UPNk eta PPk hauteskundeetara aurkezteko oinarrizko akordio bat itxi dute

UPNk eta PPk hauteskundeetara aurkezteko oinarrizko akordio bat itxi dute

UPNk ohar bidez jakinarazi du: azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara batera aurkezteko akordiorako oinarriak adostu dituzte alderdi erregionalistak eta PPk, eta Foru Hobekuntza babesteko konpromisoa jaso dute hartan. Gaur arratsaldean berretsi beharko du erabakia UPNko Kontseilu Politikoak, Iruña Park NH hotelean egingo duen bilkuran, baina ez da ezusterik espero.

Helburu nagusia argi azaldu du UPNk, ohar batean: «Foru Erkidegoan zentro-eskuineko bi alderdien indarrak batzea, Nafarroatik laguntzeko Pedro Sanchez gobernutik kanporatzen». Eta horretarako koalizioaren izena zein litzatekeen ere argitu dute: UPN PPrekin koalizioan. Beraz, ez da iraganeko Navarra Suma edo antzekorik izango. 

Aurreratutakoaren arabera, akordioak zehazten du noiz izango duten UPNko diputatu eta senatariek askatasuna bozkatzeko eta noiz jarraituko dioten PPren irizpideari. Kasurako, jakinarazi dute koalizioaren Espainiako Gobernuko presidentetza eskuratzeko hautagaia Alberto Nuñez Feijoo izango litzatekeela; beraz, UPNko diputatuek haren alde egingo lukete inbestidura saio batean. Era berean, akordioak dakar talde mistora joateko aukera izango duela UPNk.

Alderdi erregionalistak azaldu du bi alderdien artean adostuko dutela hauteskundeetarako programa, haietako bakoitzaren proiektuak bilduz. Horretarako, batzorde bat eratuko dute.

Alderdi horren arabera, elkarrizketetan Nafarroako autogobernuari lotutako aferak jorratu dituzte. UPNren esanetan, PPk eta Voxek gobernua eratzen badute, eurek eta PPk «erregimen forala errespetatzeko eta blindatzeko» eta «hitzarmen ekonomikoa mantentzeko» konpromisoa izango dute, «Nafarroako herritarren askatasuna, egonkortasuna, kohesioa eta garapena» bermatzeko tresna gisa.

Oharraren arabera, laugarren xedapen iragankorra Espainiako Konstituziotik «ezabatzea» sustatuko dute bi alderdiek. Xedapen horrek ematen du aukera Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa batzeko. 

Bestelako auzi batzuk ere aurreratu dituzte. Hala, UPNk azaldu du Nafarroako «azpiegitura estrategikoak» garatzeko beharrezko urratsak egingo dituztela Espainiako Gobernuan horretarako ardura postuak izanez gero. Lehentasun batzuk ere aipatu dituzte norabide horretan: Nafarroako ubidearen bigarren fasean, AHTak euskal Y-arekin izan beharreko konexioa, Noaingo aireportua eta sare elektrikoa indartzea.

2023a, salbuespena

Tradizio historiko bat berretsi dute modu horretan PPk eta UPNk. Izan ere, 2023ko bozetan salbu, elkarrekin aurkeztu dira beti. Aldiz, duela lau urte bananduta aurkeztu ziren, oraindik ere gori-gori zegoelako 2022ko lan erreformaren bozketan gertatutakoa: Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero orduko UPNko diputatuek ez zuten alderdiaren agindua bete, eta UPNk kanporatu egin zituen.

Gaur egun, biak PPko ordezkari dira, eta Sayas bera uneotan Nafarroako PPko lehendakari da: Javier Garciaren dimisioaren ostean, alderdia zuzentzen duen kudeaketa batzordeko buru da. Asteburu honetan, Sayasek aitortu du UPNrekin ados jartzeko «borondatea» dutela, «premiazkoa delako Sanchez Moncloa jauregitik ateraraztea». Onartu du Cristina Ibarrola UPNko presidentearekin «harreman ona» duela, eta agerian utzi du Javier Esparza aurreko presidentearekin ez zela hala.

2023ko bereizketaren ondorioz, PSOEk aise irabazi zituen bozak, eta EH Bildu ere gainetik geratu zen: PP hirugarren izan zen, eta UPN, laugarren. Zehazki, Alderdi Popularrak 57.134 boto eskuratu zituen, eta alderdi erregionalistak, 52.188. Haietako bakoitzak diputatu bat lortu zuen. Senatuan ere, Alderdi Sozialistak irabazi zuen, eta, horri esker, PSNko hiru senatari eta UPNko bat aukeratu ziren.

Pedro Sanchezek iragan astean hauteskundeak aurreratu zituenetik, hauteskundeetarako formula negoziatu dute Ibarrolak eta Miguel Tellado PPko idazkari nagusiak. Asteburuan, Ibarrola Madrilgo Genova kalean PPk duen egoitzan izan zen akordioaren azken xehetasunak lotzen, Diario de Navarra-k argitaratutakoaren arabera.