Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak 50. urteurrena ospatzeko besta eginen du hilaren 18an, herrian. Guraso talde batek gela bat ireki zuen Olatzagutian 1969an, eta hori izan zen Altsasun mende erdiz garatu duten proiektuaren oinarria. Altsasu, Olatzagutia, Urdiain eta Ziordiako 307 ikasle ditu.
Edurne Elizondo
Txori txikia da txantxangorria, baina indar handikoa du kantua; Altsasuko Iñigo Aritza ikastola ere halakoxea da: guraso talde batek 1969an Olatzagutian ireki zuen gela txiki bat du oinarri, baina Altsasuko, Olatzagutiko, Urdiaingo eta Ziordiako 307 ikasle hartzen dituen ikastetxe sendoa da gaur. Mende erdiko bidea egin du, eta garatuz joan da, gainera, bide horretan. Bi egoitza ditu egun Altsasun —0-8 urteko haurrentzat bat, eta 9-16koentzat bertzea—, eta ia 50 pertsonako lantaldea. Ikastolak 50. urteurrena ospatzeko besta eginen du hilaren 18an, herrian.
Iñigo Aritza ikastolak txantxangorriaren irudia du ikur; txoriak duela mende erdi egin zuen habia Sakanan, eta Iñigo Aritza ikastolako arduradunek sakandar guztiekin ospatu nahi dute aurtengo urteurren berezia. Ikastolako zuzendari Leire Baztarrikak eta Olatz Aldaz lehendakariak hilaren 18ko bestan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Haiek ere ospatzeko gogoz dira; pandemiak eragindako etenaldia atzean uzteko irrikan dira, eta ikastolaren inguruko familia biltzeko ilusioz.
Iortiako zabalgunean ikasleek eginen dituzten tailerrekin hasiko dute eguna; ekitaldi nagusia eginen dute gero, eta kalejira, bazkaria hasi baino lehen. Haurrentzako jolasak izanen dira arratsaldez, eta erromeria ilunabarrean, eguna bukatzeko, Trikidantz taldearekin.
Hilaren 18an besta egin eta gero, 22koa izanen dute Iñigo Aritzako ikasleek azken eskola eguna; irakasleek, berriz, 30ekoa; Baztarrikak “pixka bat gehiago” gelditu beharko du egoitzan. Bigarren ikasturtea izan du aurtengoa zuzendari gisa, eta bosgarrena, berriz, Altsasuko ikastolan. Azken bi urteotan, pandemiara moldatzea izan da ikastolak aurrean izan duen erronka nagusia, eta onik atera direla uste du Baztarrikak: “Asko ikasi dugu”.
Olatz Aldazek irakasleen “ahalegina” eskertu eta txalotu du: “Ikasleek etxean gelditu behar izan zuten denboran ere, gurasook gertu sentitu dugu ikastola”. Iñigo Aritzako lehendakari ez ezik, ikastetxeko bi ikasleren ama ere bada Aldaz, eta hurbiltasun eta babes horri eman dio balioa.
Iñigo Aritzako ikasle izan zen Aldaz, zentroko ama eta lehendakari bilakatu baino lehen. Oroitu ditu hasierako gurasoek egindako urratsak, Altsasuko eta inguruko herrietako haurrentzat euskaraz ikasteko eskola sortzeko. Aldaz ikasle izan zen garaitik ere aldatu da Iñigo Aritza ikastola, baina zentrotik pasatu diren guztien sokak proiektura lotuta segitzen duela garbi du lehendakariak.
Legeztatu aurreko garaian gurasoek ikastolaren alde egindako apustua nabarmendu du Leire Baztarrikak, batez ere. “Garbi zuten hori zela egin beharreko bidea, eta lan handia egin zuten; baldintzak ez ziren errazak, baina elkarrekin egin zuten aurrera”.
