Bi eredu aurrez aurre

Bi eredu aurrez aurre

Nafarroaren egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida deitzen zaio, baina eztabaidatik gutxi izan zuen atzo. Goizeko saioan bederen. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak aldarrikatu zuen demokrazia sendotzeko eta olatu autoritarioari aurre egiteko bidea dela herritarren arazoei erantzungo dien politika eraginkorrak egitea. «Gero eta erradikalago, eskuinak polarizazioa bilatzen du nafar on eta gaiztoen artean. Nafarroa ez da horrelakoa, nik ez dut nahi zatiketarik. Edozein delarik bere ideologia, jatorria, hizkuntza edo identitatea, pertsona guztiei tokia egingo dien Nafarroa bateratu baten presidente naiz».

UPNko Javier Esparzak, berriz, izkin egin zion Txibitek proposatutako ideia horri. Nafarroatik kanpoko testuinguru politikotik ihesi, gogor jo zuen Txibiteren beraren kontra, haren gobernua Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkari ohiarekin eta ustelkeriaren susmoarekin lotuz. Sorpresarik ez. «Presidentea zikin al dagoen galdetu didate bi urtez. Dakidana da beste alde batera begiratu duela, utzi egin duela egiten, eta dimisioa eman behar duela. Ez dizut ustela deitu, baina denak du oso usain txarra».

Bakoitza berera, alegia. Gobernuko lehendakariak zein oposizioko buruak proposatutako bi ardatz horien inguruan bira egin zuen osoko bilkurarik garrantzitsuenetako batek. EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak azken bi legealdietako politikak babestu arren, PSNri ohartarazpenak igorri zizkioten. PPk, berriz, UPNren bidetik jo zuen, eta Vox harago joan zen, bere kasa, bere agenda atzerakoia azpimarratu nahirik.

Joko eremuen lehia

Nabaritu da hauteskundeetarako zortzi hilabete geratzen direla. Proposatutako bi joko eremuek baldintzatuko dute ondorengo hilabeteetako eztabaida, eta hari begira talde bakoitzak bere profila markatu nahi du. 

Horrek ikusmin handia sortu zuen. Ganbera ondoko atari zabalean, hainbat irratik zuzenean ikusi zuten saioa; barruan, berriz, kazetarien zein gonbidatuen harmailak beterik izan ziren. Azken horien artean izan ziren Aitor Esteban EAJko EBBko presidentea, Geroa Baiko Uxue Barkos, UPNko Cristina Ibarrola eta Alberto Catalan, EH Bilduko Miren Zabaleta eta Bel Pozueta, PSNko Esther Iso eta Jorge Agirre eta PPko Sergio Sayas.

Osoko bilkurak bi eredu jarri zituen aurrez aurre, bai eta harresi bat ere. Txibitek ez zuen Cerdan aipatu ere egin, eta Belateko tuneletik oso azkar iragan zen. «Obra hori amaitu egingo dugu, baina ez dut ukatuko egitea bezain garrantzitsua dela ongi egitea, legearen barruan eta gardentasunez». Haren hitzetan, adjudikazioen prozesuan zein gainkostuen aferan «desadostasun teknikoak eta juridikoak egon dira, baina esku hartze politikorik ez». 

«Jendeak ez du erantzun abstrakturik nahi, baizik bere arazoei erantzutea. Horregatik dei egiten dut demokrazia ekintza politikoaren bidez babestera»

MARIA TXIBITENafarroako Gobernuko lehendakaria

Esparzak, berriz, beste aldera begiratu zuen eskuin muturraren behar politikoa iradoki zitzaion bakoitzean. Haren ustez, PSNren gobernu eredua agortuta dago, eta Nafarroak «garai berri bat» behar du. «Nafarroak aldaketa garbi, lasai eta ausarta behar du. UPN prest dago ardura hori bere gain hartzeko». Ez zuen argitu nahi izan, baina, norekin eta nola eraiki nahi lukeen garai hori.

Adimen artifizialaren, migrazioaren edo larrialdi klimatikoaren moduko erronken aurrean, tokian tokiko errealitatera egokitutako erantzunak behar dira, Txibiteren arabera. Aldi berean, diferentziak sortzen ditu jendearen beharren eta horiei erantzuteko politikak emandako erantzunen artean. «Jendeak ez du erantzun abstrakturik nahi, baizik bere arazoei erantzutea. Horregatik dei egiten dut demokrazia ekintza politikoaren bidez babestera».

Horrelako eztabaidetan gobernuaren jardun zabala laburbildu ohi du lehendakariak. Datu zaparradaren erdian, Txibitek emandako datu bat azpimarragarria izan da: Nafarroan, Espainiako Gobernuak erregularizatutako hiru etorkinetik batek lana topatu du. Neurrien artean, ez zuen berritasun handirik eman. Bai aurreratu zuen hurrengo zerga erreformak inflazioari aurre egiteko pizgarriak jasoko dituela. 

«Munstroak iritsi dira, gure artean daude, eta horren guztiaren aurka jada ez da aski erreakzioa; proiektua ere behar da»

LAURA AZNAL EH Bilduko eleduna

Uneotan bi lehentasun nagusi ikusten ditu Txibitek: osasuneko itxaron zerrendak eta etxebizitza. Zerrendei dagokienez, ez zuen ezkutatu bere etsipena. «Arazoa aitortzea da hura konpontzeko lehen betebeharra. Neurriak ezartzen ari gara, baina errealitateak beste estrategia bat hartzera behartzen gaitu», onartu zuen. Bestetik, haren esanetan, etxebizitza «Europa osoko arazoa» da, eta «gobernuak hartutako neurri guztien eragin sakona ez da berehalakoan nabarituko». 

