Nafarroa: kalkuluak eta egutegiak, hankaz gora

Nafarroa: kalkuluak eta egutegiak, hankaz gora

Nafarroan ere ustekabean harrapatu ditu alderdiak. Azken egunetan Espainiako Gorteetarako bozak aurreratzeko aukera bolo-bolo bazebilen ere, alderdi guztien kalkuluak eta egutegiak hankaz gora jarri ditu Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek. Ezinbestean, Espainiatik inposatuko den olatuak irentsi egingo du Nafarroako agenda. Era berean, nahiz eta Espainiako bozek zerikusirik ez izan Nafarroako foru hauteskundeekin, litekeena da azaroaren 29ko bozketak oihartzuna izatea udaberrian egingo diren bozetan, eta alderdiek aintzat hartu beharko dute hori ere.

UPNri zalantzak areagotu dizkio Sanchezek, foru hauteskundeei begirako estrategia baldintzatu dezakeelako. Nahiz eta Sanchezen aurka jotzeak ez dion higadurarik eragiten UPNri, azaroaren 29tik aurrera hartzen duen jarrera «bere aurka» zuzendu liteke, Ricardo Feliu soziologoaren ustez. Batik bat PPren eta Voxen arteko gobernua babesten badu. «UPNren diskurtsoaren ardatz nagusietako bat da erabakiak Nafarroan hartzen dituen alderdi bakarra dela, eta baliteke mezuetan Voxen esparruarekin bat egiteak kalte egitea».

Beste zalantza da nola aurkeztu bozetan. «Argitu egin beharko du PPrekin aurkeztu nahi ote duen, eta hori nola egingo duen», azaldu du Feliuk. Haren ustez, bananduta aurkezteak «ez du zentzu handirik» azaroaren 29ko bozetan; foru hauteskundeetan, aldiz, bai. «Foru bozei dagokienez, logika estrategikoa bestelakoa da, eta baliteke horrek tentsioak handitzea». Igandera arte, UPNk denbora zuen ezbai hori argitzeko. Orain, aldiz, ez.

«UPNk argitu egin beharko du PPrekin aurkeztu nahi ote duen, eta hori nola egingo duen. Foru bozei dagokienez, baina, logika bestelakoa da»

RICARDO FELIUSoziologoa

Duela lau urte, elkarrekin aurkeztu ziren UPN eta PP, baina, behin Gorteak osatuta, Alberto Catalan diputatua PPrengandik bereizi eta talde mistora batu zen. Ez dirudi PPk aise onartuko lukeenik berriro UPNk mugimendu hori egitea eta gero foru hauteskundeetan bereizita joan nahi izatea. 

Sergio Sayasek Nafarroako PPko behin behineko presidenteak pilota UPNren teilatu gainean utzi du: «Gure eskura dagoen guztia egingo dugu akordioa egon dadin». Sayas bera UPNtik gaizki atera bazen ere, pertsonak ez direla oztopo nabarmendu du. Ez dute argitu baldintza gisa foru bozetan elkarrekin joatea ere jarriko ote duten.

Aliantza hori egituratzen den ikusi zain, Sayasek ez du baztertu ez oraingo zerrendan egotea edo maiatzekoan: «Alderdiak eskatzen didan tokian egongo naiz». Nafarroako hautagaien artean, Carlos Garcia Adanero apustu ziurra da. UPNri dagokionez, Javier Esparza hautagai izateko aukerak indarra hartu du. Hark ez du baztertu.  

PSN, eroso

Historikoki, Alderdi Sozialistak Nafarroako Parlamenturako bozetan baino emaitza hobeak lortu izan ditu beti Espainiako Gorteetarakoetan. Nafarroan, zehazki, bost diputatu eta lau senatari aukeratzen dira, eta berezitasun hori lagungarri zaio PSNri. «Egungo testuinguruan, PSOEtik ezkerrera ez dago ezer. Beraz, baliteke Podemos eta Sumarren esparru horretako jendearen botoak jasotzea, bai eta Geroa Baiko boto emaileenak ere». Feliuren ustez, eskuin muturra ate joka dabilelako mezua baino eraginkorragoa izan daiteke haren politiken ondorioen aurka mintzatzea. «Orain, etxebizitzak indarra hartu du, eta posible da ultraeskuinaren beldurraren diskurtsoa bigarren mailan geratzea. Etxebizitzaren auzian, azpimarra jarri beharko da ultraeskuinaren politika antisozialek izan dezaketen eraginean». 

Haatik, Pedro Sanchezen eta PSOEren ahulgunea zera da, ezker eremua egituratu gabe dagoela hala Espainian nola Nafarroan. Zurekin Nafarroa osatzen duten alderdiek ez dute argitu zer asmo duten, ez foru hauteskundeetarako ez oraingoetarako. Feliuren ustez, eremu politiko hori funtsezkoa izango da: «Ematen du Sanchezek eremu horri presio egiteko asmoz hartu duela erabakia, proposamen bateratu bat aurkeztera behartzeko asmoz. Arrisku handiko apustua da».

EH Bilduk orain arteko goranzko joera baieztatu nahiko du Nafarroan, foru hauteskundeei begira. Feliuren ustez, diputatu bat lortzeko helburua «ia ziurtzat» jo daiteke, baina bi diputatu lortzea, aldiz, «ia ezinezkotzat»: «PSNk bere aldeko boto utilitarista jasoko duen bezala, EH Bilduk ere jasoko du. Interesgarria izango da ikustea horietako zenbati eusteko gai izango den maiatzeko bozetan».

Feliuren esanetan, Espainiako Gorteetarako hauteskundeek «sekula» ez diote mesederik egin Geroa Bairi. Diputatu bat lortzeko zailtasunak kalte egiten dio, eta litekeena da foru hauteskundeetan babesa adierazten diotenek beste alderdi batzuei ematea botoa. «Sare sozialetan boz hauetan ez aurkeztearen eta bozkatzeko askatasuna ematearen aldeko mezua ikusi dut», aipatu du, baina, haren ustez, goiz da oraindik ondorioak ateratzeko. 

Voxi dagokionez, ez dago argi nortzuk aurkeztuko dituen Nafarroako zerrendatan. «Ez du nahikoa koadrorik, eta orain aukeratzen dituen horiek gero ezingo dira parlamentuko bozetara aurkeztu». Ez du baztertzen Madrilgo zuzendaritzak «paraxutistaren bat» jartzea.