Ikastolako ekologistak
Proiektuari bultza egin zieten familietako bat izan zen Mikel Reparaz kazetariarena. Reparaz ere izan zen Iñigo Aritzako ikasle, OHOko laugarren mailara arte. “Familia Altsasutik Arbizura mugitu, eta Etxarri Aranazko ikastolara eraman ninduten bosgarren mailan. Hasieran sekulako trauma izan zen aldatzea, ikastolakoak bainituen lagunak. Altsasuko ikastolari buruz oroitzapen politak besterik ez dut”, nabarmendu du.
Reparazek oroitu du, adibidez, Naturaren Aldeko Taldea sortu zuela Altsasuko gelakideekin. “Txartela eta guzti genuen”. Ikastola zuhaitz artean dago, eta basora ihes egin zuteneko eguna ere gogoan du kazetariak. “Gurasoek disgustua hartu zuten!”. Institutura joateko garaiak Altsasura eraman zuen Reparaz, berriz ere, ikastolaren ondoan baitu egoitza Sakanako ikasle gehienak hartzen dituen zentroak. Iñigo Aritzako lagunekin haurtzaroan sortutako harremanari eutsi dio, gainera, eta ikastolako bazkariak egiten segitu dute noizean behin.
Lau Oinez eta Joe Cocker
Altsasun egindako Nafarroa Oinez bestak ere gogoan ditu Mikel Reparazek. Besta horiek balio izan dute proiektuak behar zuen babes ekonomikoa lortzeko. Olatzagutiko hasierako gela atzean utzi eta gero, Altsasuko zenbait areto bilakatu ziren ikastolaren behin-behineko egoitza, egungo zentro nagusira mugitu baino lehen. Egoitza nagusian dira 9-16 urte bitarteko ikasleak, eta Txioka izenekoan 0-8 bitartekoak.
1981ekoa izan zen lehendabiziko Nafarroa Oinez, eta Altsasun egin zuten. Iñigo Aritzak 1993an hartu zuen besta, bigarrenez; 2005ekoa izan zen hirugarrena, eta 2018. urtekoa, berriz, laugarren eta azkena. Egon da bertze ekinaldirik Iñigo Aritzaren alde; halere, Reparazek gogora ekarri duenez: “Joe Cockerrek ikastolaren alde jo zuen Altsasun!”. 1989ko uztailaren 15ean egin zuen Cockerrek kontzertu hori, Iñigo Aritzako Guraso Elkarteak antolatuta, Altsasuko Dantzaleku kiroldegiko futbol zelaian. Sei mila pertsona bildu ziren emanaldian.
Altsasuko ikastolak bere bidean motore izan du Oinez bestek eta bertzelakoek emandako babes hori, eta ikastolen inguruko komunitate osoaren elkarlana, bertzeak bertze; eta lortu du, horri esker, proiektu pedagogiko oso bat garatzea. Hori jarri nahi izan du erdigunean Leire Baztarrika zuzendariak, eta “konpetentzietan oinarritutako hezkuntza proiektu bat” dutela erantsi du: “Nahi dugu gure ikasleek rol aktibo bat izatea euskararen eta euskal kulturaren esparruan; espiritu kritikoa duten pertsonak izan daitezela, jakin-mina dutenak, eta gizartean eta herrigintzan parte hartuko dutenak”.
Ikastolak berez duen “izaera publikoa” ere nabarmendu nahi izan du zuzendariak, eta “ateak zabalik” dituztela erran du. Aitortu du badutela “zubiak eraikitzen jarraitzeko beharra”, adibidez migratzaileak euren proiektura batzeko. “Nafarroako instituzioek ez diote euskarari duen balioa ematen, eta hori da gainditu beharreko lehen oztopoa”. Hizkuntza eskubideak aldarrikatzen segitu nahi du ikastolak, besta bazter utzi gabe. 50 urte badirelako ospatzekoak.
Argazki nagusia: Iñigo Uriz / Foku.