Egia, tantaka: ikastetxe erlijiosoetan abusuak jasandako beste hamasei biktima aitortu zituzten iaz Nafarroan

Egia, tantaka: ikastetxe erlijiosoetan abusuak jasandako beste hamasei biktima aitortu zituzten iaz Nafarroan

Hamarkadak igarota ere, zauria ez da sendatu. Eliza katolikoaren esparruan sexu abusuak jasan dituztenak berriki hasi dira pairatutakoa kontatzen, egia azaleratzen eta hala moduzko erreparazio bat jasotzen —kasu batzuetan, ekonomikoa; besteetan, sinbolikoa—. Nafarroan, abusuen biktimei aitortza emateko foru lege bat onartu zuten, eta, haren bitartez, batzorde ofizial bat ere sortu zuten 2023. urtean. Lantalde horren egitekoa da salaketak eta testigantzak jasotzea, elkarrizketak egitea eta kasu bakoitzaren inguruan irizpena ematea, biktimei aitortza emate aldera. Batzordeak Nafarroako Parlamentuari eman behar dio bere lanaren berri, eta horixe egin du gaur, 2025. urteko txostena aurkeztuta.

Urte horretan jasotako eskaeren eta aztertutako kasuen kopuruan antzeman daiteke lehen berritasuna: guztira, hamabi eskaera jaso dituzte, aurreko urtean baino dezente gehiago —2024an hiru izan ziren—. Guztira, 77 eskaera jaso ditu batzordeak 2023an martxan jarri zutenetik. Horietatik testigantza gehienak (72) biktimenak izan dira, eta bakan batzuk (bost) lekuko izandakoenak. Hazkunde horren gibelean, aurreko urteetan Espainian sortutako erreparazio batzordeen bultzada egon daitekeela uste dute Nafarroako lantaldeko arduradunek: batetik, Gotzainen Batzordeak abian jarritako PRIVA Abusuen Biktimei Erreparazio Integrala emateko Plana; eta bestetik, Espainiako Arartekoa buru duen batzorde independentea. «Arartekoak apirilean abiatu zuen lantaldea, eta horrek biktimak aktibatu egin ditu berriro. Gertatutakoa kontatzeko gogoz dira. Salaketa gehiago iristen ari zaizkigu», esplikatu du Izaskun Gartzaron Zudairek, Nafarroako batzordeko idazkariak.

2025ean, zehazki, 23 espediente zabaldu zituzten; horietatik hamasei biktima aitortu zituzten, eta zazpi kasu zabalik dituzte oraindik. Gertatutakoa argitara ateratzeaz harago, testigantzen bidez jasotako informazioak balio izan du biktimen eta erasotzaileen soslai bat egiteko.

Iaz aitortutako hamasei biktima horiek soilik aintzat hartuta, batez besteko adina 66 urtekoa da: gazteenek 50 urte dituzte, eta zaharrenek, berriz, 74. «Dagoeneko preskribatuta dauden gertakariez ari gara, aspaldi gertatutakoak», esan du batzordeko lehendakari Josean Etxauri Tijerasek. Hala, batzordean testigantza emandako biktimek haurtzaroan jasan zituzten abusuak, 60ko eta 70eko hamarkadetan, nagusiki. «Gehienak 7 eta 9 urte arteko haurrak ziren orduan», zehaztu du.

Gizonak, nagusiki

Txostenean erregistratutako kasu ia guztietan, biktimak gizonezkoak dira: hamabost gizon (%94) eta emakumezko bat (%6). Erasotzaileei dagokienez, berriz, balantza alde bakarrera lerratuta dago, testigantza guzti-guztietan seinalatutako erasotzaileak gizonak baitira. Zehazki, zortzi espedientetan (%50), biktimek beren ikastetxeko irakasleren bati egotzi diote abusuak egin izana; beste zazpitan, erasotzailea zentroko zuzendaria bera izan zen; eta kasu bakarrean, «familiarekin harremana zuen elizgizon bat». 

Horiek horrela, ez da harritzekoa salatutako abusu ia denak ikastetxe edo barnetegietan gertatu izana —Iruñeko Artzapezpikutzaren menpekoak edo ordena erlijiosoren batek kudeatutakoak denak—, eta bakar bat, erasotzailearen etxebizitzan. Batzuetan, apaizek edo irakasleek «ikasgelan bertan» eraso egiten zieten haurrei, eta biktimaren ikaskideak abusu horien lekuko izan ziren. Salatutako kasuen erdietan baino gehiagotan gertatu zen hori. Gainerakoetan —sei kasutan—, erasotzaileek «beren bulegoetan eta ateak itxita» abusatu zuten adingabeez.

Bortxaketak eta ukituak

Erasoak «askotarikoak» izan zirela nabarmendu dute batzordeko arduradunek. Hiru multzotan sailkatu dituzte, larritasun mailaren arabera: txostenean jasotako abusuen laurdenak «arinak» izan ziren, eta kategoria horren pean sailkatu dituzte «arroparen gainetik eginiko ukituak, musuak eta abar»; salaketen erdiak —zortzi kasu— «moderatutzat» jo dituzte, eta multzo horretan daude genitaletan eta gorputz atal intimoetan eginiko ukituak, masturbazioak eta bestelako erasoak; azkenik, lau espedientetan azaleratutako abusuak «larritzat» ditu batzordeak, «penetrazioak, bortxaketak eta horien gisako erasoak» biltzen baitira kategoria horretan.

Gehienetan, biktimek ez zioten inori ezertxo ere esan, hainbat urteren ostean salaketa jartzeko urratsa egin zuten arte. «Bost bakarrik ausartu ziren gurasoei geratutakoa kontatzen. Amari kontatu zioten, zehazki, gehienak aitaren erreakzioaren beldur zirelako», azaldu du Etxaurik. «Biktima gehientsuenek, baina, ez zuten deus esan; lotsagatik izan, beldurragatik izan edo errudun sentimenduagatik izan».

Biktima gehienek aukera dute erreparazio ekonomiko bat eskatzeko, baina Espainiako Gotzainen Konferentziaren batzordearen bidez eskatu behar dute, Nafarroako Gobernuaren batzordeak ordain ofiziala, instituzionala eta sinbolikoa eskaintzen baitie soilik. «Gehienek hori nahi dute, funtsean», laburbildu du Gartzaronek: «Gertatu zitzaiena benetan gertatu zela adieraztea, eta aitortza hori argitara ateratzea». Zehazki, 2025eko txostenean agertzen diren biktimen artean, zazpik eskatu dute «gertakarien aitortza jendaurrean egitea»; beste zortzik propio eskatu dute «Elizak barkamena eskatzea»; beste biktima baten nahia da bere erasotzailearen izen-deiturak ezagutaraztea; eta bi pertsonak soilik galdegin dute «konpentsazio ekonomiko bat».