Zurian beltz jasota dago eutanasia arautzeko Espainiako lege organikoan: gaixotasun larri eta sendaezin bat dutenei edo sufrimendu jasanezina pairatzen dutenei aukera bermatu behar zaie, arauan jasotako bideen eta baldintzen arabera, heriotza eragiteko edo laguntzeko. Iruñeko San Juan de Dios ospitaleak, baina, ez du halako prozedurarik baimentzen, Osasunbidearen itunpeko zentro bat izan arren. Are: esplizituki uko egiten dio eutanasia emateari eta ez du baimenik ematen halakorik egiteko ez langile eta baliabide propioekin, ezta kanpoko lantalde baten bidez ere.
Patxi Vera Nafarroako arartekoak eman du horren berri, eta zera gomendatu dio Nafarroako Gobernuari: bidea eman dezala zaintza aringarriak Nafarroako Unibertsitate Ospitalean jasotzeko, sistema publikoak ez dezan izan «itunpeko zentroarekiko halako mendekotasunik».
Osasun Departamentuari irailaren 22an igorritako ebazpenean, arartekoak adierazi du paziente askoren familiek «muturreko egoerak» salatu dituztela San Juan de Dios ospitalean: «Kasu batzuetan hasita zuten laguntza eskatzeko prozesua, baina ezin izan zen prozedura gauzatu zentroak ez zuelako baimentzen bere instalazioetan eutanasiarik ematea, ez eta Nafarroako Osasun Zerbitzuko kanpoko talde batek ematea ere».
Salaketak horiek ikertu eta informazioa bildu ostean, arartekoak egiaztatu ahal izan du «praktika hori ez dela salbuespenezkoa», eta paziente askori eragiten diela: «Izatez, Nafarroako ospitaleetako zaintza aringarri ia guztiak San Juan de Dios Ospitaleak ematen ditu, Osasunbidearen itunpeko zentroa baita. Ondorioz, zentro horretan ospitaleratuta dauden eta hiltzeko laguntza eskatzen duten pazienteak Nafarroako Unibertsitate Ospitalera lekualdatu behar izaten dituzte haien azken orduetan».
Hilurren diren pazienteak lekualdatzeak sufrimendu erantsia dakarrela gehitu du Verak: «Inork ez luke beharrezkoa ez den lekualdatzerik bizi beharko bere bizitzako azken orduetan antolaketa arrazoi soilengatik, eta, are gutxiago, legea ez betetzeagatik».
Bi gomendio gobernuari
Arartekoak gogorarazi du, gainera, Nafarroan hiltzeko laguntza bermatzeko eta ebaluatzeko batzordeak ere arazo honen berri emana ziola Osasun Departamentuari, aurtengo otsailean argitaratutako txosten batean. Batzorde horrek ondorioztatu zuen eutanasia aplikatzeari uko egitea legearen aurkakoa dela, eta pazienteak Nafarroako Unibertsitate Ospitalera lekualdatzeak «laguntzaren kalitatea kaltetzen duela, sufrimendua areagotzen duela eta, kasu batzuetan, profesionalek beraiek aipatutako kontraindikazio medikoa eragiten duela».
Horiek horrela, bi gomendio egin dizkio Nafarroako Gobernuari: lehenengoa, beharrezko neurriak har ditzala, ospitaleko zaintza aringarriak Nafarroako Unibertsitate Ospitalean jaso ahal izateko. Hartara, Nafarroako osasun sistemak ez du itunpeko zentroekiko mendekotasunik izanen: «Ezinbesteko zerbitzu publiko baten bermeak baldintzatu ditzake horrek».
Bigarren gomendioa da baldintzak jartzea halakoak berriro gerta ez daitezen: «Esaterako, itunpeko zentroari formalki eskatzea ezezko hori bertan behera uzteko eta zentroan bertan laguntza hori jaso ahal izateko protokoloa ezartzea, bermatuz objektoreak izango ez diren profesionalek esku hartuko dutela edo kanpo talde bat sartuko dela».
