Vito Quilesek Iruñean egin asmo duen ekitaldiaren kontra, «euste horma bat» osatzera deitu dute herri mugimenduko zenbait taldek

Vito Quilesek Iruñean egin asmo duen ekitaldiaren kontra, «euste horma bat» osatzera deitu dute herri mugimenduko zenbait taldek

Iruñera itzultzeko asmoa jakinarazi du Vito Quiles Espainiako eskuin muturreko ekintzaileak. Urriaren 5ean, datozen asteotan hiriz hiri eginen duen bira bat iragarri zuen sare sozialetan, eta, hain zuzen, Iruñean egin asmo du lehenbiziko geldialdia, ostegun honetan. Gazteluko plazan ekitaldi bat eginen duela jakinarazi du, 18:00etan zehazki, eta, hari kontra egiteko, Iruñerriko zenbait eragile, elkarte, gazte mugimendu eta sindikatuk protesta bat antolatu dute hor bertan. Quilesen ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago —17:30ean— Gazteluko plazara biltzera deitu dituzte herritarrak, «euste horma bat» osatzeko.

Protesta iragartzeko eginiko prentsaurrekoan, Quilesen bisita «olatu erreakzionario baten barnean» kokatu dute Iruñerriko bizilagunek. «Olatu horrek eskubideak murriztea bilatzen du, sektore prekarizatuenak jomugan jarriz, eta, bestetik, baita Euskal Herriaren zapalkuntza nazionalean eragitea ere, klase herrikoiak zapaltzeko helburuarekin, bai sozialki, bai nazionalki», nabarmendu dute, eta, diotenez, besteak beste horregatik guztiagatik behar dira Quilesen gisako figuren ekitaldiak gaitzetsi eta «desnormalizatu». 

Dena dela, osteguneko mitinaren harira, Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak ohartarazpena egin du gaur: Quilesek ez du deus jakinarazi instituzio horretan. Legez, hari eman beharko lioke ekitaldiaren berri, hura egin nahiko badu, eta, artean epearen barrenean izanik ere, ekintzaileak urgentziazko bidea baliatzea du kudeaketa garaiz egiteko bide bakarra. Hori bai: ekitaldia baino gutxienez 24 ordu lehenago eman behar luke abisua, eta ezinbestekoa luke urgentzia justifikatzea. 

Bada aurrekaririk

Urtebeteko epean, Quilesek Iruñean antolatutako bigarren ekitaldia da aste honetakoa: iazko urriaren 30ean beste mitin bat antolatu zuen Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatean. Ordea, ekitaldia bertan behera utzi zuen azkenerako, unibertsitateak berak baimena ukatu eta ehunka herritar bildu baitziren haren kontra protesta egiteko. Tartean, istiluak izan ziren protesta egin zutenen eta Espainiako Poliziaren artean, eta, are, hilabeteetara, hainbat lagun atxilotu zituzten: 28 lagun guztira. Desordena publikoko delituak egotzi zizkieten, eta, zenbaiti, baita autoritatearen kontrako atentatu delitua ere.

[articles:2159064]

Gaurko prentsaurrekoan, ostegunean mobilizazioetan parte hartzera deitu dutenek ez diote aipamen zuzenik egin iaz gertatutakoari, baina, izan da haren oihartzunik, zeharka. «Oso ongi ezagutzen dugu zer den antifaxismoaren kriminalizazioa […]. Euskal Herrian hainbatetan osatu dugu faxismoaren aurkako euste hormarik, eta estatu aparatuek hori jarri dute jomugan, besteak beste». Orain, dena dela, faxismoaren kontrako jarrerak eta mobilizazioak areagotzera deitu dituzte herritarrak, «hark gizartean inolako kabidarik izan ez dezan». Ostegunean Gazteluko plaza antifaxismoz betetzea dute xede, horretarako.