Haren irudiko, gobernuak 2019tik adostasunen bidez bizikidetza eta herritarren hobe beharra bilatu ditu «alderdien kalkuluen gainetik». Hori egin ezean, eskuina helduko da Voxen eskutik: «Eskuin muturrak gobernatzen duen tokietan, banaketa, bazterketa, eskubideen galera eta deshumanizazioa areagotzen dira». Beldurrari aurre egiteko, «itxaropen aktiboa» aldarrikatu du, bai eta Antonio Gramsci pentsalari italiarrak aipatutako «borondatearen baikortasuna» ere.

Munstroak eta zoru komuna

Ez zen izan Gramsci aipatu zuen bakarra. EH Bilduko Laura Aznalek haren beste aipu bat gogora ekarri zuen: mundu zaharra hil eta berria agertu bitarteko argi ilunean agertu ohi direla munstroak. «Munstroak iritsi dira, gure artean daude, eta horren guztiaren aurka jada ez da aski erreakzioa; proiektua ere behar da», ohartarazi zien PSNri eta Txibiteri. «Indar aurrerakoiek oso argi izan behar dugu salbuespenezko egoeretan salbuespen neurriak behar direla». 

Aznalen esanetan, bloke atzerakoiari bidea ixteko gehiengo zabalak artikulatu behar dira: «Indar aurrerakoien arteko adostasunak guztiz beharrezkoak dira, ez soilik eskuinei atea ixteko baizik eta gobernu molde berriei ateak zabaltzeko ere». Aurrera begirako bide hori zoru komun baten inguruan egituratu behar dela iritzi dio: hala nola nafar guztien eskubideen defentsa, iraultza teknologikoa eta justizia soziala uztartzea, larrialdi klimatikoari aurre egin eta bidezko trantsizio ekologikoari ekitea, kohesio soziala, hizkuntz eskubideen errespetua eta autogobernua blindatzea. Ildo horretatik, Foru Hobekuntzaren berritzea «aukera politiko bat» dela deritzo.

«Nafarroako Gobernua ere emango diozu EH Bilduri. Esan diezadakezu lehendakari egingo ote duzun Laura Aznal?»

JAVIER ESPARZAUPNko eleduna

Gobernuko bazkide nagusia izanik ere, Geroa Baik azken asteetako tonu kritikoari eutsi zion. Pablo Azkonaren ustez, Txibiteren gobernuak azkenaldian hartutako erabaki batzuek «ez dute egonkortasunik eman». Akordioei esker aurrekontuak aurrera ateratzeko gai badira ere, ez lirateke konforme geratu behar». Azkonak ohartarazi zuen akordioek soilik zentzua dutela erabakiak hartzen badira: «Eztabaida honek ez luke balio behar dena ongi dagoela esateko, ezta dena gaizki dagoela ere. Balio behar luke are zailagoa dena egiteko: aitortu ongi dagoena, zuzendu gaizki dagoena eta erabaki zer egin hortik aurrera». 

Gaizki egindakoen artean, Belateren kudeaketa aipatu zuen. «Auzi politikoa ere bada. Gestio arazo bat egonez gero, hori azaldu egin beharko da eta bermatu egin behar da ere obra estrategiko hori aurrera ateratzen dela». Osasun arloko legeari eta moldaketei dagokienez, Geroa Baik «politika ausartak baina deserosoak» planteatu dituela ohartarazi zion. «Erosotasunetik ezin da eraldaketarik egin», gaineratu zuen. Antzeko planteamendua egin zion menpekotasun edo hezkuntza gaietan. «Auzia ez da zenbat gastatzen dugun zerbitzu publikoetan, baizik eta zer egin behar dugun hamar urte barru kalitatezko zerbitzu publikoak izan ditzagun». 

Eztabaidak balio izan zuen ikusteko Belateren gaiarekin deseroso daudela bazkideak. Zurekin Nafarroak «gardentasun eta zorroztasun handiena» eskatu zion Txibiteri. «Ez dagokion euro bakar bat ere ez da ordaindu behar», nabarmendu zuen. Euskararen kasuan, zonifikazioarekin amaitzea babestu zuen Carlos Guzmanek: «Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu behar ditugu, ez geografia aitzakiatzat hartuta, baizik eta soziolinguistika». 

Oposizioa, kritiko

Bazkideen kritikak ezerezean geratu ziren, oposizioak egindakoekin alderatuta. Esparzak ustelkeriarekin lotu zuen Txibite, eta leporatu zion Nafarroako Jauregira heltzeko edozer egiteko prest egon dela. Hori adierazteko 2021eko pasarte bat azaldu zuen: «Pandemiaren ostean, PSNren egoitzan egonkortasuna eskaini nizun; ez nizun eskatu ni presidente egiteko. Gauza bakarra eskatu nizun: EH Bildurekiko menpekotasunarekin hausteko. Eta zuk erantzun zenidan tranpa bat zela, 2023an ni presidente egiteko. Orduan ulertu nuen zuretzat arazoa ez zela Nafarroa edo UPN, besaulkia lortzea baizik». 

EH Bildu oso presente egon da diskurtsoan, eta 2027ko bozei begira jarri da. «Iruñean alkatetza eman badiezu, Nafarroako Gobernua ere emango diezu. Esan diezadakezu lehendakari egingo ote duzun EH Bilduko hautagaia?», galdetu zion. 

UPNren antzeko ideiak errepikatu zituen PPko Javier Garciak. Besteak beste, inoizko aurrekonturik handienak izan arren, herritarrek trukean zerbitzu publiko okerrak jasotzen dituztela eta ez dela azpiegitura handietan inbertsiorik egin. «Legealdia hasi aurreko egoerarekin alderatuta, proiektu estrategiko gehienek antzera amaituko dute».

Javier Esparza UPNko parlamentaria, bere hitzaldia hasi aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU