Apirilean, PSNko Kevin Lucerok, Burlatako zinegotzi eta Nafarroako Parlamentuko ordezkariak, errekurtso bat aurkeztu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian, Burlatako Udaleko lantalde organikoaren kontra. Orain, AET Administrazioan Euskaraz Taldeak jakinarazi du errekurtso horren helburua: herriko 24 udal lanpostutatik euskara eskakizunak kentzea. Zehazki, zera eskatu zuen helegitean: lau lanposturi profil elebiduna kentzea —eta, hortaz, euskara ez izatea postua eskuratzeko baldintzetako bat—; eta beste hogei lanpostutan euskarak merezimendu gisa duen balorazioa aintzat ez hartzea.
AETren esanetan, Lucerok behin baino gehiagotan aurkeztu izan ditu gisa horretako errekurtsoak: «2023an, Sergio Barasoainekin batera —gaur egun PSOEko senataria dena Espainiako senatuan—, errekurtso bat jarri zuen, profil elebiduna kentzeko koordinatzaile kulturalaren lanpostuari. Zorionez, galdu egin zuten».
Orkoien, Lekaroz eta Corella
Burlataz haraindi ere, PSNk beste erakunde batzuetan antzera jokatu duela nabarmendu du taldeak ohar batean: «Orkoiengo Udaleko langileek salatu dute udal zerbitzu publikoak desegiten ari dela PSOEko Alex Lopez alkatea. Lanpostu batzuetarako deialdiak ez dira egin, alkateak profil elebiduna kendu nahi dielako aurretik, esaterako, Berdintasun teknikariari eta Kultura teknikariari».
Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria ere euskararen aurkako tema horren adibidetzat jo dute: «Bi legealdi daramatza ahal duen guztia egiten euskararen kontra. Azken adibideak, Lekarozkoa [A ereduko bost irakasle lanpostu langile erdaldun elebakarrekin betetzea erabaki zuen departamentuak] eta Corellakoa [atzera bota zuten herrian D eredua jartzeko eskaera]».
Maria Txibite lehendakariak ekainean esanikoak gogora ekarri ditu AETk, alderdiaren jokabidea salatzeko: «PSOEk horrela jokatzen baldin badu, zergatik esan zuen Txibitek administrazioa euskaldundu behar dela, eremu euskaldunetik harago eta ahal den neurrian?». Hori horrela, euskararen aurkako erasoak bertan behera uzteko galdegin diote alderdiari.
