Erakundeek eta herritarrek Arantzadiko sexu erasoak gaitzetsi dituzte Iruñean

Erakundeek eta herritarrek Arantzadiko sexu erasoak gaitzetsi dituzte Iruñean

Iragan larunbatean, kalean bizi den emakume etxegabe batek salatu zuen bi gizonezkok eraso egin ziotela Arantzadiko parkean. Erasotzaileak ere etxegabeak ei ziren, eta biak ala biak egun horretan bertan atxilotu zituen Iruñeko Udaltzaingoak. Atzo, epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri zien. Iruñeko Udalak deituta, gertatutakoa gaitzetsi dute gaur eguerdian, Udaletxe plazan eginiko elkarretaratze batean.

Irailaren hondar egunen eta urriko lehenbizikoen artean gertatu ziren erasoak. Horien berri eman zion biktimak berak udaltzaingoari: salatu zuen, besteak beste, irailaren 30ean gizonetako batek laban batekin eraso egin ziola, eta zauriak eragin zizkiola hanketan. Harengandik ihesi, beste gizonezko batek gaua pasatzeko erabiltzen zuen kanpin dendan ezkutatu zen emakumea, eta han, bigarren akusatuak bortxatu egin zuen. Aurretik ere bestelako erasoak pairatu zituela deklaratu zuen emakumeak: besteak beste, botikak kendu zizkiotela, horien ordez bestelako substantziak eman zizkiotela, eta horiek sorgortuta eta babesgabe utzi zutela denbora luzez, hitz egiteko eta bere burua defenditzeko gaitasunik gabe.

Auzi medikuaren txostena, udaltzaingoak bildutako frogak eta alde guztien deklarazioak aintzat hartuta, Iruñeko 3. Arloko Instantzia Auzitegiko epaileak akreditatutzat jo zituen gertakariak, eta bermerik gabeko behin-behineko espetxealdi komunikatua ezarri zien bi atxilotuei. Haietako bati egotzi diote sexu eraso jarraituak egitea, emakumea prostituziora behartzea, arma zuri bidezko zauriak eragin izana eta lapurreta delitu arin bat. Beste atxilotuari, berriz, sexu eraso delitu bat.

Iruñeko Udalaren babesa

Asteburuan, Iruñeko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu zuen aho batez, sexu erasoen aurrean «erabateko arbuioa eta gaitzespena» adierazteko. Horrez gain, «babes eta elkartasun osoa» adierazi zioten erasoen biktimari.

Gaur, mezu hori adierazi nahi izan dute kalean ere. Elkarretaratze isila egin dute udaletxearen parean, sexu indarkeria kasu guztien aurka, eta harekin bat egin dute dozenaka herritarrek, Iruñeko Pentsiodunen Mugimenduak eta Astelehen Lilak elkarteak.

Protesta bukatutakoan, Bozeramaileen Batzordean adostutakoa berretsi du Berdintasun alorreko zinegotzi Zaloa Basabek: «Emakumeek pairatutako sexu indarkeria orori gaitzespen erabatekoa adierazi nahi dio udalak. Bozeramaileen Batzordean konpromisoa hartu genuen, gainera, artarako baliabideak indartzeko, emakumeen kontrako indarkeria behingoz erauzteko xedez».

Basabek gaineratu du «inportantea» dela erakunde publikoak sexu indarkeriaren aurrean «irmo» agertzea jendaurrean: «Badakigu gauza asko hobetu behar ditugula erakundeen jokabideari dagokionez, baina eraso bat gertatzen den aldiro, kalera ateratzen segituko dugu». Azkenik, esan du «udalaren baliabide guztiak» eskaini dizkiotela biktimari: «Hura babestea da gure lehentasuna uneotan».