Iruñeko Mercaderes inguruko kaleak itxi zituzten astearte goizean, gizon bat etxe batean gotortu zela eta. Poliziak azaldu zuenez, gizon bat emakume bati jarraitzen ari zitzaion kalean, baina andrea Hizkuntza Eskolara joan zen laguntza eske, eta gizona etxe batean gotortu zen. Halere, Polizia etxebizitzara sartu zenean ez zuten inor aurkitu. Iruñerriko Itaiak elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean, gertatutakoa salatzeko: «Indarkeria matxista sistema kapitalistaren egiturazko arazoa da; emakume langileok egunero haren ondorioak jasaten ditugu».
Alde Zaharrekoa ez ezik, bertze hainbat eraso seinalatu zituen antolakunde sozialistak, bertzeak bertze: joan den asteburuan, gizon batek eraso egin zien bikotekide ohiari eta seme adingabeari; joan den astean, gizon batek urruntze agindua urratu, eta bikotekide ohiari eraso egin zion, eta autoko gurpilak zulatu geroago; Uharteko eta Zizur Nagusiko jaietan, hainbat sexu eraso salatu ziren. Gogoratu dute matxismoaren eta faxismoaren «gorakada» dagoela, indarkeria matxista bera ukatzeraino.
Dei egin dute horri aurre egiteko, hiru ildotatik: erasoei «erantzun kolektibo irmoak» emanez, erasoak jasaten dituzten emaztekiak babestuz eta «emakume langileen askapenerako baldintzak» sortuz.
