Errigora, sustraietatik zerura

Errigora, sustraietatik zerura

Sustraiak zenbat eta sakonagoak izan, orduan eta gorago hel daiteke landarea. Lurrari lotuta hazten da, baina zerura begira luzatzen ditu adarrak. Errigora ere halaxe ari da koskortzen: Nafarroako Erdialdeko eta Hegoaldeko lurretatik abiatuta, bertako nekazaritzan errotu, auzolanaren bidez indartu, eta euskarari gero eta toki gehiago zabaltzea du xede, harik eta espazioraino iritsi arte. Bide horretan egindako lana eta bizipenak bildu dituzte Errigora, sustraitik espaziora dokumentalean. Aintzane Ariztegi (Lekaroz, Nafarroa, 1998) komunikazio arduradunak azaldu duenez, hilaren 24an estreinatuko dute, Lazkaon (Gipuzkoa), eta bihar abiatuko dute Euskarari puzka udazkeneko kanpaina.

Errigoraren hazia 2013an erein zuten, Erriberako zenbait ikastolek bizi zuten «larritasun ekonomikoari erantzuteko». Ariztegiren erranetan, herrigintzan zebiltzan hainbat euskaltzale elkartu ziren, «sosak nondik lortu» pentsatzeko: «Beti erran ohi da Nafarroako Erribera Euskal Herriaren baratzea dela. Horren gibelean industria handi bat dago, eta kausaren mesedetan jardun zezaketela ikusi zuten». Bertako produktuekin saski bat osatu, eta deialdia egin zuten Euskal Herri osotik eskaera egiteko. Hala, ekinaldi hartatik lortutako diruaren laurdena Tuterako (Nafarroa) Argia ikastolari eman zioten. 

Egitasmoaren «arrakasta» ikusita, ondoko urtean berriz antolatzea erabaki zuten. Izan ere, ikastolez gain, AEKk eta euskalgintzako bertze eragile batzuek «premia ekonomiko handia» zuten: «Haien jarduna erabat defizitarioa zen, ez baitzuten bertze lurralde batzuek duten babes instituzionala».

Horrela, hazia ernamuindu, eta landare bihurtu zen. Lau adar sendo ere atera zitzaizkion —euskara, bertako produktuak, nekazariekiko harreman justuak eta auzolana—, eta denak loratu ziren, emankor. «Gure egitasmo guztiek lau adar horiek eduki behar zituzten, betiere Nafarroa Erdialdea eta Hegoaldea izanik enbor nagusi», adierazi du Ariztegik.

Udaberriko kanpaina horri Eskutik eskura deitu zioten: «Urte osoko kontsumoa asetzeko eskaera egitea da kanpainaren filosofia, horregatik, bolumen handiak mugitzen dira». Urteen poderioz, gainera, udaberriko kanpainak «izugarrizko indarra» hartu duelakoan dago.

Aintzane Ariztegi komunikazio arduraduna Errigoraren egoitzan, Berriobeitin. IÑIGO URIZ / FOKU 

Aurtengoa ere «arras ongi» joan dela baieztatu du Ariztegik: «Olioa eta kontserbak saltzen ditugu, eta aurten kontserba sorten zenbatekoa igo egin da, baita eskatzaile kopurua ere». 2013tik zonako euskalgintzari «bi milioi euro baino gehiagoko ekarpena» egitea lortu dutela nabarmendu du: «Kopurua handia izan arren, badugu nora bideratu, beharrizana oraindik eta handiagoa baita. Ez dago euro bat bera ere sobera».

Udaberriko deialdiaz gain, udazkenean ere Euskarari puzka deituriko kanpaina abiaraziko dute. Parte hartu nahi duenak bihartik azaroaren 12ra bitarte egin dezake eskaera. «Errigora.eus atariaren bidez egin daiteke, edo, bertzela, gure auzolangileek herriz herri zabalduko dituzten eskuorriak betez», esplikatu du Ariztegik. Ondoren, «azaroaren akabaila eta abenduaren hasiera bitarte» banatuko dituzte saskiak Euskal Herriko hainbat gunetan.

