori daramaten ur aerosolak arnastuta hartzen da infekzioa. Kasuekin gehien lotzen diren instalazioak dutxak, ur mugimendua duten bainuak, ureztatze sistemak, hozte dorreak, hezegailuak eta iturri apaingarriak dira. Bakterioarekiko sentikortasuna handitu egiten da adinarekin, immunodepresioarekin, arnas gaixotasun kronikoekin eta tabakismoarekin.