Hiru saski mota daude. Salduena «saski beltza» da: «60 euro balio du, eta Ager eremuko produktu tipikoak daude». Bortz euro garestiagoa da saski berdea, eta produktu ekologikoz osaturik dago. Gorriak, berriz, 75 euro balio du, eta, Ariztegiren hitzetan, saskirik «bereziena» da: «Eguberrietan oparitzeko aproposak izan daitezkeen produktuak daude, hala nola ardi gasna, polboroiak eta patxarana». Urtero «16.000 saski inguru» saltzen dituzte, eta horien gibelean «24 kontserbagile» eta «seiehun nekazari inguru» daude.

Misioa, iruditan 

Udazkeneko kanpainan «auzolanean» jarriko dute arreta: «Urtero 150 lagun elkartzen gara Ablitasen saskiak osatzeko. Aurten, halako bi biltzea nahi dugu». Parte hartzea sustatzeko, dokumental bat ondu du Ariztegiren lantaldeak: «Indar berezia egin dugu jendeak hasmentako misioarekin konektatzeko, iruditzen baitzaigu jende anitz dagoela Errigora ezagutzen ez duena eta gure misioarekin konekta dezakeena». Dokumentala ikusten duen oro «agente aktibo» bihurtzea gustatuko litzaioke.

Errigora, sustraitik espaziora izena paratu diote filmari: «Euskalgintza sustraitu behar dela uste dugu, amets berriei eusteko, indarrez bultzatzeko, eta euskara espazioraino eramateko». Ariztegik jakinarazi duenez, bideoa hilaren 24an aurkeztuko dute, Lazkaon (Gipuzkoa), eta egun hartan emanen diote hasiera herriz herriko birari: «Hogei bat herritan proiektatuko dugu, eta, emanaldi horiez gain, Errigorako auzolangileei ere aukera eskainiko diegu beren herrietan emateko».

Bi urte behar izan dituzte prozesu osoa burutzeko. «2024ko kanpaina osoa grabatu genuen barnetik, eta hurrengo urteetan ekoizleen bizipenak jaso ditugu, eta baita Errigoraren barne hausnarketak ere», erran du Ariztegik. Haren hitzetan, grabaketa prozesua «arras aberasgarria» izan da: «Batzuetan, inertzian murgilduta gaude, eta dokumentalak aukera eman digu eragileen bizipenen berri bertatik bertara izateko eta gure erroekin konektatzeko».

Lau adar, baina erro bera

Bertako produktuei dagokienez, Ariztegiren erranetan, «gu geu ahalduntzeko manera bat» dira: «Kontsumoak pisu handia du gure bizitzan, eta elikadura burujabetza horren gaineko ardura hartzeko bide bat da; hemen erabakitzea zer eta nola kontsumitu, interes edo erabakigune arrotzen esku ez uzteko». Gainera, Ariztegiren arabera, jasangarritasunaren ikuspegitik «onuragarriagoa» da.  

Adar hori, ezinbertzean, auzolanaren adarrarekin gurutzatzen da. Izan ere, elikadura burujabetza lortzeko, norberaren kontsumoaren gaineko erabakiak hartzea bezain garrantzitsua da bide hori kolektiboki egitea. Ariztegik «funtsezkotzat» jo du auzolana: «Auzolanik gabe, Errigora ez da posible. Helburuak markatzen ditugularik, auzolana da kontuan hartzen dugun oinarrietako bat, eta baita helburua bera ere».

Auzolana osasuntsu mantendu dadin, Errigoraren bertze egiteko bat da ziurtatzea nekazariekiko tratua «justua» dela: «Nekazarien esplotazioa ezin dugu onartu; marra gorri bat da guretzat». Prezioa eta erlazioak egokiak diren baloratzeko, ekoizleekin «ebaluazio dinamika bat» egiten dute urtero: «Ekoizle bakoitzak argitu behar du auzolanean parte hartu duen, euskara plana martxan duen, bertako lehengaia erabili duen eta nekazariekin harreman justua eduki duen».

«Helburuak markatzen ditugularik, auzolana da kontuan hartzen dugun oinarrietako bat, eta baita helburua bera ere»

AINTZANE ARIZTEGI Errigorako komunikazio arduraduna

Horrek etxeko lanak egin beharra dakarren arren, «onurak» ere baditu, Ariztegik ziurtatu duenez: «Errigorak aukera ematen die beren produktuak Euskal Herri osora zabaltzeko». Kontsumitzaileekin eta ekoizleekin ehundutako sareak, gainera, «babestu» egiten ditu: «Elkarren interesak hartzen dira kontuan, oreka bat egon dadin. Ekoizleek estutasunak dituzten garaietan ere, sarea prest dago sostengatzeko».

Aurtengo uda, erraterako, bero boladek markatu dute, eta Ariztegik erran du lehorteak kalte egin diela zenbait laborariren produktuei: «Aurrekoan Urbasako gasna ekoizle batzuekin egon ginen, eta erran ziguten ardi bazka falta zutela». Bertze zenbait produktutarako, ordea, aurtengoa «uztarik onena» izan da.

Klima aldaketaren ondorioez gain, lehen sektoreak arazo gehiagori ere aurre egin behar die; erraterako, nekazari gazteen faltari. «Nahitaez heldu beharko diogu gai horri. Errigoraren helburua errelebo prozesuetan eragitea da, eta urteak daramatzagu horri bueltaka», hausnartu du Ariztegik. 

Errigorak ondutako dokumentalaren irudi bat, 2024ko udazkeneko kanpainan. ERRIGORA

Bertzalde, azken adarra euskararena da, eta Ariztegik kontatu du ekoizle bakoitza «euskara normalizatzeko plan bat» garatzen ari dela. Bakoitzak bere plan propioa du, guztiek ez baitute euskararekiko abiapuntu bera: «Batzuek euskaraz ikasi dute, eta euskara integratu dute haien ekoiztetxean; baina badira bertze batzuk euskararekin inongo loturarik izan ez dutenak, edo beren herrietan euskararen onarpena bertzelakoa dela». 

Hain zuzen, Errigorak «alaba» bat eduki zuen 2019an alderdi horretan eragiteko: Agerraldia. «Konturatu ginen euskalgintzako eragile horiek gaitasuna zutela espazio formaletan eragiteko, baina euskara eragile horien teilatupean gelditzen zen, eta espazio informalean hutsune handia zegoen». Hortaz, Agerraldia proiektua sortzea erabaki zuten, euskara «kalera hedatzeko» eta «prestigioa emateko». Gaur egun, Agerraldiak Euskarari puzka kanpainan bildutako diruaren %25 jasotzen du, AEKrekin, ikastolarekin eta Sortzen elkartearekin batera.   

Ariztegi Baztangoa da, Nafarroa iparraldekoa, baina bere lanagatik harreman handia du Erdialdeko eta Hegoaldeko herritarrekin. Haren ustez, eremu hartan «pauso anitz» ematen ari dira euskararen alde: «Ager eremuan AEKren matrikulazioak izan duen bilakaera ikustea bertzerik ez dago». Euskarekiko jarreran ere aldaketa sumatu du: «Gero eta herri gehiagotara ari da konpromisoa zabaltzen».

«Korrika bezalako erakusleiho gutxi daude Euskal Herrian. Jende gehiagok Errigora zer den jakiteko balio izan du»

AINTZANE ARIZTEGI Errigorako komunikazio arduraduna

Engaiamendu hori ekintza konkretuetan ikus daitekeela nabarmendu du Errigorako kideak, hala nola kaleen izenak euskaratzeko ahaleginean. «Gero eta herri gehiago animatzen ari dira beren kaleen izenak euskaratzera. Bertze lurralde batzuetan aspaldi lortu zuten garaipen hori, baina hemen pisu handia du, eta konpromiso maila jakin bat erakusten du».

Errigora, beraz, fruituak ematen ari da, eta hori eskertzeko 24. Korrikak egitasmoa omendu du aurten. Ariztegik adierazi du AEK eta Errigora elkarren eskutik joan izan direla beti, eta, ondorioz, «aitortza naturala» dela, baina baita «ohore handia» ere: «Korrikaren moduko erakusleiho gutxi daude Euskal Herrian. Jende gehiagok Errigora zer den jakiteko balio izan du».

Sustraietatik aldendu gabe, Errigorak jende gehiago erakartzen eta gorantz egiten jarraituko du. Korrikaren aitortzak suziri gisa balioko dio, egitasmoari indarra eman eta zeruraino bultzatzeko. Agian ez da espazioraino iritsiko, baina gero eta eremu gehiago bereganatuko ditu Nafarroako Erdialdean eta Hegoaldean.